Organikoa bereizten ikasteko kanpaina abiatuko du Bizkaiko Foru Aldundiak

Iaz 11.354 tona hondakin organiko bildu ziren Bizkaiko edukiontzi marroietan; 2030erako kopuru hori boskoiztea da helburua.

Amaia Agirre Getxoko alkatea, Maite Eskarmendi kazetaria eta Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatua, gaur, Getxon. BERRIA
Amaia Agirre Getxoko alkatea, Maite Eskarmendi kazetaria eta Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatua, gaur, Getxon. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Getxo
2025eko abenduaren 10a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iaz markak hautsi zituen Bizkaiak hondakin organikoen bilketan: 11.354 tona bildu ziren edukiontzi marroietan, 2023an baino %5 gehiago. Hala ere, bizkaitarrek errefusaren edukiontzietan uzten dituzten hondakinen %40 organikoak dira. Ondorioz, erre egiten dira elektrizitatea sortzeko, baina egokiena litzateke zirkulua zarratu eta kalitatezko konpost bihurtzea, Bizkaian bertan erabili ahal izateko. Horregatik, bilketa zuzen egin nahi du foru aldundiak. Gainera, datozen urteetan handitu egin beharko da gaikako bilketa, Europako Batasunak ezarritako helburuak betetzeko: 2030erako boskoiztu egin beharko da edukiontzi marroietan bildutako organikoaren kantitatea. «Herritarrek ohiturak aldatu beharko dituzte», ohartarazi du Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak. Helburu horrekin ipiniko dute martxan A ze marroia kanpaina. Gaur aurkeztu dute, Getxon.

Datozen egunetan Barakaldon abiatuko da kanpaina, BEC erakustazokan egongo den Gabonetako haur parkean. Besteak beste, haurrentzako tailerrak egongo dira, gaikako bilketa egoki egiten ikasteko. Hala ere, kanpainaren muina Bizkaia zeharkatuko duen karabana bat izango da. Urtarrilaren 19tik maiatzaren 17ra bitartean herrialdeko 30 udalerri bisitatuko ditu. Herriotan hainbat ekintza egingo dituzte. Esaterako, organikoa bereizten eta kudeatzen dakiten erakutsi ahal izango dute herritarrek zenbait lehiaketatan.

Bizkaiko udal batzuek edukiontzi marroia erabiltzeko sistema berria ezarri dute: gaikako bilketa egiteko konpromisoa hartu duten herritarrek txartel batekin irekitzen dute edukiontzia. Esaterako, Berangok herenegun ipini zuen martxan edukiontzi marroiak erabiltzeko sistema hori. Zelan funtzionatzen duen ere azalduko du karabanak. Ikastetxeak ere bisitatuko ditu. Eta ostalaritzarako sentsibilizazio ekintza bereziak ere egingo dituzte, ostalari zein bezeroei begira egindakoak. Kanpainak sare sozialetan ere izango du isla, eta herritarren zalantzak argitzeko tresna digital bat ere sortuko dute.

Bilbon, %20ko hobaria hondakinen zergan

Hondakin organikoaren bilketa hobetzeko, Bilboko Udalak Bilborganik sistema ipiniko du abian urte hasieran. Bilborganik.eus webgunean edo udaltegietan izena ematen duten etxebizitzek txartel bat jasoko dute edukiontzi marroia irekitzeko. Urrian zabaldu zuten izena emateko epea, eta dagoeneko ia 24.000 lagunek eman dute izena. Urtea bukatu aurretik izena ematen dutenek, %10eko hobaria jasoko dute datorren urteko hondakinen tasako zati espezifikoan. Hortik aurrera, edukiontzi marroia gutxienez 36 astez erabili dutenek %20ko hobaria jasoko dute 2027ko zergan.

Aurten edukiontzi horia erabiltzen ikasteko beste egitasmo bat bultzatu zuen diputazioak, Horia da / Ez da horia izenekoa, eta ondoren seikoiztu egin zen edukiontzi horietan bildutako hondakinen kantitatea. A ze marroia kanpainarekin ere antzeko arrakasta lortzea espero du diputazioak. Ondorioz, nabarmen ugarituko dira tratatu beharreko hondakin organikoak. Diputatuak esan du aldundia prest dagoela igoera horri aurre egiteko. Besteak beste, Metabarri izeneko biometanizazio instalazioak eraikitzen ari dira Artigaseko ekoparkean, Bilbon. Datorren urteko udarako egongo da martxan fabrika, eta gai izango da hondakin organikoekin 12.700 etxe hornitzeko adina biogasa sortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.