Urrian hasiko dituzte Lagako hondartzako aparkalekuan dunak sortzeko lanak. Izan ere, Ibarrangeluko Udalak eta Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzak adostu dute aparkalekua erabilgarri egotea uda honetan ere. Azarotik behin betiko zarratuta egon da, eta joan den asteburuan arazoak izan ziren, hondartzara autoz joandako jendetzagatik. Carlos Garcia ordezkariordeak jakinarazi duenez, erakundeak lanean ari dira irtenbideren bat bilatu eta hala ingurua «birnaturalizatzeko» lanak eta herritarrek hondartzaz gozatzea bateragarri egiteko. Hala ere, ohartarazi du oraingo erabakia behin-behinekoa dela: «Paradigma aldaketa bat behar da: ezin gara ibilgailu pribatuan joan hondartzara; garraio publikoa erabili behar da».
Ikusi gehiago
Maiatzaren 16an hainbat herritar elkartu ziren hondartzan bertan, Laga Baketan Laga plataformakoek deituta. Espainiako Kosta Zuzendaritzaren proiektua «ekologikoki kontraesankorra» iruditzen zaie, uste dute-eta artifizialduta dagoena naturalizatzeko eremu naturala hondatuko dutela. Horregatik, egitasmoa bertan behera uzteko eskatu dute. Aurretik beste elkarretaratze batzuk ere egin dituzte, eskaera horiek berak zabaltzeko. Erakundeen asmoa da aparkalekua kendu eta hondartzatik hartutako harearekin dunak sortzea. Era berean, inguruko arboladi batean eraiki asmo dute aparkaleku berria. Proiektuak Ibarrangeluko Udalaren eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuaren oniritzia du.
Ordezkariordeak esan du ezinbestekoa dela inguru horretan kostaldea naturalizatzea: «Klima larrialdiari aurre egiteko egokitu behar da. Erosioari eta uholde arriskuari aurre egiteko, erresilientzia naturala indartu behar da». Asmoak aurrera eginez gero, hilabete eta erdi iraungo dute lanek, eta 155.000 euroko aurrekontua izango dute. 4.000 metro koadro hartuko ditu duna berriak, aparkalekuak beste.