Mungiako Errota gaztetxea hustua izateko arriskuan dagoela salatu du gazte asanbladak

Udalak esan du eraikinaren elementu batzuk erortzeko arriskuan daudela eta hara joaten direnen segurtasuna ez dagoela bermatuta. Gazte asanbladak negoziazio mahai bat eskatu dio udalari, eraikina zelan konpondu negoziatzeko.

Mungiako gazte asanbladako kideak, irailaren 19an, Matxin plazan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mungiako gazte asanbladako kideak, irailaren 19an, Matxin plazan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Mungia
2025eko irailaren 24a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mungiako Gazte Asanbladak Errota gaztetxeaz negoziatzeko mahai bat eskatu dio udalari. Uztailetik, eraikina hesituta dauka udalak, eta gazte asanbladakoak ezin dira barrura sartu. Udalak argudiatu du eraikina erortzeko arriskuan dagoela. Gazte asanbladak salatu duenez, haiei oraindik ez diete ezer ofizialik esan, baina modu ez-ofizialean jakin dute udalak obrak egin nahi dituela, eta iradoki diete lanak bukatutakoan agian gazte asanbladak ez duela eraikinera sartzerik izango. «Argudio teknikoz mozorrotu duten eraso politiko bat da», salatu du gazte asanbladako kide Jokin Arriolak. BERRIA udalarekin hitz egiten saiatu da, eta idatziz jaso du haren erantzuna.

Arriolak gogoratu du uztailaren 15ean deitu zietela udaletik. Esan zieten 50 urtetik gora dituzten Mungiako eraikinek azterketa teknikoa pasatu behar zutela, zer egoeratan dauden jakiteko. Errota gaztetxearen eraikinak 55 urte ditu, eta udal jabetzakoa da. Udalaren arabera, inspekzioa biharamunean egitea adostu zuten «leku publiko horren erabilera pribatiboa egiten zuten pertsonekin». Azkenean, baina gazte asanbladakoak ezin izan ziren hitzartutako orduan agertu, eta Arriolak esan du gazte asanbladakoek udala abisatu zutela.

Uztailaren 16an, inspekzio teknikoa egiteko udalak kontratatuko teknikariak Errotara joan ziren, «adostutako orduan». Ez zuten inor topatu, eta barrura sartu ziren, «kontserbazio, segurtasun, estankotasun eta egitura baldintzen ikuskapen bisual teknikoa» egiteko. Gazteen esanetan, «baimen politiko eta legal barik» sartu ziren. Hurrengo egunerako egin zuten teknikariek behin-behineko txosten teknikoa, eta, besteak beste, zera zioen udalak jasotako agiriak: «Eraikinaren estalkiaren egoera txarra egiaztatzen da, eta ikusitako kalteez gain, elementu solte ugari ditu, bai estalkiaren berezko elementuan —teilak—, bai estalkitik kanpokoak ere —adreiluak, hormigoizko trinkoak—, baita tamaina handiko landaredia ere. Elementu horiek bai lursail propioaren gainera bai bide publikoaren gainera erortzeko arrisku handia dago. Beraz, pertsonen eta ondasunen segurtasuna babesteko, lehen graduko esku hartzea gomendatzen da —berehalako jarduketa, 24 orduko epean—, aurreko eta alboko fatxadetan segurtasun perimetro bat mugatzeko».

68cba683f18f5.Argazkia
Mungiako Errota gaztetxea, artxiboko irudi batean. BERRIA

Arriolaren esanetan, gazte asanbladak oraindik ez du txostenik ikusi. Udalak BERRIAri esan dio haiei ere ez dietela bidali behin betiko txostena. «Oraindik jaso ez denez, prebentzio neurriak mantentzen dira, guztien segurtasuna babesteko».

Gazte asanbladako kideek onartzen dute eraikinak konponketa lan batzuen beharra duela, baina ez dute uste egoera udalak esan besteko larria denik. «Gure arkitektoekin egin dugu berba, eta ez da egia jausteko arriskuan dagoenik. Eta egia balitz ere, ez da baieztatu, txostenik ez delako egin», nabarmendu du Arriolak. Horregatik, udalarekin elkartu gura dute, txostena ikusi eta hurrengo pausoak negoziatzeko. Gazteek erabakitzeko duten zilegitasuna azpimarratu dute: «Gazte asanblada izan da azken hamar urteetan eraikina zaindu duena eta mantentze lanak egin dituena, eraikina kudeatu duena eta herrira zabaldu duena. Beraz, berari dagokio erabaki politikoak hartzea; badu horretarako eskumena».

Herri eredua

Segurtasunaz gain, beste argudio bat ere eman die udalak, Arriolaren esanetan. Eraikinaren «erabilera pribatiboa» egiten ari direla esan die. Hau da, ez dituztela Mungiako gazte guztiak ordezkatzen. Gazte asanbladako kidearen arabera, «kontrakoa» da egoera: «Herri mailako sektore asko ibili dira azken urteetan udala salatzen espazio publikoen pribatizazioa bultzatzen duelako eta herriko hainbat eragile agendatik kanpo uzten dituelako». Berbarako, gazte asanbladak berak joan den ikasturtean hori salatzeko dinamika bat izan zuen. Horregatik, Arriolak uste du «herrian dauden problematikak azaleratu dituzten ahotsak errotik moztu» gura dituela udalak.

Gazte asanbladako kidearen esanetan, Mungiako Udala «lotarako herri pasibo bat eraikitzen» ari da. «Enpresei eta makroproiektuei ateak zabaldu dizkiete. Etxebizitzaren problematika hor dago. Indar errepresiboak areagotu egin dira. Turistifikazioa areagotzen ari dira». Mungiarako egiten duten interpretazio hori eskualde osora zabal daitekeela uste du Arriolak. Horiek horrela, «herriko eta eskualdeko gazteek dituzten ezinegonak eta beharrak asetzeko» ezinbestekoa iruditzen zaie «lubaki funtzioa» beteko duen gaztetxe bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.