Aurretik ere egin izan dituzte Internet bidezko sinadura bilketak Leioako jaietako egitarautik probak kentzeko. Baina, oraingoan, Leioako Animaliekiko Tratu Txarrik Ez taldeak bultzatutako herri ekimenak 3.115 herritarren babesa lortu du, eta udalean erregistratu dute gaur. Ondorioz, udalbatzak osoko bilkuran eztabaidatu beharko du eskaera, eta bozkatu. Ekimenean eskatzen dute jaietan antolatu ohi diren asto probak egitarautik kentzeko eta halakoen ordez beste ekitaldi bat jartzeko. Era berean, gura dute udalak ez dezala antolatu, ez dezala diruz babestu eta ez diezaiola eremu publikoak erabiltzeko baimenik eman animaliei tratu txarra ematen dien ezein egitasmori.
Elkarteak salatu du udalak haur jolasetarako baino diru gehiago jartzen duela asto probetarako, ikusle aldetik «arrakasta gutxi» duten arren: «Oso jende gutxi joaten da asto probak ikustera, eta auzoan bizi direnak kontuan hartzen baditugu, inor ez». Beraz, Animaliekiko Tratu Txarrik Ez taldearen esanetan, San Bartolome auzoko jaietako «egitarauak ez ditu ordezkatzen auzo komunitatearen beharrak eta nahiak».
Iazko irailean hasi ziren herri ekimenaren aldeko sinadurak biltzen. 18 urtetik gorako leioarren %10en babesa behar zuten ekimena udalean aurkeztu ahal izateko, eta erraz gainditu dute baldintza hori. Orduan argitaratu zuten, halaber, Teresa Gamonal albaitariak Leioako asto proben inguruan egindako albaitaritza eta etologia azterlana ere. Txostenak dio laurehun kilo inguruko asto bati «giharretako eta bihotz hodietako estres izugarria» sortzen diola zazpiehun kiloko harri bat hogei minutuz arrastaka eraman behar izateak. Gamonalek gaineratu zuen gaur egun munduan ez dagoela asto, zaldi edo antzeko animaliekin egiten den beste probarik intentsitateari, denborari eta errepikapenei dagokienez hainbesteko lan anaerobikoa eskatzen duenik.
Aurten bostehun urte beteko dira Leioa Erandiotik bereizi eta elizate independente bihurtu zenetik. Taldekoek uste dute aukera ezin hobea dela «hiri moderno bat izateko pausoak eman eta denak harro sentitzeko moduko hiri» bihurtzeko. «Argi dago etekin ekonomikoak lortzen dituztenek eta animalien sufrimenduarekin dibertitzen direnek ez diotela utziko asto probak antolatzeari. Gure erakundeei dagokie irizpide etikoak ezartzea».
Getxo, sokamuturraren alde
Getxoko Udalak joan den asteko osoko bilkuran bozkatu zuen Sokamuturra Ez taldeak aurkeztutako herri ekimena. 1.125 herritarren babesa lortu zuen jaietako ekitaldietatik animaliak kentzeko eskaerak, baina udalbatzak ez zuen onartu. PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek baino ez zuen haren alde egin. EAJk aurka bozkatu zuen, eta PP eta EH Bildu abstenitu egin zen. Jeltzaleek esan zuten hirian «askotariko iritziak» daudela eta horrelako erabaki bat hartzeko «herri elkarrizketa bat» sustatu behar dela aurretik.