Portugaleteko Udalak martxoan onartu gura du aurtengo aurrekontu proiektua. Sozialistek gehiengo osoa dutenez, ez dute arazorik izango. Iaz baino diru gehiago izango dute, aurrekontua %15 handiagoa baita: 69 milioi euro, hain justu. Neurri handi batean, Udalkutxak emandako dirua %10 igo delako dauka Portugaletek aurrekontu handiagoa aurten. Maria Jose Blanco alkatearen esanetan, hiria «berritzeko eta modernizatzeko» helburua dute.
Obrak finantzatzeko erabiliko dituzte bederatzi milioi euro inguru. Azeta parkea eta kaia lotzeko igogailu bat eraikiko dute, esaterako. Abatxolo kaleko urbanizazioa ere berrituko dute. Hiriko hainbat kale asfaltatuko dituzte, eta argiteria ere berrituko dute. Horrez gain, Floridako umeen jolasgunea estaliko dute.
Gizarte zerbitzuak indartzeko 7,3 milioi euro erabiliko dituzte. Esaterako, autonomia pertsonala sustatzeko programa batzuk ipiniko dituzte martxan, eta etxez etxeko arreta zerbitzuaren aurrekontua handituko dute. Gizarte laguntzetan banatzeko %7 gehiago izango dute. Aurten bereziki berdintasun gaietan egingo dute indar, Bidatzenea emakumeen etxe berrian egingo diren jardueren bitartez.
Ekonomia arloan, enplegua sustatzeko beste programa batzuk abiatuko ditu Portugaleteko Udalak. Ekintzaileentzako laguntzak ere jaso dituzte aurrekontuan. Tokiko merkataritzari laguntzeko aurrekontua %44 haziko da, eta hirian kontsumitzea bultzatzeko beste bonu bat sortuko dute; 100.000 euroko aurrekontua izango dute horretarako. Azken urteetan nabarmen hazi da turismoa Portugaleten, eta horri erantzuteko plan estrategiko bat onduko dute. Gainera, turismo bulego bat atonduko dute Salazar dorrean.