LGTBI Komunitatearen Egunaren izaera aldarrikatzailea berreskuratu gura du Bilboko EHGAMek

Sinadura bilketa abiatu du, Bilboko Udalak Bilbo Bizkaia Harro jaialdi «merkantilista» antolatzeari utz diezaiola eskatzeko.

Ekainaren 28ko mobilizazioa, iaz, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ekainaren 28ko mobilizazioa, iaz, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko martxoaren 26a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Norberak aldarrikatu behar du norberarena, eta are gehiago nork bere harrotasuna aldarrikatzen duenean. Bilboko EHGAMek salatu du LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna «kendu» gura dietela erakunde publikoek. Hala sentitu du azken urteetan Bilbo Bizkaia Harro ekimena dela kausa, eta are gehiago iazko ekainaren 28an, BBK fundazioaren 10. urteurrena ospatzeko itsasadarrean kontzertu handi bat egin zenean. Horregatik, Harrotasuna berreskuratu lelopean, sinadura bilketa abiatu dute. Gura dute Bilboko Udalak Ekainaren 28aren antolaketan «LGTBI+ kolektiboen eta E-28 koordinakundearen ibilbidea eta zilegitasuna errespetatu» ditzala, eta Bilbo Bizkaia Harro jaialdia antolatzeari utz diezaiola. Taldeek eta norbanakoek sina dezakete.

EHGAMek Ekainaren 28aren jatorria gogoratu du: 1969an, LGTBI komunitateko kideak biltzen ziren New Yorkeko Stonewall tabernan izandako istiluak. Harrezkero, komunitatearen eskubideak aldarrikatzeko egun bilakatu da, baina, salatu dutenez, hainbat lekutan egun horri lotutakoak «enpresek berenganatu dituzte, instituzioen babes liberalaren bidez». Bilbon, 1978an antolatu zuen EHGAMek lehen Ekainaren 28a. Ordutik, hiriburuko LGTBI taldeen esku egon da antolaketa, eta horretarako sortu zuten, hain zuzen, E-28 Plataforma. 2014an, Bilbo Bizkaia Harro jaialdia sortu zuen Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

EHGAMek salatu duenez, urtero «hainbat saiakera turistiko koloretsu» egiten dituzte, «LGTBI+ komunitatearen eskubideak aldarrikatzeko eguna bereganatzeko, makrofestibalen eredu merkantilista» erabiliz. «Urte askotan manifestazio, kontzentrazio eta mobilizazioetan sistema heteronormatibo honen kontra beren gorputza jarri duten borrokalagunak alde batera utzi dituzte, inongo lotsarik gabe», txarretsi dute. Bilbo Bizkaia Harro «plan turistiko bat» da, EHGAMen ustez, «turismo gay aberatsa Bilbora erakartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!