Karmela, hamar urtez auzogintzan

Euskal Herriko gune autogestionatuen tradizio luzean, esperientzia berritzailea da Karmelarena, Bilboko Santutxu auzoan. Hamar urte eman dituzte «auzoaren behar sozial eta kulturalak asetzen», eta orain urteurrenaren ospakizunetan murgilduta daude.

Karmelako kide Unai Txurruka eta Irati Gutierrez. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Karmelako kide Unai Txurruka eta Irati Gutierrez. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko urriaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orduagatik, ume ahotsez beterik egon beharko luke ikastola zaharreko patioak Santutxun (Bilbo). Hutsik eta isilik dago, ordea; auzoko ikastola aspaldi aldatu zen beste eraikin batera. Horrek, baina, ez du esan nahi ikastola zaharrak umeen jolasetarako aterpe izateari utzi dionik. Astero-astero, auzoko haurrek urtebetetzeak ospatu ohi dituzte han, eta beste hainbat jarduera ere egiten dituzte eskola izandako eraikinean. Haurrek ez ezik, auzoko gazteek, zaharrek, kirol elkarteek, talde feministek, migratzaileek eta abarrek habia egin dute etxean.

Duela hamar urte sortu zen Karmela egitasmoa, eta denbora horretan esperientzia berritzailea izan da Euskal Herriko gune autogestionatuen tradizio luzean. Karmela ez da gaztetxe bat, ez da kultur etxea edo gizarte zentroa, baina funtzio horiek eta gehiago betetzen ditu, betiere komunitatean, autogestioan eta herritarren antolakuntzan oinarrituta.

Auzokideek 2015eko azaroaren 14an okupatu zuten eskola zaharra, baina egitasmoa urte hasieratik «egosten» ibili ziren Santutxuko eta Atxuriko zenbait eragile eta lagun. Ordurako eraikinak bi urte zeraman hutsik: «Pena handia zegoen horrelako leku handi bat itxita ikusita», azaldu du Irati Gutierrez (Bilbo, 1986) Karmelako kideak. «Santutxun jende pila bat bizi da, azpiegiturak gutxi dira eta beharrak, aldiz, oso handiak. Lekua oso egokia zen proiektu komunitario eta kolektibo bat antolatzeko».

(ID_15394958) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-10-07, Bilbo. Bilboko Santutxu auzoko Karmela gune okupatuak hamar urte beteko ditu a...
Karmelako guneetako bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Unai Txurruka Karmelako kideak azaldu duenez (Soraluze, Gipuzkoa, 1986), duela hamar urte eraikinera sartu zirenean proiektuak ez zuen oraindik izenik. «Baina orduan hasi ginen horren inguruan amesten, eta, batez ere, bi galderari erantzun nahi genion: zer izan nahi genuen, eta nola antolatu nahi genuen».

Hurrengo aste eta hilabeteak mugimendu handikoak izan ziren: inauteriak antolatu zituzten, zenbait talde eta elkartek eraikinera eraman zituzten euren eguneroko jardunak, eta, batez ere, gogoetari ekin zioten, lehen aipatutako bi galdera horien inguruan: «Guk bagenekien behar handia zegoela, baina bagenuen kezka: hain leku handia izanik, ekinbidez betetzen asmatuko ote genuen», gogoratu du Gutierrezek. «Eta ikusi genuen oso azkar batu zirela talde eta elkarteak, eta beharra guk uste baino handiagoa zela».

Egitasmoa ez zen hutsetik abiatu. Auzoko eragileek aldez aurretik egindako lanaz gain, kontuan hartu behar da Santutxuk auzolanari eta herri mugimenduei lotutako tradizio joria duela, eta aurreko hamarkadetan Sorgintxulo, Lakomi eta Uztaldi gaztetxeak egon zirela auzoan, besteak beste. Gutierrez: «Orain Karmela dugu, Santutxun lehenago okupazio mugimenduari lotutako beste esperientzia batzuk egon zirelako, eta gazte mugimendua eta autogestiorako grina oso indartsuak izan direlako historikoki. Aldaketa nagusia da Karmela ez dela gazte asanblada batetik sortu, eta belaunaldien arteko egitasmo bat dela. Hasiera-hasieratik, gazte asanblada zein pentsiodunen elkarteak partaide izan dira proiektuan».

«Karmelako atea zeharkatzen duen edonor ari da proiektuan parte hartzen. Ez dago erabiltzaile edo kontsumitzaile huts den inor»

IRATI GUTIERREZ Karmelako kidea

Eta nola erantzun zioten Karmelako kideek proiektuaren ezaugarrien inguruko galderari? «Hasieratik oso argi izan genuen bere burua kudeatutako proiektu bat izan behar zuela, kudeaketak zerbait herritarra izan behar zuela», azaldu du Gutierrezek. «Beste aldetik, pentsatzen genuen zerbait zabala izan behar zuela, askotarikoa, muinean elkarlana eta elkartasuna izango zuen proiektu bat, mota askotako jendeari irekia. Eta, azkenik, aurreikusten genuen proiektua dinamikoa izango zela eta, seguru asko, denboraren poderioz aldatuz joango zela».

Bat dator horretan Txurruka: «Auzoko eta Bilboko behar sozial eta kulturalak aseko zituen proiektu bat nahi genuen, eta Karmela hori da, baina, gainera, elkargune bat ere bada, sinergiak sortzen dituen leku bat. Bizi gara hiri eredu batean non herritarrak bakarturik gauden eta ikusle pasibo eta kontsumitzaile izatera bultzatzen gaituzten. Guk beste eredu batean sinesten dugu, eta horren aldeko ekarpena egin nahi dugu: elkartasunean eta auzolanean oinarritutako eredua. Azken finean, jendartea antolatzeaz hitz egiten ari gara».

Antolatzeko moduak

Autogestioan oinarritutako egitasmoa izaki, Karmelako kideek argi izan zuten hasieratik batzarrak izan behar zuela proiektuaren harroina. Gaur egun, astean behin biltzen dira, eta urtean hiru aldiz batzar orokorra egiten dute, proiektuaren norabidea eta urteko erronka nagusiak definitzeko.

Baina talde eta elkarte asko dira Karmelako partaide, eta horiek ere antolakuntzan nola txertatu izan da kideen kezketako bat. Koordinazio taldeak betetzen du eginkizun hori. Eraikinak bost gune nagusi ditu: Topalekua, Kontrakultura Gunea, Sei Izar, Mari Arkota eta A2, eta bakoitzean hainbat talde aritzen dira; gune bakoitzak bi ordezkari bidaltzen ditu koordinazio taldera, eta bi hilabetean behin elkartzen dira.

Beste erronka bat ere izan dute Karmelako kideek, antolakuntzari dagokionez: «Parte hartzaileen eta erabiltzaileen arteko dikotomia» gainditzea, Gutierrezek azaldu duenez. «Guk honako ideia hau sustatu nahi dugu: Karmelako atea zeharkatzen duen edonor ari da proiektuan parte hartzen. Ez dago erabiltzaile edo kontsumitzaile huts den inor. Ikastaro batera etortzen bazara eta hau zure etxe bilakatzen baduzu, parte hartzailea zara, eta baduzu aukera eta konpromisoa proiektuaren inguruko erabakietan esku hartzeko».

(ID_15394998) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-10-07, Bilbo. Bilboko Santutxu auzoko Karmela gune okupatuak hamar urte beteko ditu a...
Kultur jarduerak antolatzeko gunea, Karmelan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Topalekua, izenak berak iradokitzen duen moduan, eraikinean parte hartzen duten talde eta kolektiboak elkartzeko gunea da, eta han daude, esaterako, esku pilotako taldea, haurren urtebetetze ospakizunak kudeatzen dituena, Atxuri Harrera elkartea eta Euskal Herriko Casteller Taldea; ludoteka ere gune horretan dago.

Mari Arkota izeneko lekuan, berriz, rokodromoa dago, eta Sugoi zirkuak, eskalada taldeak, kontsumo elkarteak eta «gorputz askerako aktibismoa» lantzen duten beste zenbait taldek erabiltzen dute. Goiko solairuan Kontrakultura Gunea dago, eta han liburutegia, zinema eta sorkuntza laborategia daude, eta, besteak beste, euskara eskolak ematen dituzte. Gimnasioak Sei Izar du izena, 1995ean Pirinioetan hildako Santutxuko sei mendizale gazteen omenez, eta han euskal dantzak, boxeoa, yoga, autodefentsa feminista eta kirolarekin eta soinketarekin zerikusia duten beste hainbat jarduera egiten dituzte.

Bosgarren guneak A2 du izena, eta auzoko eta Bilboko elkarte eta eragileen txokoa da. Han daude Sukar Horia, Kranba konpartsa, Santutxuko Gazte Asanblada, Poliamor elkartea, Ai Dragmela drag kolektiboa, Ozen eta Akelarre talde feministak, rol jokoen zaleek osatutako Satabi taldea eta beste hainbat.

Orotara, 30 bat taldek dute Karmela ohiko etxetzat, baina hamaika dira eraikina inoiz erabili dutenak edo han ekitaldiren bat antolatu dutenak. Txurruka: «Duela zenbait urte horien zerrenda bat egiten ahalegindu ginen, eta 150 inguru zenbatu genituen. Orain askoz gehiago izango dira; astean hamar bat mezu jasotzen ditugu, eraikinean zerbait antolatzeko eskaera eta proposamenekin».

Hamar urte hauetan, mota askotako ekitaldiak antolatu dituzte Karmelako eraikinean zein patioan: inauteriak, futbol txapelketak, musika emanaldiak, ikastaroak eta abar. Auzoko elkarteen jarduerak isla du Karmelan, eta alderantziz; Karmelak ekarpena egin ohi du auzoan antolatzen diren jardueretan, eta, adibidez, Euskara Astean parte hartzen du. «2018ko udan errefuxiatu pila bat iritsi zen Bilbora, eta larrialdi horri erantzun bat emateko 200 bat laguni ostatu eman genion etxean», gogoratu du Txurrukak. Gaur egun Atxuri Harrera taldea Karmelako partaide da, eta migratzaile batzuek han uzten dituzte haien motxila eta bestelakoak. Elkarbizitza Mahaia ere eratu dute auzokideekin, haiekin harremana erraztu eta jarduerek sor ditzaketen arazo eta eragozpenak konpontzeko; atari bakoitzean auzokideek badute patioko sarrerako giltza.

Udalaren jarrera

Karmelak Bilboko Udalarekin izan duen harremana gorabeheratsua izan da. Gutierrez: «Hasieran, hemen zerbait gertatzen ari zela ikusi zutenean, lehenengo bilera batzuetara deitu gintuzten, eta esan ziguten legez kanpoko zerbait egiten ari ginela eta alde egin behar genuela».

«Eraikina udalarena da, baina guk ez dugu inoiz horren jabetza eskatu; guk eraikinaren erabilera herrikoiaren alde egin dugu beti, eta hasieratik prest agertu ginen udalarekin negoziatzeko, betiere erabilera herrikoi hori bermatze aldera», azaldu du Txurrukak. Denboraren poderioz, udalak jarrera aldatu zuen, eta, azkenean, lagapen akordio bat izenpetu zuten Karmelako partaideekin. «Horrela kontatuta, badirudi oso prozesu erraz eta azkarra izan zela, baina buruhauste handiak eman zizkigun horrek, eta proiektuaren egunerokoa asko baldintzatu zuen», esan du Gutierrezek.

«Guk beste eredu batean sinesten dugu, eta horren aldeko ekarpena egin nahi dugu: elkartasunean eta auzolanean oinarritutako eredua»

UNAI TXURRUKA Karmelako kidea

Urteurren ospakizunek urte oso bat hartuko dute, eta Hamarkada herrikada izango dute goiburu. Azaroaren 14an hasiko dira: aurkezpen ekitaldia egingo dute, kalejira batek auzoa zeharkatuko du, eta hurrengo egunean, azaroaren 15ean, Karmelako ateak irekiko dizkiete auzotarrei eta goiz-goizetik hainbat ekitaldi egingo dituzte, bazkaria eta guzti. Arrats partean, berriz, eta egun horretan Bilbon Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko futbol partida izango dela kontuan hartuta, bat egingo dute Bizkaiko hiriburuan Palestinaren alde antolatuko diren elkartasun adierazpenekin, eta iluntzean kontzertua egingo dute Zazpi Katu gaztetxean.

Hurrengo hilabeteetan ere hainbat ospakizun egingo dituzte; horien berri aurrerago emango dute, baina iragarri dute 2026ko inauteriak «bereziak» izango direla, eta udaberri aldera amaituko dituztela ospakizunak, beste jai handi batekin.

Karmela egitasmoa osasuntsu iritsi da hamar urte betetzera. Txurruka: «Horrelako herri proiektuek badituzte euren buruhauste, neke eta ahuleziak, baina hori ere proiektuaren osagaia da. Nik esango nuke indartsu, pozik eta jarraitzeko gogoz gaudela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.