Gallartako Martin Etxea elkarteko kidea

Borja Allende Gonzalez: «Martin Etxea bezalako ekimenak gero eta beharrezkoagoak dira»

Jaioterrian jazarriak diren giza eskubideen ekintzaileentzako harrera gunea da Gallartako Martin Etxea, baita esku hutsik datozen migranteentzakoa ere. Elkarteko kideetako bat da Allende.

Borja Allende Gonzalez Martin Etxea elkarteko kidea, aurreko astelehenean, Gallartako harrera gunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Borja Allende Gonzalez Martin Etxea elkarteko kidea, aurreko astelehenean, Gallartako harrera gunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
Abanto
2025eko maiatzaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gallartako (Abanto) Santa Juliana auzoan dago Martin Etxea harrera gunea. Bertan, bizitzeko leku bat ematen diete Euskal Herrira esku hutsik datozen migratzaileei, eta gizon-emakume horien gainontzeko beharrizanak bermatzen dituzte: jana, osasun arreta eta errolda. Horretaz gain, jaioterrian jazarpena sufritzen duten giza eskubideen ekintzaileei babesa ematen diete. Izan ere, Meatzaldekoa ez da harrera gune soil bat, Borja Allende Gonzalez Martin Etxea elkarteko kideak  nabarmendu duenez (Abanto, 1983). «Arrazakeriaren kontrako eta internazionalismoaren aldeko aktibismoa sustatzen duen elkarte bat gara, eta lan hori modu komunitario batean egiten dugu». Allenderen arabera, «asko» egin dute eta egiten ari dira, baina «berebizikoa» dute aurrera jarraitzea. Hori dela eta, «norabide berean» lan egitera deitu ditu gizartea eta instituzioak.

Zertarako sortu zen Martin Etxea?

Martin Etxea orain dela sei urte sortu zen, Mundubat gobernuz kanpoko erakundeak zeukan behar bati erantzuteko asmoz. GKE hori [Mendebaldeko] Sahara, Palestina, Kuba eta Erdialdeko Amerikako herrialdeetako elkarte eta sindikatuekin lankidetzan aritzen da: askotan, mehatxuak eta errepresioa jasaten dituzte lurralde horietako ekintzaileek, eta asiloa eskatu behar izaten dute euren herrialdetik kanpo. Martin Markiegi Gallartako Santa Juliana auzoko apaizak etxea dohaintzan eman zion Mundubati, eta eraikin hori babes eske atzerritik etorritako lagunei bizileku bat emateko baliatzea erabaki zuen GKEak.

Gero eta gehiago dira baldintza oso txarretan Euskal Herrira iristen diren etorkinak. Haiei bizitza aurrera ateratzeko laguntzen ahalegintzen da Martin Etxea elkartea.

Nolako laguntza jasotzen dute Martin Etxera heltzen direnek?

Arreta integrala ematen saiatzen gara: Martin Etxean, logela bat emateaz gain, ekonomikoki laguntzen diegu, ematen diegun diru kopurua txikia bada ere. Horretaz gain, burokrazia kontuekin laguntzen ditugu. Besteak beste, erroldatzerakoan jartzen dizkiete trabarik handienak etorkinei: etxebizitzaren batean bizi arren, askotan ez diete erroldan sartzen uzten, eta, ondorioz, ez diete inolako eskubiderik aitortzen. Lan egin ahal izateko, bi urte baino gehiagoz egon behar dute erroldatuta.

«Gero eta gehiago dira baldintza oso txarretan Euskal Herrira iristen diren etorkinak. Haiei laguntzen saiatzen gara»

Bestelako laguntzarik behar izaten dute?

Etorkinetako askok arreta psikologikoa behar izaten dute, eta horretan laguntzen saiatzen gara. Bestelako osasun arazoei dagokienez, zerbitzu publikoetara bideratzen ditugu. Baina, batzuetan, Osakidetzak bere gain hartzen ez duen arreta behar izaten dute; hala nola dentista. Zerbitzu hori jaso dezaten ahalegintzen gara.

Auzokideekin nolako harremana izaten dute Martin Etxean lekututako etorkinek?

Arreta integrala ez da mugatzen logela batera edo jaten ematera: Martin Etxean dauden etorkinak auzokideekin eta inguruko elkarteekin harremanetan jartzen saiatzen gara. Horretarako, hilabetean behin, auzolana eta bazkari komunitarioa antolatzen ditugu. Batzuetan sahararrek prestatzen dute jatekoa, beste batzuetan salvadortarrek...; euskal herritarroi ere tokatu izan zaigu noizbait.

Bestelako ekitaldirik antolatzen duzue?

Martin Etxearen beste ezaugarri garrantzitsuetako bat da ez garela harrera etxe soil bat: arrazakeriaren kontrako eta internazionalismoaren aldeko aktibismoa sustatzen duen elkarte bat gara, eta lan hori modu komunitario batean egiten dugu. Hitzaldiak egin izan ditugu inguruko elkarteekin eta instituzioekin, lankidetzan; besteak beste, Abantoko Talde Feministarekin, Ortuellako Ahotsenea gunean eta unibertsitatean.

Martin Etxera babes eske doazen lagunen bozgorailua ere bazarete?

Hedabideetan egiten dituzten elkarrizketetan lagun izaten gaituzte, baita Eusko Legebiltzarrera edota Bizkaiko Batzar Nagusietara jotzen dutenean ere.

Zein da sei urte hauen balantzea?

Urte hauetan guztietan pertsona askok jaso dute laguntza Martin Etxean. Beraz, egiten dugun balorazioa oso positiboa da. Hala ere, lan askoz handiagoa egin dezakegu. Izan ere, egoera gero eta gogorragoa da nazioartean: besteak beste, Martin Etxean bizi den Fouad Baker palestinarraren bost senide hil zituzten orain gutxi Gazan, eta gurean izan genuen lagun baten sindikatuko kidea hil berri dute Kolonbian. Martin Etxea bezalako ekimenak gero eta beharrezkoagoak dira: asko egin dugu eta egiten ari gara, baina berebizikoa da jarraitzea.

«Asilo eske etortzen diren aktibistei laguntzen eta haien borroken bozgorailua izaten jarraituko dugu»

Zeintzuk dira Martin Etxearen erronka nagusiak etorkizunera begira?

Gaur egungo egoera ikusita, beste herrialde batzuetatik asilo eske etortzen diren aktibistei laguntzen eta haien borroken bozgorailua izaten jarraituko dugu, baita Euskal Herrira esku hutsik iristen diren etorkinei arreta ematen ere. Bestalde, arrazistak diren ekimen instituzionalak salatzen segituko dugu. Horien artean, maiatzaren 20an indarrean sartuko den [Espainiako] Atzerritarren Legearen ondorioz, traba handiagoak izan dira asiloa eskatu ahal izateko. Gure gizartean dauden egoera arrazistei ere aurre egingo diegu.

Nahikoa al da instituzioek ematen dizueten laguntza?

Instituzioek ekarpenak egiten dituzte, noski. Izan ere, haien beharra ere bada hori. Baina, batzuetan, trabak ere jartzen dituzte. Besteak beste, egon badaude lanean hasi eta Martin Etxetik kanpoko etxebizitza bat aurkitu nahi duten pertsonak. Dena dela, zailtasun handiak izaten dituzte etxe bat alokatzeko, prezioak oso garestiak direlako edota jabeek nahiago dutelako beste pertsona bati alokatu. Bereziki, magrebtarrei gertatzen zaie hori.

Etxebizitzaren arazoa larriagoa da etorkinentzat?

Lan kontratua izan arren, higiezinen agentzietara telefonoz deitzen duten magrebtarrei esaten diete ez dagoela alokatzeko etxebizitzarik. Guztion kalterako da alokairuen salneurriak horren garestiak izatea, baina etorkinak dira arazo hori gehien sufritzen dutenak. Hori gerta ez dadin, denok norabide berean lan egin behar dugu, bai gizarteak, bai instituzioek.

Herritarrek nola lagun diezaiokete Martin Etxeari?

Martin Etxean boluntario lana egiteko aukera egoteaz gain, herritarrek dohaintza egin dezakete. Elkarteko bazkide egiteko aukera ere badago. Bazkideek egiten duten ekarpena garrantzitsua da, gure sarea zabaltzeko eta ditugun gastuei aurre egin ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.