Lagako hondartzan obrak egitearen aurka mobilizatuko dira zapatuan

Espainiako Kosta Zuzendaritzak duna bat sortu gura du ekialdeko aparkalekuan, hondartzako harea erabilita, eta aparkaleku bat eraiki orain arbolak dauden inguru batean.

Lagako mendebaldeko duna, iaz. BERRIA
Lagako mendebaldeko duna, iaz. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko maiatzaren 14a
15:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Artifizialduta dagoena naturalizatzeko, naturala den hori hondatu. Funtsean, hori egin gura du Espainiako Kosta Zuzendaritzak Ibarrangeluko Laga hondartzan, Laga Baketan Laga plataformakoen esanetan. Hain zuzen, ekialdeko aparkalekua dagoen lekuan dunak sortzea da proiektuaren helburua; horretarako hondartzako harea erabiliko dute, eta beste aparkaleku bat eraiki gaur egun gune natural  bat dagoen lekuan. «Ekologikoki kontraesankorra» iruditzen zaie plataformako kideei, eta proiektua gelditzea gura dute. Hori eskatzeko elkarretaratzea egingo dute zapatuan 11:30ean, hondartzan bertan.

Azarotik aparkalekua zarratuta dago lanak egin ahal izateko. Proiektuaren arabera, aurtengo lehen seihilekoan hastea da asmoa. Asmoak aurrera eginez gero, hilabete eta erdi iraungo dute lanek, eta 155.000 euroko aurrekontua izango dute. 4.000 metro koadro hartuko ditu duna berriak, aparkalekuak beste. Plataformakoek txarretsi dutenez, makina astunak sartu asmo dituzte hondartzara harea hartzera, bai lehorra bai uretan dagoena. Salatu dute horrek kalte egingo diela florari eta faunari, eta orografia ere aldatuko duela, itsas hondoak, olatuak eta itsas korronteak eraldatuko direnez gero. Laidarako bidean dagoen arboladi bat ere suntsitu asmo dute aparkaleku berria egiteko. Lehen pausoa litzateke hori, Kosta Zuzendaritzaren asmoa baita etorkizunean aparkaleku guztiak kendu eta inguru guztia dunaz betetzea, «jatorrizko egoera naturalera bueltatzeko».

Gaur egun, 40.000 metro koadro duna daude Lagako hondartzan. «26 urtez errespetatu eta zaindu dira, eta hala egingo da aurrerantzean ere, ingurunearen eta ekosistemaren parte garrantzitsua dira eta. Ez dago frogatuta helburu ekologikoen mesedetan gehiago zabaltzeko beharra dagoenik», ohartarazi dute. Gainera, plataformakoek adierazi dutenez, «dokumentatuta» dagoenaren arabera, sortu asmo duten inguruak ez du zer ikusirik lehengo Lagarekin. Horregatik, ez dute ulertzen zergatik sortu gura duten beste duna inguru bat.

Salatu dutenez, proiektuaren inguruko informazio publikoa falta da. Gainera, lanak egiten badira, eragin handia izango dute tokiko ekonomian. Adierazi dute obrek eta aldaketek kalte egingo dietela inguruko tabernei eta surf eskolei. Hondartzara joan ohi direnek ere igarriko dute, ekialdeko aparkalekua kentzean toki gutxiago izango baitira autoa uzteko: 250 eta 300 artean kenduko dituzte. Ondorioz, erabiltzaileek Ibarrangelun eta inguruko auzoetan aparkatu beharko dute, eta arazoak sortu leku horietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA