Itsasoari lotutako enpresek 966 milioi euro sortzen dituzte Bizkaian

Bizkaiko Foru Aldundiak egindako azterlan baten arabera, lurraldeko langileen %3,3k egiten dute behar itsasoari lotutako enpresetan; hau da, 17.400 lagunek. Sektorea indartzeko proposamenak egin ditu.

Aerosorgailu bat, Lemoizko BIMEP ikerketa gunean, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Aerosorgailu bat, Lemoizko BIMEP ikerketa gunean, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko martxoaren 1a
08:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herrian kostalde luzeena duen lurraldea da Bizkaia, 150 kilometro, eta, ondorioz, itsasoak eragin handia du hainbat arlotan. Besteak beste, ekonomian. Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen arabera, ekonomia urdina deritzonean egiten dute behar bizkaitarren %3,3k —17.400 lagunek—, eta Bizkaiko balio erantsi gordinaren %2,5 sortzen dute —966 milioi euro—. Europarekin alderatuz, itsasoari lotutako ekonomiak pisu erlatibo handiagoa du Bizkaian.

Diputazioak egindako azterlanaren arabera, ekonomia urdinean 209 enpresa dabiltza Bizkaian. Horietatik 28 enpresa bultzatzaileak dira, inbertitzeko, nazioarteratzeko eta ikerketa eta garapenerako gaitasun handia dutelako. Enpresa horiek azpiegitura estrategikoetan daude batez ere; hala nola Bilboko, Bermeoko eta Ondarroako portuetan, itsas zabaleko plataformetan, zentro teknologikoetan eta unibertsitateetan, sektoreko klusterretan eta eskualdeko garapen agentzietan.

Ekonomia urdina nagusi den lurraldeetan itsas turismoak pisu handia izan ohi du, baina ez da hala gertatzen Bizkaian. Sektore horren oinarri nagusiak itsas garraioa (%44), portuetako jarduerak (%18), itsasoko energia berriztagarriak (%11), arrantza (%10) eta ontzigintza eta konponketak (% 8) dira. Tokian-tokian ekonomia urdinak duen pisuari erreparatuta, kostaldeko eskualdeak nabarmentzen dira. Busturialdean eta Lea-Artibain, arrantza eta kontserba sektoreek pisu handia dute. Bilbon eta haren metropolian, Bilboko portua, logistika eta itsas garraioa dira sektorearen indarguneak. Uribe Kostan, berriz, bioteknologiaren eta offshore energiari lotutako jarduera berriak bultzatu dituzte.

Akuikultura eta beste

Diputazioak landutako txostenean negozio aukera berriak proposatu dituzte. Horretarako, Bizkaia Blue Innovation Hub izeneko egitura sortu gura dute, itsasertzeko hainbat lekuren arteko saretzea indartzeko. Akuikultura sustatzea ere lehentasun moduan ezarri dute, enplegu industriala eta dibertsifikazio ekonomikoa bultzatzeko, Ondarroa-Lekeitio eta Lemoiz-Plentzia ardatzetan. Bermeoko portuaren eraldaketa eta handitzea aprobetxatzeko deia egiten dute txostenean, beste jarduera batzuk erakartzeko —itsas garraioa eta logistika, berbarako—; tokiko industria indartuko litzateke eta beste batzuk sortzen lagunduko luke. Industria nautikoa garatzea eta itsas mugikortasun iraunkorra sustatzea ere proposatu dituzte. Halaber, txostenean jaso dituzte portuko hondakinak eta itsas baliabideak berrerabiltzea eta ontzioletan merkataritza eta jolas ontzi jasangarrietan espezializatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.