Martitzenean zarratuko dute Txorierri eta Deustu lotzen dituen Artxandako tunela

Berritze lanak egingo dituzte sei hilabetez, eta Bizkaibuseko hainbat lineari eragingo diete obrek.

Artxandako tuneletako obren infografia bat. BERRIA
Artxandako tuneletako obren infografia bat. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko urtarrilaren 30a
08:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txorierri eta Bilbo lotzen dituzten tuneletako bat, Deustuko Ugasko bidera doana —Pio X.aren biribilgunean—, zarratu egingo dute martitzenean, 23:00etan hasita. Sei hilabetez egongo da itxita, berritze lanak egiteko. Salbeko zubira irteten den tunela zabalik egongo da. Tunelak erabiltzen dituzten gidariek kontuan hartu beharko dute aldaketa —egunero 5.926 ibilgailuk zeharkatzen dituzte—, baina baita garraio publikoaren erabiltzaileek ere. Izan ere, Bizkaibusen hainbat lineak egiten dituzte sartu-irtenak Bilbon Deustuko tunel horretatik sartuta. Otsailaren 4tik aurrera, baina, Salbeko zubira doan tunela erabiliko dute, eta, ondorioz, ohiko ibilbidean izaten dituzten hainbat geltoki kenduko dituzte.

Aldaketak izango dituzten lineak hauek dira: Bilbo eta Larrabetzu artekoa, Zamudioko teknologia parkera doana, eta Mungiara, Bakiora eta Bermeora autobidetik doazen lineak. Obrek iraun bitartean, Bilbotik irten aurretik, Errekalde zumarkaleko 6. zenbakiaren parean izango dute geralekua. Bilborantz doazenean, berriz, Rekalde zumarkaleko 5. eta 7. zenbakien parean. Hau da, datozen sei hilabeteetan ez dira erabilgarri egongo Deustuko Unibertsitateko eta Museo plazako geralekuak.

Berrikuntzak

Interbiak foru sozietateak egingo ditu lanak. Foru aldundiak 12,8 milioi euroko aurrekontua onartu du horretarako. Helburua da segurtasuna, efizientzia eta jasangarritasuna indartzea. Gainera, lan horietan berritasun bi probatuko dituzte. Batetik, tunelen As-Built BIM eredu digital bat sortuko dute, azpiegituraren erregistro digital osoa izateko. Bestetik, drainatze sistema jasangarri bat ipiniko dute, berria, tuneletako urek inpaktu txikiagoa izateko inguruko ibaietan.

Artxandako tunelak 2002an inauguratu zituen Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbo eta Txorierri lotzeko. Besteak beste, aireportura eta Bizkaiko Teknologia Parkera doazen ibilgailuek erabiltzen dituzte. Guztira 30.000 ibilgailu igarotzen dira hiru tuneletatik egunero. Ordutik hainbat mantentze lan egin dituzten arren, 2024an tunelak erabat berritzen hasi zen diputazioa. Lehenengo, Txorierritik Bilboranzko tunel bien irteerak Bilboko partean lotzen dituen hirugarren tunela berritu dute; hau da, Salbeko zubia eta Ugasko bidea lotzen dituena. Orain, Txorierri eta Deustu artekoa egingo dute, eta Txorierri eta Deustu artekoa izango da berritzen azkena.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.