Enogastronomia

Lehen Txin Txin Fest jaialdia ospatuko dute asteburu honetan Bilboko Areatzan

24 upategik hartuko dute parte festibal enogastronomikoan. Ardo dastaketek, plater tradizionalek eta zuzeneko musikak osatuko dute programazioa.

Haizea Aretxabaleta, Nora beltrán de Otalora, Garikoitz Rios, Arantza Atutxa, Javier Garcinuño eta Andoni Bringas Txin Txin Fest-en aurkezpenean, Bilbon, hilaren 15ean. BIZKAIKO TXAKOLINA
Haizea Aretxabaleta, Nora Beltran de Otalora, Garikoitz Rios, Arantza Atutxa, Javier Garcinuño eta Andoni Bringas Txin Txin Fest-en aurkezpenean, Bilbon, hilaren 15ean. BIZKAIKO TXAKOLINA
Leire Rodero
Bilbo
2025eko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bilboko Areatza aire zabalean antolatutako upategi handi bihurtuko da bihar eta etzi, lehen Txin Txin Fest jaialdian. Bizkaiko Txakolina elkarteak bultzatutako jaialdi enogastronomikoa ospatuko dute hiriburuaren bihotzean. 24 upeltegi eta hirurogei txakolin baino gehiago bilduko dituzte bertan. Ardo berri urtetsuak, ardo apartsuak, onduak, partzelarioak edo sulfitorik gabekoak aurkeztuko dituzte.

«Txin Txin Fest kalitatezko jarduera enogastronomikoa da, Bizkaiko Txakolina elkarteak ardoez gozatzeko eskaintzen duen aukera paregabea», azaldu du Garikoitz Riosek, elkarteko presidenteak. «Bisitari asko etortzea baino, agertzen direnek txakolinarekiko benetako interesa izatea nahi dugu. Gure helburua esperientzia berezia lortzea da», erantsi du.

Ekitaldiaren erdigunean upategi handi bat izango da. Dastaketa gela ere egongo da, eta hamar saio egingo dituzte, sommelier batzuek zuzenduta. Maider Zalduondo Bizkaiko Txakolinaren komunikazio arduradunak esan du festibala harrera ona izaten ari dela: «Dastaketak webgunetik erreserba daitezke. Publikoaren erantzuna oso ona izaten ari da». Zalduondok gaineratu du umeentzako tailerrak eta Bizkaiko plater tradizionalak izango dituen gune gastronomikoa egongo dela, baita parte hartuko duten upategietako txakolina erosteko gunea ere. Ordutegia 12:00etatik 22:00etara izango da larunbatean, eta 12:00etatik 16:30era igandean. Musika ere izango da.

Lurraldeari omenaldia

Ander Arrizabalaga eta Xabier Zubiaga sukaldariak izango dira ekitaldiaren komisarioak. Sukalkia eta bakailaoa eskainiko dituzte, besteak beste. Josepa Kale Kale, Lorrantz, AIKO, Txalaparta Experience, Euskorleans, Ondalan konpartsako erraldoiak eta haurrentzako jarduerak ere izango dira ekinbide enogastronomikoan.

TXIN TXIN FEST

  • Bihar. 
    • 12:00. Uzta eta mezulari berrien aurkezpena.

    • 12:00-15:00. Haurrentzako tailerrak.

    • 12.30. Josepa Kale Kale.

    • 12:30-14:30. Ardo dastaketak.

    • 15:00. Lorratz.

    • 17:00-20:00. Haurrentzako tailerrak.

    • 18:00. Dantzaldia Aiko taldearekin.

    • 18:30-21:00. Ardo dastaketak.

    • 20:00. Txalaparta DJ experience.

  • Etzi.
    • 12:00-15:00. Haurrentzako tailerrak.

    • 12:30. Ondalan konpartsako erraldoiak.

    • 12:30 - 14:30. Ardo dastaketak.

    • 14:00. Euskorleans.

Areatzak topagune gisa duen sinbolismoa azpimarratu du Javier Garcinuño Bilbao Ekintzako zuzendariak. «Proiektu hau Bilboren bihotzean jaio da, historiak, tradizioak, modernitateak eta eguneroko bizitzak bat egiten duten tokian. Gure hiriko gastronomia ez da zaporea bakarrik. Gure nortasunaren ezaugarri maiteenetako bat ere bada». Garcinuñok erantsi du hiri jasangarri, moderno eta harro bat islatzen duten ekimenak babestu nahi dituztela.

Enbaxadore berriak

Antolatzaileek aurreratu dutenez, jaialdiaren une berezienetako bat mezularien izendapen ekitaldia izango da. Mezulariek txakolinaren arima islatzen dute, eta «gertutasuna, benetakotasuna eta tokian tokiko konpromisoa» adierazten dituzte. Aurten, Getxoko Baste tabernako Alvaro, Adrian eta Raul Cardoso anaiak izango dira enbaxadoreak.

Arantza Atutxa Bizkaiko Foru Aldundiko Igurumen Naturaleko diputatuak azaldu duenez, «Txin Txin Festen helburu nagusia botila bakoitza posible egiten dutenak omentzea da. Nekazarientzako aitortza da, baita txakolinaren eta Bizkaiaren arteko batasun historikoa gogoratzeko modua ere». Bitxikeria batzuk ere ekarri ditu gogora; adibidez, Portugaleten ezin zela kanpoko ardorik saldu txakolina amaitu arte. «Hori dela-eta deitzen zaie jarrillero portugaletetarrei. Eta Begoña auzokoei, matsorriak, mahats orriei erreferentzia zuzena egiten dion izena, garai batean Bilbon mahastiak egon zirelako».

«Txakolina gure nortasunaren parte da», adierazi du Atutxak. Azken hamarkadetan txakolina asko hobetu dela ere nabarmendu du. «Orduko ardoek ez dute zerikusirik gaur ditugunekin». Haren arabera, orain txakolin berriak eta bakarrak egiten dira, eta bizkaitar estiloari leial irauten dutela.

Nora Beltran de Otalora Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak hiru ideia nagusi azpimarratu ditu. Hasteko, jaialdia sustatzen dutenen ahalegina eskertu du. Bigarrenik, kalitatearen estandarrei eustearen garrantzia nabarmendu du. «Bizkaiko txakolinak toki bat irabazi du [Espainiako] estatuko eta nazioarteko merkatuan. Gero eta gehiago dira nazioarteko azoketan Euskadiko ardoez galdetzen dutenak». Eta hirugarren ideia gisa, argi utzi nahi izan du Eusko Jaurlaritzak horrelako proiektuak babestuko dituela aurrerantzean ere: «Azken hilabeteetan hainbat herrialdetan egon gara txakolina aurkezten, eta erantzuna oso positiboa izan da. Oraindik lana dago egiteko, baina bide zuzenean gaude».

«Txakolina ez da ardoa bakarrik: historia, lurraldea eta etorkizuna ere bada»

MAIDER ZALDUONDOBizkaiko Txakolinaren komunikazio arduraduna

Salmentak alde batera utzita, antolakuntzan inplikatutako pertsona guztiak bat datoz: Txin Txin Fest bizkaitar nortasunaren ospakizuna da. «Jendea etortzea nahi dugu, probatzea, gozatzea eta kopa bakoitzaren atzean dagoena baloratzea. Izan ere, txakolina ez da ardoa bakarrik: historia, lurraldea eta etorkizuna ere bada», esan du Zalduondok, Bizkaiko Txakolinaren komunikazio arduradunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.