Usansolotarrek esperientzia dute herri galdeketetan zer gura duten aldarrikatzen, Usansolo Galdakaotik bereizteko erabili zuten tresnetako bat izan zen eta. Domekan, Bilboko metroaren bosgarren linearen geltokia non egotea gura duten esan ahal izango dute, Geltokia Erdigunean plataformak antolatutako galdeketan. Boto paperean hiru aukera izango dituzte gustukoena hautatzeko. Ez da loteslea izango; Eusko Jaurlaritzari, ETS Euskal Trenbide Sareari eta Bizkaiko Foru Aldundiari presio egiteko erabiliko dute. Usansoloko Udalak galdeketa babestu du, eta parte hartzera deitu ditu herritarrak.
«Egungo Usansoloko tren geltokiaren galera dela eta, zein da zure ustez herrian tren konexioko beharrizanak asetzeko aukera hobea?», irakur daiteke boto paperean, eta azpian hiru aukerak. Dagoeneko banatu dituzte etxeetan, eta etzi ere eskuratu ahal izango dira bozkalekuan bertan. Urkina plazan karpa bat ipiniko dute horretarako. 09:00etatik 20:00etara bozkatu ahal izango dute, 16 urtetik gorako usansolotarrek. Usansolon bizi direla baieztatzeko, nortasun agirian agertzen den kalea erabiliko dute; izan ere, oraindik agiria berritu ez dutenei udalerrian «Galdakao» ipintzen die.
Gaur egun, Euskotrenen geltokia dute Usansolon, 1882an inauguratutakoa eta duela urtebete ETSk zaharberritutakoa. Ordu laurdenean Bilbora ailegatzen dira handik trenez. Baina metroaren linea berriak ordezkatuko du oraingo trenbidea, eta geltoki berria Usansoloko ospitalean egongo da, herrigunetik aparte. Erakunde publikoek onartutako proiektuan, ospitaleko geltoki berria eta Usansolo erdigunea lotuko dituen autobus lotura bat dago jasota, usansolotarrek metroa hartu ahal izateko. Ondorioz, bikoiztu egingo litzateke usansolotarrek trenez Bilbora joateko beharko luketen denbora, eta horrek sortutako ezinegonagatik sortu zen iaz Geltokia Erdigunean plataforma.
Urte hasieran, Eusko Jaurlaritzak geltokia 87 metroan herrigunera gerturatzea onartu zuen. Proiektuaren moldaketa horrek 3,46 milioi euro garestitu du obra. Aldaketa horrekin, Ibaizabaleko zubi ondoan azaleratuko dira geltokiko eskailerak, Usansoloko lehen etxebizitzetatik berrehun metrora eta plazatik kilometro erdira, baina horrek ere ez du gogobetetzen usansolotarren nahia.
Erakundeek proposatutako autobus bidezko lotura hori izango da etziko galdeketan herritarrek izango dituzten aukeretako bat. Beste bat da Geltokia Erdigunean plataformak eskatzen duena: herrigunean geltokia egotea. Teknikoki egingarria da, baina obraren kostua garestituko luke. Plataformaren esanetan, garestiagoa bai, baina «justuagoa» da herritarrentzat. Hirugarrena erdibidekoa da: herrigunea eta ospitaleko geltokia bostehun metro luze izango den tunel batekin lotzea.