Ibaizabal eta Cadagua ibaietan, pantalanak non bai eta non ez, ostalaritza non bai eta non ez. Orain arte, Bilboko Udalera eskaera bat ailegatzean, kasuan-kasuan hartzen zuten erabakia. Aurrerantzean, zehaztuta egongo da leku bakoitzean zer egin ahal izango den. Itsasadarrean eskumena duten erakunde guztien artean Itsasadarreko Erabileren eta Jardueren Garapen Jasangarria Babestu, Kontserbatu eta Sustatzeko Plana ondu dute. Gaur arratsaldean aurkeztuko dute, Udal Plangintzako Aholku Batzordean, eta, prozesu osoa bukatuta, bederatzi hilabeteren buruan Bilboko Udalaren osoko bilkurak onartu eta indarrean sartzea espero dute.
Lau motatako eremutan banatu dituzte ibaiertzak: ingurumena babesteko eremuak, paseorako eta egoteko lekuak direnak, proiektuak aktibatzeko tarteak izango direnak, eta eremu mistoak. Tarte handienak paseorako eta egoteko lekuak izango dira. Ibai bietako ibilguen gorengo tarteetan ingurumenaren babesak izango du lehentasun osoa. Ibilguan behera ipini dituzte tarte mistoak eta proiektuak aktibatzekoak, Euskalduna inguruan hasi eta ibai biek bat egiten duten ingururaino.
Itsasmuseumeko kaia, irlako iparraldeko muturra, Zorrotza muturra eta Elorrieta izango dira proiektuak aktibatzeko eremuak. Olabeaga eta irla lotuko dituzten zubiak eraikitzean, itsasontzi handiak eta masta garaia dutenak ezingo dira Itsasmuseumeko kaira sartu, eta udalak proposatu du irlako iparraldeko muturrean lotzea. Uste du Itsasmuseumeko kaia han inguruko kultur azpiegiturek —Euskalduna jauregiak edo itsas museoak berak— ekitaldiak egiteko leku aproposa izan daitekeela. Itsasadarrarekin lotutako jarduerak bultzatzeko lekua izan daitekeela ere uste dute, ur kirolak eta antzekoak egitekoa. Ontzi arinentzako pantalana jarri ahal izango da, eta uretan kirol eta kultura jarduerak egiteko egiturak ere baimenduko dituzte. Zorrotza muturrean, oraintsu diputazioak eta udalak aurkeztutako ikus-entzunezko hub-a da proiektu nagusia, baina, horrez gain, ostalaritza, pantalanak eta urari lotutako aisialdi proiektuak ere baimenduko dituzte. Irlako iparraldeko ertzean, hiriarentzat estrategikoak izan daitezkeen proiektuak martxan jartzeko baimena emango dute. Asier Abaunza Hirigintza zinegotziak esan du badituztela ideia batzuk buruan, baina ez du adibiderik ipini gura izan.

Eremu mistoak, berriz, leku hauek izango dira Ibaizabalen: Boluetan Telefonicarenak izandako lurretan eraikiko duten parke berria; Areatza inguruan, bi ertzak; Guggenheim museoaren alboko zabalgunea; Botikazahar ingurua; irlako iparraldeko muturra; eta irla Deusturekin eta San Ignaziorekin lotzen duten bi zubien artean irlan bertan eraikiko diren parke biak. Cadagua ibaian, berriz, Zorrotzako Azoka parkeak izango du izendapen hori. Eremu misto horietan ingurumena zaintzearekin batera, aisialdirako elementuak baimenduko dira; pantalanak eta ostalaritza, nagusiki.
Hain zuzen, pantalanei dagokienez, Abaunzak esan du batzuk pribatuak izango direla, erabiltzaile jakin batzuentzat. Esaterako, gaur egun Pio Baroja plazan dagoena bisita turistikoak eskaintzen dituzten itsasontziek baino ezin dute erabili. Ostera, badaude beste pantalan batzuk edonork erabiltzeko modukoak direnak. Adibidez, Euskalduna jauregiaren ondoan dagoenean edozein piragua edo batel lortu daiteke. Horrelakoak ere sustatuko dituzte.
Itsasadarrean eskumena duten erakundeek batera jarduteko protokolo bat sinatu zuten 2023an, eta Itsasadarreko Batzorde Mistoa eratu zuten. Ordutik, Bilboko Udalak egiten du leihatila bateratuaren lana, eta bera arduratzen da beste erakundeetan egin beharreko tramiteez. Zinegotziak esan du hiru urteotan ez dutela jaso jarduera iraunkorrik martxan jartzeko enpresen eskaerarik. «Aldi baterako jarduerak egiteko baimen eskaerak izan dira; adibidez, BBK banku fundazioaren 10. urteurrena ospatzeko Areatza parean egin zen kontzertua». Espero dute aurrerantzean proiektu gehiago ailegatuko zaizkiela.Â