Ezkerraldean eta Meatzaldean «industria garapenari egindako ekarpenagatik, enplegua sortzeagatik eta lurraldeaganako duen konpromiso sendoagatik», Ortuellako Ingeteam Converters enpresak jaso du 29. Marcelo Gangoiti saria. Enpresa arloan Bizkaian egiten den aitortzarik garrantzitsuena da. Urtero legez, Marcelo Gangoiti zenak Muskizen sortutako Somorrostro ikastetxean egin dute ekitaldia.
Epaimahaiak nabarmendu du Ingeteam Converters lankidetzan aritzen dela inguruko Lanbide Heziketako ikastetxeekin, tokiko talentua indartzeko. Gainera, industria birkualifikatzeko duen plana ere azpimarratu du, eta industria arloan berdintasunaren eta aniztasunaren alde egindako apustu sendoa goraipatu ditu. Hain zuzen, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak enpresak lurraldean sustraitzeko ahalegin hori eskertu du: «Horretan oinarritzen dira kalitatezko enplegua eta kalitatezko zerbitzu publikoak». Horregatik, lehentasuntzat jo du Bizkaiko enpresei laguntzea hazkunde, berrikuntza, jasangarritasun eta errotze prozesuetan.
Duela zazpi urte sortu zuten enpresa, eta hasieran berrogei behargin zituen. Gaur egun, 350 lagun daude lantaldean. Alex Belaustegi enpresako Garapen Korporatibo eta Erakunde Harremanetarako zuzendariak jaso du saria, eta langile guztiak izan ditu gogoan, haiek direlako «enpresaren arrakastaren sustatzaileak». Ingeteam Converters potentzia elektronikaren arloko erreferente aurreratuenetako bat da Bizkaian. Nazioarteko merkatuetara saltzen du Ortuellan sortutako teknologia, batez ere itsas arlokoa Txinara eta Asiako beste herrialde batzuetara eta Europako tren sektorera. Gainera, aeronautikaren sektoreko erronka berrietan ari da lanean.
«Itxaropen eragile»
CEBEK patronalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako SPRI sozietateak eta Somorrostro ikastegiak osatzen dute Marcelo Gangoiti sarietako epaimahaia; Elizbarrutiko Ikastetxeetako kide da Somorrostro ikastegia, eta, horregatik, ahaldun nagusiak ez ezik, Kerman Lopez Bilboko Elizbarrutiko bikario nagusiak ere egin du berba ekitaldian, Joseba Segura gotzainaren izenean. Lopezek gogoratu du Marcelo Gangoti abadeak esaten zuela ez dela nahikoa trebetasun teknikoak irakastea: «Ezinbestekoa da mundu osoko erronkei erantzuteko gaitasuna ematen duen itxaropena eragitea». Bikario nagusiaren esanetan, Ingetem Converters enpresak erakusten du teknologia zelan egon daitekeen «pertsonen zerbitzuan»: «Gizartea energia berriztagarrien bidez elektrifikatuz, denona den etxea zainduz eta etorkizuna basoberritze ekimenekin eratuz».