Migratzaileei euskara ikastea errazteko eredua sortu nahi dute Bizkaian

Diputazioak egindako azterlan baten arabera, migratzaileek euskara «baztertzailetzat» eta «urruneko elementutzat» jotzen dute, eta, diotenez, euskara ikasteko eskaintza ez da beren beharretara egokitzen.

Bilboko Euskararen Etxea, artxiboko irudi batean. BERRIA
Bilboko Euskararen Etxea, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko otsailaren 26a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Migrazioaren ondorioz, Bizkaian 120 hizkuntzatik gora erabiltzen dira egunero. Bakoitzak bereari eutsita euskara guztien topagune izatea da Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa. Horretarako, migratzaileen eta hizkuntzaren arteko harremana aztertu dute lehenengo, eta hobetu beharreko arloak identifikatu dituzte. Egindako azterlanaren arabera, etorkinek euskara ikasteko hainbat traba aipatu dituzte. Oro har, euskara «identitatearekin» lotzen dute, eta, ondorioz, «urruneko elementutzat» daukate hainbatek. Gainera, batzuetan iruditzen zaie «baztertzailea» dela «eskubide bat baino gehiago». Hizkuntza ikasteko eskaintzaz baliatzeko oztopoak ere nabarmendu dituzte, batez ere ordutegiari lotutakoak. Horri buelta ematen saiatuko da orain diputazioa, Zu ere euskaldun programaren bidez. Martxoaren 4an lurraldean bizi diren etorkinen ordezkaritza batekin bilduko dira Bilboko Euskararen Etxean, euskara ikasteko eredu berriak sortzen hasteko.

Datorren asteko saio horretan, migratzaileak ez ezik, euskalgintzako eragileak eta migratzaileen errealitatea gertutik ezagutzen duten elkarteak ere egongo dira. Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia eta Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kirol diputatua ere haiekin egongo dira. Euskara diputatuak esan du jarduteko moduari buelta ematea dela asmoa: «Migratzaileak euskara ikasteko lekuetara joan ordez, erakundeok gerturatuko gara komunitate hauetara, haien espazioetara, haien ordutegietara moldatuta. Haien beharretara egokituko dugu eskaintza».

Arrizabalagaren esanetan, indarguneak ere topatu dituzte diagnostikoan. Ikusi dute badirela euskara migratzaileengana gerturatzeko erabilgarri izan daitezkeen ereduak: berbalagun taldeak, euskarazko kultura jarduerak eta familiekin egiten diren eskola proiektuak. Gainera, Euskara diputatuak nabarmendu du migratzaileak ohartzen direla euskarak duen garrantziaz, beren «seme-alaben eskolako hizkuntza delako, euskaldunentzat ezinbestekoa delako eta gizarte kohesiorako tresna delako». 

Lehen saioan Bilboko, Getxoko eta Barakaldoko etorkinekin egongo dira. Harreman horietan jasotako informazioarekin, hainbat eredu sortu eta probatuko dituzte, eta arrakasta lortzen dutenak Bizkai osora zabalduko dituzte gero. Hala ere, Arrizabalagak zehaztu du proiektuaren hedapena migratzaile komunitateen araberakoa izango dela, geografikoa baino gehiago. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.