Uriolek hildako ugari eragin ditzakete, zubiak eraitsi eta errepideak irentsi, baina herri baten memoria ere kolpatu dezakete: 1983ko abuztuan Bilboko Zazpikaleak urpean geratu ziren. Sute batek ingurumena suntsitu dezake edo etxe barik utzi familia bat, baina herri baten historia ere pobretu dezake: 2013ko apirilean, errauts bihurtzeko arriskuan egon zen XVIII. mendeko Bermeoko udaletxea. Ostera, garapen ekonomikoak aberastasuna ekar dezake, baina hainbat lanbide desagertzeko zorian utzi ere bai: Bermeo, Ondarroa eta Santurtziko portuak, berbarako, erabat aldatu dira azken hamarkadetan. Ezohiko jazoerek eta denboraren joanak Bizkaiko ondare materiala eta immateriala kolokan ipini dute sarritan, eta aberastasun hori guztia salbatzeko egindako lana erakutsiko dute urrian, Europako Ondarearen Jardunaldietan.Â
Duela hiru hamarkada baino gehiago sortu zituzten jardunaldiok Europako Kontseiluak eta Europako Batasunak, eta haiek erabakitzen dute urteroko gaia. Bizkaian daborduko 26. aldia dute. Bizkaiko Foru Aldundiak, udalek eta makina bat eragilek antolatzen dituzte, elkarlanean. Aurten, kultur ondarearen kalteberatasunari buruzko gogoeta proposatu du Europak, eta, deialdi horri erantzunez, egitarau mardula atondu dute: Gure eskuetan lelopean, 77 udalerritan 270 jarduera baino gehiago eskainiko dituzte.Â
Eliza bat, dantza bat, paisaia bat, tradizio bat edo industria jardueraren aztarna bat: denak dira Bizkaiko memoria kolektiboaren parte, eta iragana orainarekin lotzen dute. Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatuaren esanetan, denen ardura da ondarea ezagutzea, zaintzea eta transmititzea: «Ondarea ez da zerbait geldia eta soilik iraganari dagokiona: legatu bizia da, gure orainaren parte, eta haren etorkizuna erakundeen eta gizarte osoaren inplikazioaren mende dago». Bisita gidatuak, tailerrak, berbaldiak, erakusketak, ibilaldiak eta bestelako jarduerak proposatuko dituzte urriaren 1etik aurrera. Hala ere, lehen eskaintza dagoeneko eskura dago, Urduñako Orduña Hiria Museoan 1960tik 1990era bitartean erabiltzen ziren jostailuen bilduma baitago ikusgai.Â
101 leku bisitatu ahalko dira OPEn BILBO jaialdian
Hamargarren aldia du Open Bilbo arkitektura jaialdiak, eta hamarkada ospatzeko inoizko leku gehien bisitatu ahalko dira urriko lehen asteburuan: 101. Udaletxea, Arriaga antzokia, Txabarri jauregia, Euskalduna jauregia, Azkuna zentroa, Basurtuko ospitalea. Erriberako merkatua... Normalean ikusten ez diren eraikinak ezagutu ahal izango dira, eta doan. Gainera, ez da aurretik izenik eman behar. Bisiten aurretik, aste osoan egitarau mardula prestatu dute. Astelehenean hasita, tailerrak, solasaldiak, zinema emanaldiak eta bestelakoak eskainiko dituzte, haien bidez arkitektura hobeto ezagutzeko. Egitaraua eta eraikinen zerrenda osoa jaialdiaren webgunean daude eskura.Â
Datozen asteetan, bada, Bilboko San Luis meategiko galeria estuan sartzeko aukera egongo da, Elorrioko berbakera entzun ahal izango da eta Fikako Atxispeko San Pedro ermitaren aztarnetan egiten ari diren kontserbazio lanak ezagutu ahal izango dira. Muxikan, baserrietan dituzten araztegiak erakutsiko dituzte, eta, Gizaburuagan, Bengolea bisitatuko dute, XV. mendeko burdinola eta errota. Kimetz Garate gozogileak, berriz, desagertzeko arriskuan dagoen Bizkaiko gozogintza berpiztuko du, eta bisitariek dastatzeko aukera izango dute. Bilbon, euskal dantzen transmisioaz egingo dute berba, eta dantzatzeko aukera ere egono da. Egitarau osoa jardunaldien webgunean dago ikusgai. Parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea, eta dagoeneko jarduera batzuetan ez dago gehiagorentzako lekurik.Â