Labayru fundazioak bizkaieraren gramatika sareratu du

Labayru Gramatika urteetan egindako lanaren emaitza da. Tresna baliagarria da mendebaldeko euskalkia hobeto ezagutzeko eta erabili ahal izateko.

'Labayru Gramatika' webgunearen irudi bat. BERRIA
'Labayru Gramatika' webgunearen irudi bat. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko urtarrilaren 20a
08:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteetako ikerketaren eta lanaren emaitza sarean ipini du Labayru fundazioak: Labayru Gramatika. Gramatika.labayru.eus webgunean bizkaieraren ezaugarri morfologiko, sintaktiko eta ortotipografikoak batu dituzte, mendebaldeko euskalkia hobeto ezagutu eta erabili ahal izateko, «prestigioa emateko» ez ezik. Webguneko edukiak askotarikoak dira: deklinabidea, aditza, graduatzaileak, postposizioak, perpaus motak...

Euskaraz aritzen direnentzat eta euskaraz idatzi gura dutenentzat erabilgarria izango da tresna berria. Zalantzak argitzeko oso baliagarria izango da, fundazioak adierazi duenez: «Bizkaitarrok zalantza daukagu askotan: hau batuan ondo esanda dago? Bizkaieraz ondo badago, euskara ona da». Bizkaierak baditu egitura batzuk bere-bereak, eta, halakoetan, bizkaieraren eta batuaren arteko aldeak zeintzuk diren azaldu dute. Beste batzuetan, bizkaieraz idatzi gura dutenek dudak izaten dituzte aditzari edo lotura hitzei buruz, berbarako. Horiek argitzen ere lagunduko du webguneak. «Lan honen asmoa da testuak sortzeko eredu eta baliabideak eskaintzea, idatzizko iturririk esanguratsuenak eta gaur egungo hiztun jatorrek darabiltzaten egiturak kontuan hartuta», azaldu dute. Idatzizko iturriei besteko garrantzia eman diete ahozkoei.

Gramatikako kontzeptuen deskribapen eta azalpenekin batera, adibideak jarri dituzte, egitura bakoitza erabilerarekin lotzeko. Artikulu bakoitzean oharrak, proposamenak eta galderak egiteko aukera dago. «Gramatika honek mendebaldeko euskara edo bizkaiera estandarra finkatzen du, betiere euskara batuarekiko lokarriak ugariak edo estuagoak izan daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.