Musik & Beer festibalaren zortzigarren aldia egingo dute Areatzan gaur eta bihar

Bederatzi garagardo mota izango dira, eta, Euskal Herriko musika talde batzuez gain, nazioarteko hamar ere arituko dira.

Eskean Kristo taldearen kontzertua, 2019ko Areatza Musik & Beer jaialdian. AREATZA MUSIK & BEER
Eskean Kristo taldearen kontzertua, 2019ko Areatza Musik & Beer jaialdian. AREATZA MUSIK & BEER
Leire Rodero
2025eko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hemen da berriz ere Areatzako Musik & Beer festibala. Musika eta garagardo jaialdiaren zortzigarren aldia egingo dute gaur eta bihar, eta hainbat berrikuntzarekin dator; besteak beste, artisautza merkatua egingo dute, eta zuzeneko tatuatzaile bat arituko da.

Asier Garcia festibalaren bozeramaileak argi dauka jaialdiaren helburua garagardo zapore berriak probatzea dela, eta kalitatezko musikarekin esperientzia bikaina eskaintzea. «Jendeari hurrengoan itzultzeko grina piztea da asmoa», esan du Garciak. Nazioarteko hamar musika talde ariko dira, Euskal Herriko batzuez gain.

Jaialdia asko hazi dela dio bozeramaileak, eta hala ere «hurbiltasunari» eutsi diotela. Garciak kontatu du lehenengo aldietan ez zutela karparik kontzertuak egiteko, jaialdi txikia baitzen. Antolatzaileek argi izan zuten hasieratik ez zutela herriarentzat «karga bat» izan nahi. 1.200 biztanle inguruko herria da Areatza, eta bozeramaileak eskertu egin du bizilagunen laguntza: «Herritarren parte hartzerik gabe ez genukeen jaialdia egiteko bitartekorik izango».

Basque Beer Euskal Garagardoaren Elkartearen barruan dauden lau ekoizlek parte hartu dute aurtengoan: Drunken Bros, Boga, BBP eta Laugar. «Ipa, beltza, argia...; bederatzi garagardo mota probatzeko aukera egongo da», jakinarazi du Garciak. «Areatzako Musik & Beer jaialdian tokiko ekoizpena sustatzen dugu, zero kilometrokoa, bai janarian, bai edarian». 

Nazioarteko taldeak

Aurrekoetan bezala, Musik & Beer festibalak nazioarteko hainbat musika talde aurkeztu ditu. Bozeramaileak zehaztu du jaialdiaren antolatzaileentzat inportanteena dela genero aniztasuna egotea eta musika berriari ateak irekitzea. «Ez ditugu oso talde ezagunak ekartzen, baina ibilbide eta kalitate handikoak dira». Orain dela hiru urte, jaialdiaren playlist bat sortu zuten: «Hori oso erabilgarria da publikoaren gustuen berri izateko».

«Herriaren parte hartzerik gabe ez genukeen bitartekorik izango jaialdia egiteko»

ASIER GARCIA Musik & Beer jaialdiaren bozeramailea

Gaur 19:00etan hasiko da Musik & Beer, lehen kontzertuarekin: Amann & The Wayward Sons euskal taldeak joko du, Gudarien plazan. 20:30ean, Little Odeta Frantziako talde ezagunak hartuko dio lekukoa. 22:15ean, The Cinelli Brothersen (Erresuma Batua) kontzertua izango da, eta gaurko azken emanaldia Datcha Mandalak Frantziako taldeak emango du. 

Bihar, larunbatez, Kallarte gunean izango dira kontzertuak. Eguerdian, Dirty Deep (Frantzia) eta Bad Touch (Erresuma Batua) taldeek joko dute, eta bazkalostean AEBetako Jason Kane & The Jive taldearen txanda izango da. Arratsaldean, Gudarien plazan jarraituko du eskaintza musikalak: 18:00etan, Arnau and The Honky Tonk Losers euskal taldeak ariko dira; 20:00etan, Zlaomon Grass Galiziako taldearen txanda izango da; 22:00etan, Burning (Espainia) taldearena; gauerdian, Ingalaterrako Bad Touch taldearen doinuak entzun ahal izango dira; eta, azkenik, AEBetako Jason Kane & The Jive taldeak joko du, 01:45ean.

Musikaz gain, bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte biharko. 12:00etatik aurrera, aurtengo berrikuntza bat: artisau azoka egongo da Kallarte gunean. 17:00etan, Munduko VII. Kupel Jaurtiketa Txapelketa izango da. Horrez gain, hainbat foodtruck egongo dira; besteak beste, U-Lovers & Mafaldoren hanburgesak, taloak erosteko Baserriko Denda, La Melosa tortilla egileak eta tokiko gastronomia eskaintzen duten kamioi batzuk. Garcia bozeramaileak aurreratu du tatuatzaile bat ere egongo dela jaialdian, lehen aldiz.

Atzo, aurreneko aldiz eta programazio ofizialetik kanpo, ekinbide berezi bat egin zuten Areatzako Garena jatetxean: Julen Bazek eta Peli Perezek janari eta garagardo dastatzea egin zuten. Agertu zirenek lau pintxo dastatu zituzten, bakoitza artisau garagardo batekin lagunduta. Horrez gain, Moonshine Wagon taldeko Goiatz Dutto musikariak mokadu bakoitzari abesti berezi bat eskaini zion. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.