Laukiz, Bizkaiko herririk aktiboena

Bizkaiko 63 udalerri aritu dira diputazioak antolatutako Kirolur erronkan, eta Laukizko taldea gailendu da. Guztira 16.411 parte hartzaile izan dira, eta 1.757.916 kilometro osatu dituzte 142.119 jardueratan.

Leixuri Arrizabala Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatua, Carlos Sergio Kirol zuzendaria eta Kirolur lehian lehen sei postuetan geratu diren udalerrietako alkateak, Bilbon. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Leixuri Arrizabala Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatua, Carlos Sergio Kirol zuzendaria eta Kirolur lehian lehen sei postuetan geratu diren udalerrietako alkateak, Bilbon. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko azaroaren 24a
06:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko zein herri da kirolariena? Nongoak mugitzen dira gehien? Galdera hori bota zuen Bizkaiko Foru Aldundiak udaberrian, eta badu erantzuna: Laukiz. Loiu, Karrantza, Errigoiti, Muskiz eta Zierbena geratu dira zerrendan haren atzetik. Denek izan dute saria: diputazioak 15.000 euro banatu ditu seien artean, sailkapenean izan duten lekuaren arabera, tokian tokiko klubentzako kirol materiala erosteko.

Europako Kirol Lurraldea da Bizkaia aurten, Kirolur lelopean, eta izen hori hartuta herrien arteko lehia antolatu zuen diputazioak. Gailu elektronikoetarako Wellk aplikazioaren bitartez, kilometroak zenbatu dituzte, eta gehien bete dituen herriak irabazi du. Oinez, korrika, bizikletaz... Herritarrek mugitu besterik ez dute egin behar izan. Hiru etapa izan ditu lehiak: udaberrikoa, udakoa eta udazkenekoa. Hiruretako emaitzak batuta lortu du Laukizek garaipena.

Bizkaiko 63 udalerrik eman zuten izena. Guztira, 16.411 parte hartzaile izan dira, eta 1.757.916 kilometro osatu dituzte 142.119 jardueratan. Parte hartzaileen %46,2 andreak izan dira, eta 43 urte izan dituzte batez beste. «Datu hauek erakusten dute lortu dugula ariketa fisikoa milaka bizkaitarren egunerokoaren parte izatea», nabarmendu du Leixuri Arrizabalaga Kultura, Kirol eta Euskara diputatuak. Izan ere, hori izan da erronka honen helburua. «Bizkaitarrak aktibatu gura izan ditugu, eta ohitura osasuntsuak sustatu dinamika parte hartzaile eta kolektibo baten bitartez».

Ion Gorka Elgezabal Laukizko alkatearen esanetan, eurena beti izan da herri oso aktiboa eta kirolaria. Berbarako, sokatira talde garrantzitsua dute, goi mailakoa, munduko txapelketetan zortzi urrezko domina lortu dituena. Hain zuzen, haientzat izango da herriak irabazitako diruaren parte bat. Bestea udal gimnasioa material berriz hornitzeko erabiliko dute.

Lehiarako grina

Laukizen, berrehun herritarretik gora izan dira aplikazioan izena eman eta kilometroak osatzen ibili direnak. Alkatearen esanetan, laukiztarren artean ohitura handia dago oinez eta bizikletaz ibiltzeko. Badaude jarduera horiek egiteko elkartzen direnen taldeak, zaletu moduan bada ere. Diputazioaren erronka ailegatu zitzaienean, izena emateko deia egin zien udalak herritarrei, baina, Elgezabalen arabera, ez zuen askorik tematu behar izan, parte hartzaileetako askok lehendik ere barneratuta zeukatelako ariketa fisikoaren garrantzia. Gainera, udaberriko etapan garaile suertatu ziren, eta horrek lehiarako grina areagotu zuen Laukizen. Hurrengo etapetarako jende gehiagok eman du izena.

Alkateak uste du erronkak arrasto polita utziko duela herrian. «Jendeak oso balorazio ona egin du: esan digute gehiago aktibatzeko balio izan diela eta osasunean ere igarri dutela kirol gehiago egin dutela». Hala ere, aitortu du ez dela erraza izango aurrerantzean hilabeteotako erritmoari eustea. Hori izango dute erronka.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA