Santurtziko Bihotz Gaztea Ikastolak hartu du Ibilaldiaren lekukoa

Kirikiño ikastolak antolatutako jaialdiaren ostean, Santurtziko ikastolak eman ditu dagoeneko hurrengo edizioaren prestakuntza prozesuaren lehen urratsak.

Aurtengo Ibilaldiaren balantzea eta hurrengo urtekoaren aurkezpena, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Aurtengo Ibilaldiaren balantzea eta hurrengo urtekoaren aurkezpena, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilbo
2026ko ekainaren 30a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskara, euskal kultura eta auzolana. Horiek izango ditu ardatz 2027ko Ibilaldiak. Bagan boga lelopean egingo dute Bizkaiko ikastolen jaialdiaren 48. edizioa, maiatzaren 30ean. Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolak antolatuko du, ikastetxearen proiektua bultzatzeko eta Santurtzin oraindik euskarak bizirik dagoela erakusteko helburuekin. Gaur egin dute aurkezpen ekitaldia, Bilbon. 

Bederatzi urteren ondoren, jaia Santurtzira bueltatuko da. Asier Valle Bihotz Gaztea ikastolako lehendakariak azaldu du pozik egingo diotela harrera: «Askotariko batzordeak daude, eta dagoeneko hasiak dira lanean, Ibilaldi on bat antolatzeko». Idurre Maortuak, ikastolako zuzendariak, datorren urteko jaialdiaren helburuak azaldu ditu; esan duenez, euskara erdigunean jartzen duten ekintzak antolatu nahi ditu ikastolak, eta, horretarako, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean ibili nahi dute. «Saretze bat lortu nahi dugu, eta erakutsi Santurtzin euskara bizirik dagoela», azaldu du Maortuak. 

Bestalde, ikastolak duela hilabete batzuk hasitako sormen prozesuaren lehen emaitzak aurkeztu dituzte. Bagan boga izango da hurrengo urteko leloa, itsas kulturaren «metafora bikaina» dela uste baitute. «Baga-k olatua esan nahi du, eta boga-k aurrera egiteko ekintza», azaldu du Maortuak. Horrez gain, logoan ere Santurtzi irudikatzea nahi izan dute; horregatik, Serama mendia eta Abrako itsasadarra irudikatzen duen olatua agertzen dira, gainean traineru bat duela.

Gainera, jaialdiak ikastetxeari aukera emango dio ikastola bultzatu eta sendotzeko. Horregatik, Ibilaldiari gogotsu ekin diote, «Santurtzin euskara eta euskal kulturaren akuilu izango diren ekintzak antolatu eta ikastolako proiektuari bultzada emateko baliabideak lortzeko asmoz». Maortuak azaldu du Kirikiñokoek —horiek antolatu dute Ibilaldia aurten— ez dietela erronka makala jarri: «Urte osoan eta egunean bertan ikusi ahal izan genuen moduan, jai ederra antolatu zuten, eta saiatuko gara neurri berean lan egiten».

Aurtengo balorazioa

Amaia Galindezek, Kirikiño ikastolako zuzendariak, harro daudela adierazi du: «Bilbok euskaraz arnastu zuen». Ikastolak hasieratik jarritako helburuak lortu zituen, eta «euskara, euskal kultura, hezkuntza eta auzolana izan ziren egun osoan ardatz». Hala ere, zuzendariak azpimarratu du prozesuaren zatirik onena parte hartzaileak izan direla. Horregatik, Haizea Etxebestek, Kirikiño ikastolako lehendakariak, eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten guztiei: «Benetako altxorra harremanak sendotzea, bizipenak sortzea eta komunitatea indartzea izan da». 

Horrela, Kirikiñok Bilbon utzitako arrastoari jarraipena emango dio Bihotz Gaztea ikastolak. Datozen hilabeteetan, 2027ko Ibilaldiaren antolaketan murgilduko dira Santurtzin, euskara eta euskal kultura sustatu eta indartuko dituzten ekimenak prestatzeko, eta herriko eragileekin elkarlanean ibiliz aurten Kirikiñok lortu duen moduko komunitatea sortu eta indartzeko asmoarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA