Martxan da Trapagarango bizikleta aparkaleku segurua

Bizipark sareko aparkaleku berriak hogei bizikleta gordetzeko lekua du.

Jose Angel Gomez Biar Trapagarango alkatea, Sonia Perez Ezkerra Bizkaiko Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatua eta Angel Anero Murga Bizkaiko Mugikortasun zuzendaria, atzo, Trapagaranen. BERRIA
Jose Angel Gomez Biar Trapagarango alkatea, Sonia Perez Ezkerra Bizkaiko Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatua eta Angel Anero Murga Bizkaiko Mugikortasun zuzendaria, atzo, Trapagaranen. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko urtarrilaren 24a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizikletentzako aparkaleku itxi eta seguruen Bizkaiko sare Biziparken hamabi aparkaleku daude dagoeneko, gaurtik zabalik baitago Trapagarangoa. Hogei bizikleta gordetzeko lekua du, eta konexio elektrikoa duten sei armairu. Aparkalekurako sarbidea automatikoa da. Trapagarango Udaltzaingoarekin konektatutako bideozaintza sistema bat ere badu. Juan Sebastian Elkano kalean dago, kiroldegiaren ondoan, eta autoentzako aparkaleku bik betetzen zuten eremuan eraiki dute —udalak utzi zuen eremu hori—.

Sonia Perez Ezkerra Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatuak adierazi duenez, diputazioa lanean ari da bizikleta Bizkaiko garraio publikoaren egiturazko pieza bihur dadin. «Horrelako azpiegiturek modua ematen dute mugikortasunaren deskarbonizazioan aurrera egiteko, intermodalitatea errazten dute, eta lurraldea kohesionatzen laguntzen dute, herritarrei alternatiba erreal eta seguruak eskaintzen baitizkie ibilgailu pribatua alde batera uzteko», nabarmendu du. Trapagarango alkate Miguel Angel Gomez Biarrek azpiegitura horrek udalerriarentzat duen garrantzia azpimarratu du. «Mugikortasun eredu jasangarriagoa, praktikoagoa eta gure bizilagunen benetako beharrekin bat datorrena lortzeko bidean aurrera egiteko aukera ematen digu».

Bizipark berri hau martxan ipinita, Bizkaian bizikletentzako 347 aparkaleku seguru daude, Ermuan, Abadiñon, Barakaldon, Bermeon, Derion, Gueñesen, Zallan, Portugaleten, Berangon, Durangon eta Gorlizen, eta orain Trapagaranen. Urtea bukatu aurretik, seiehun plaza baino gehiago izango dira. Izan ere, laster inauguratuko dituzte Santurtziko eta Getxoko Bizipark berriak, eta Sestaon, Abanton eta Erandion ere horrelakoak eraikitzeko proiektuak prestatzen ari dira.

Bizkaibizi, Getxon

Bizipark sarea diputazioaren mugikortasun estrategiaren parte da, Bizkaibizi joan-etorrietarako bizikleta elektrikoen alokairurako foru sistema publikoarekin eta Bizipunto konponketa guneen sarearekin batera. Hain zuzen, Getxon Bizkaibizi sareko hiru aparkaleku berri ipiniko dituztela iragarri dute; Iparbide, Sarrikobaso eta Maidagan kaleetan egongo dira. Joan den abenduan sistema horren azken jarraipen txostena argitaratu zuten, eta, agirian zehaztutakoaren arabera, Bizkaibizi sare osoan Getxo da bidaia kopuru handiena duen udalerria: 36.498 aldiz erabili dute hilean, eta erabiltzaileek 464.086 joan-etorri egin dituzte guztira urtebetean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.