Indarkeria matxistaren hamar biktima daude eguneko Bizkaian

Indarkeria matxistaren biktimentzako zerbitzuei buruzko informazioa ipiniko du Bizkaiko Diputazioak andreen komunetan, aldageletan eta probageletan.

Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko gerentea, Maria Lopez Negrete Cecobiko burua, Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko Maria Jose Diaz, Teresa Laespada Bizkaiko Berdintasun diputatua eta Oscar Seco Gizarte Kohesiorako zuzendaria. BERRIA
Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko gerentea, Maria Lopez Negrete Cecobiko burua, Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko Maria Jose Diaz, Teresa Laespada Bizkaiko Berdintasun diputatua eta Oscar Seco Gizarte Kohesiorako zuzendaria. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
BILBO
2026ko ekainaren 10a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Andreok komunean sartu eta atea zarratzen dugunean, leku seguru batean gaudela sentitzen dugu. Kanpoan erasotzailea badago ere, arnasa har dezakegun tokia da», esan du Teresa Laespada Bizkaiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak. Iaz, indarkeria matxistaren 3.595 biktima erregistratu ziren Bizkaian. «Izugarria da: hamar biktima eguneko». Horiei guztiei laguntza zerbitzuetara sarbidea errazteko informazioa ipiniko du diputazioak, hain zuzen, herrialdeko ostalaritzako komunetan, aldagela publikoetan eta dendetako probageletan, besteak beste. «Pribatutasuna eta segurtasuna bermatuak dituzten lekuak dira».

Kartel horietan Bizkaiko Foru Aldundiak indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko dituen zerbitzuen inguruko informazioa egongo da. «Poliziarengana laguntza eske joatea zaila da batzuentzat. Emakumeek jakin behar dute badutela beste ate bat zabalik», esan du diputatuak.

Bizkaiko Foru Aldundiak banatuko duen kartela. BERRIA
Bizkaiko Foru Aldundiak banatuko duen kartela. BERRIA

Lehen kolpean 20.000 kartel banatuko dituzte. Ez dira soilik komunetan, aldageletan eta probageletan egongo. Farmazietara ere bidaliko dituzte, dendetako erakusleihoetan ipiniko dituzte, udaletxeetan, osasun zentroetan, ospitaleetan, eskoletan, gizarte zerbitzuetan... «Gizarte osoak izan behar du baliabide hauen berri, denok dugulako indarkeriaren aurka aritzeko betebeharra; inguruan kasuren bat ezagutzen badugu, laguntzekoa eta salatzekoa». Kartel eskera gehiago jaso ahala, gehiago banatuko dituztela esan du diputatuak.

Mota bitako baliabideak ditu diputazioak. Batetik, sexu indarkeriaren biktima izan diren andreei laguntzeko zerbitzua dago. «Larrialdi zerbitzu bat da, zeinak helburu duen epe luzera berreskuratze integral bat lortzea», azaldu du Laespadak. Iaz, 679 emakumeri eman zien laguntza. «Datu beldurgarria da». Bilboko Ledesma kaleko 10. zenbakian du arreta bulegoa zerbitzuak, baina baditu webgunea eta telefono zenbakia ere, eta kartelean daude. 

Laguntza keinua

Beste horrenbeste gertatzen da Ate Morea zerbitzuaren kasuan ere. Indarkeriaren biktima diren andre guztiei eskaintzen die laguntza: gizarte babesa eta hasierako arreta juridikoa ematen dizkie. Iazko ekainean ipini zen martxan, eta gaur arte 131 andreri eman die arreta. Kartelean haren webgunerako sarbidea den QR kodea eta telefono zenbakia daude. Horrez gainera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarkeria matxistari aurre egiteko erabiltzen den telefono zenbakia ere ipini dute.

Zerbitzuen informazioarekin batera, diputazioak irudi bat gehitu gura izan du karteletara: arriskuan daudenek laguntza eskatzeko zer keinu egin behar duten azaltzen du. «Nazioarte mailan batasuna dago haren inguruan. Garrantzitsua da noizbait erabiltzeko beharra dutenek ezagut dezatela, eta baita gizarte osoak ere, inguruan haien laguntza behar duen andre bat dagoela ohartzeko». Atzamar lodia ukabilaren barruan sartzean datza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE