Hondakin organikoekin 12.700 etxe hornitzeko biogasa sortuko dute Bizkaian

Bizkaiko Foru Aldundia, Energiaren Euskal Erakundea eta Prezero enpresa Metabarri biometanizazio lantegia eraikitzen ari dira Bilbon. Uztailerako martxan egongo da.

Prezero enpresako zuzendari Borja Martin, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Irantzu Allende Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetikorako sailburuordea, gaur, Bilbon. BERRIA
Prezero enpresako zuzendari Borja Martin, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Irantzu Allende Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetikorako sailburuordea, gaur, Bilbon. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko azaroaren 20a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur egun, Bizkaian, 12.000 tona hondakin organiko biltzen dira urtean, eta, aurreikuspenen arabera, 2030ean 50.000 tona izango dira. Gorakada horri aurre egiteko, Metabarri izeneko biometanizazio planta bat eraikitzen ari dira Artigaseko ekoparkean, Bilbon. Bizkaiko Foru Aldundiak, EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Prezero enpresak bultzatu dute, eta datorren urteko uztailean hasiko da martxan. Asmoa da hondakin horiekin urtean 42 gigawatt-orduko gas metano sortzea eta hornidura sarera sartzea; hau da, Bizkaiko 12.700 etxek urtean kontsumitzen duten adina gas sortzea.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak esan duenez, Artigasen bertan dagoen Bizkaiko Konpostegiaren eta beste hiru eskualde konpostegien osagarria izango da biometanizazio planta. «Hondakinak murrizten, berrerabiltzen eta birziklatzen jarraitzeko aukera emango digu», esan du Etxanobek. Azpiegiturak 8.300 metro koadroko azalera edukiko du, eta 21 milioi euroko inbertsioa egingo dute.

Gasa sortzeko prozesua Bizkaiko etxeetan hasiko da, herritarrek hondakinen sailkapena egiten dutenean. Organikoa edukiontzi marroira botatzen dute Bizkaiko herrien %90etan. Arantxa Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak ohartarazi du marroietan biltzen diren hondakinen %5 ez direla haietara bota beharrekoak izaten, eta bildutako organikoaren kalitatearen garrantzia azpimarratu du. Edukiontzietan bildutakoaren parte bat, bada, konpostegietara joango da, eta gainontzekoa, Metabarrira. Prezero enpresako zuzendari Borja Martinek azaldu duenez, han edukiontzi handi batzuetan bilduko dute iritsiko zaien organiko guztia.

Hondakin horiei tratamendu berezi bat egingo diete, azkarrago degradatzeko. Prozesu horretatik bi produktu sortuko dira: digestatoa eta biogasa. Deshidratatu ondoren, digestatoa han ondoan dagoen Bizkaiko Konpostegira eroango dute, konposta egiteko. «Bizkaiak kalitatezko konposta egiten jarraituko du», nabarmendu du ahaldun nagusiak.

«Europako abangoardian»

Biogasa Metabarrin bertan tratatuko dute, biometano bihurtzeko. «Biometano horrek fosiletatik datorren gas naturalaren ezaugarri tekniko eta erabilgarritasun berak ditu», azaldu du Martinek. Beraz, hornidura sarera sartuko dute, «hondakinak sailkatu eta organikoa edukiontzi marroira bota duten etxe horietan» kontsumitu dezaten. «Ekonomia zirkularraren prozesu osoa itxiko dugu. Bizkaia Europako abangoardian egongo da», nabarmendu du Prezero enpresako zuzendariak.

Ahaldun nagusiak azaldu duenez, modu honetan sortzeak erregai fosilekin sortzeak baino berotegi gas gutxiago isurtzea dakar. Hain zuzen, %95 gutxiago. Gainera, hondakinen berrerabilpena eta birbalorizazioa ekonomikoki ere «merkeagoa» da.

Karrantzako metanizazio planta, azterketa fasean

2023an sortu zuten Karrantza Green Gass sozietatea, eta asmoa da mindarekin eta beste hondakin organiko batzuekin biogasa eta ongarria sortzea. Proiektuaren arabera, Karrantzan sortutako 140.000 tona hondakin organiko bildu nahi ditu enpresak: %85 behien minda izango da, eta gainontzekoa, oiloen zirina, untxien gorotzak, gaztandegi bateko gazura, adar inausiak… Kalkulatu dute 100.000 tona lor ditzaketela. Hondakin horiekin, lehenengo gasa sortuko lukete, eta prozesu horrek utzitako hondakinekin, ongarria. Urtean 31 gigawatt biogas lortuko lukete; hau da, 4.500 etxe hornitzeko beste. Sustatzaileek proiektua aurkeztu zieten inguruko abeltzainei eta erekunde publikoei, eta harrera ona izan zuen. Gaur, Metabarri proiektuaren aurkezpenean, Arantza Atutxa Bizkaiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak esan du diputazioa proiektua «aztertzen» ari dela eta, oraingoz, «aurrera» doala.

Europako Batasunak ezarritako hainbat helburu betetzen lagunduko dio azpiegitura berriak Bizkaiari. Berbarako, 2035ean hiri hondakinen %65 birziklatu beharko du, eta ezingo da hondakin horien %10 baino gehiago zabortegietara bota. Bizkaiko Foru Aldundiak martxan ipinitako beste egitasmo batzuei batuko zaie Metabarri, Etxanobek nabarmendu duenez. Honako hauek aipatu ditu: hondakinen kudeaketarako laborategia den Waste Lab zentro berria, edukiontzi horietan bildutakoa sailkatzeko eta birziklatzeko gaitasuna 23.000 tonatik 40.000 tonara handitu duen Bizkaiko Zabor Birziklategi berritua eta etxeko gailuak eta arropak konpondu eta berrerabiltzeko Repara bonuak.

Metabarrik, gainera, deskarbonizazioan lagunduko du. Irantzu Allende Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetikorako sailburuordeak azpimarratu duenez, proiektu hori bat dator Euskadi 2030 Industria Planarekin eta Euskadiko Energia Estrategiarekin. «Hiri hondakinekin biometanoa sortuta, arazo bat aukera bihurtu dugu, hondakinak energia berriztagarri bihurtu ditugulako. Ondorioz, erregai fosilekiko mendekotasuna txikituko dugu», adierazi du sailburuordeak. Iruditzen zaio proiektua trantsizio energetikoaren «adibide argi bat» dela. «Trantsizio energetikoa ez dago bakarrik ingurumenari lotuta; lehiakortasunarekin, enpleguarekin eta subiranotasun energetikoarekin ere badu harremana», nabarmendu du Allendek.

Erlazionatuta

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.