Bizkaiko beste hainbat herritan legez, Portugaleteko kaleen artean ere mahats bilketan ibili dira egunotan. Izan ere, hiri mahasti bat dute Santa Maria basilikaren alboan, eta ez edozelakoa: Urban Vineyards Association nazioarteko hiri mahastien elkartean onartu berri dute. Mundu osoko 31 mahastik osatzen dute. Hori dela eta, Buenos Airesko, Los Angelesko, Erromako, Melbourneko, Lisboako eta beste hainbat hiritako ordezkariekin bilduko dira Portugaleteko Mahastizainak elkartekoak urrian, Bartzelonan egingo duten urteko kongresuan. Eta zapatu honetan, berriz, Mahats Bilketaren Jaia egingo dute Portugaleten, laugarrenez. Elkarteko presidente Luis Colinak azaldu duenez, Mahastizainen helburua da udalerriko egutegian ekitaldi garrantzitsu bihurtzea, Portugaletek eta txakolinak izan duten lotura ezagutarazteko herritarrei.
Mahatsa ere zapatuan biltzekoak ziren, baina, gainontzeko ekoizleei gertatu zaien modura, aurreratu egin behar izan dute, udako beroaldiak ohi baino goizago heldu duelako mahatsa. Kultur elkarte bat da Portugaleteko Mahastizainak; beraz, ez dute irabazi asmorik, eta ekoizten duten ardo zuria kideen artean eta ezagunen artean banatzen dute. Ardo zuria dela azpimarratu du Colinak, eta ez txakolina. «Txakolinaren izendapena erabiltzeko, Bizkaiko Txakolina sor-markako kide izan behar da, eta gu oraindik ez gara», argitu du. Lortzeko bidean daude, eta espero du aurki beren ardoari txakolin deitzeko moduan egongo direla.
Gurdibide izeneko mahastia Portugaleteko Udalak landatu zuen, hiribilduaren 700. urteurrenaren aitzakian: 150 mahatsondo ipini zituzten. Tokiko kulturaren eta historiaren inguruko zaletasuna duen herritar talde bat elkartu, elkartea sortu, eta udaletxera joan ziren, mahastia kudeatzeko baimen eske. Ordutik ari dira kargu egiten. Batzuk ihartu egin dira, beste batzuk kaltetu, eta elkarteko boluntarioek gehiago landatu dituzte. Gaur egun, 230 inguru dituzte, 1.600 metro koadroko eremu batean. Datozen urteetan gehiago landatuko dituztela iragarri du presidenteak, baina ez du uste hirurehun gaino kabituko zaizkienik. Euren artean banatu dezaketen baino ardo gehiago ekoitziko balute, pentsatuko lukete zer egin. Agian enkantean saldu eta dirua GKE bati eman diezaioketela aipatu du Colinak.

Portugaleteko Mahastizainen presidentearen esanetan, Urban Vineyards Association elkartean askotariko mahastiak daude, bakoitza bere interesekin. Baina, oro har, oraingoz ez dago upategi handirik. Badaude ardoa saltzen dutenak ere, eta «oso ona», baina ez dira enpresa indartsuak. Ondorioz, mahastien klub bat da, ekoizleena baino gehiago. Adibidez, Erromako mahastiak udalak antzinako aztarnategi batean landatutakoak dira, eta ez dute mahatsa bildu ere egiten. Portugaletekoek ez dute saltzen. «Mahasti hauen helburua da ardogintzaren eta mahastien historia berreskuratzea, garai bateko Europan izan zuten garrantzia ez ahaztea». Arlo historikoa, etnografikoa eta paisajistikoa lantzen dituzte, batez ere. Hala ere, Colinak uste du egunen batean upategi handiak ere ahaleginduko direla sartzen, elkarteak duen izen ona mesedegarri izango dutelakoan. Orduan guztien interesak babestea izango dute erronka.
Portugaleteko elkartearen xedea ere mundu mailako taldearen bera da. Izan ere, presidenteak nabarmendu duenez, Portugalete eta Bizkaiko hiribilduak ezin daitezke mahasti barik ulertu. «Erdi Aroan ezinbestekoak izan ziren. Elikadura aldetik urri ibiltzen zirenez, herritarrei lanerako indarra eta kemena emateko erabiltzen zuten hiribilduan ekoitzitakoa». Besteak beste, Bilbon, Plentzian, Bermeon, Lekeition eta Ondarroan ere txakolina ekoizten zuten hiribilduan bertan kontsumitzeko. Gainera, Colinak kontatu duenez, hiribilduotako udalek ardoari ipinitako zergetatik ordaintzen zituzten obra publiko guztiak. «Aragoiko erresuman hasi ziren horrela egiten, eta Europa osoko hiribilduetara zabaldu zen.
Portugaleten XIX. mendearen erdi aldera galdu zituzten mahastiak eta utzi zioten txakolina ekoizteari. Ordura arte, paisaian funtsezko elementua izan ziren, eta ekonomian ezinbesteko jarduera. Orain, baina, inor gutxik du historia horren berri. Portugaleteko Mahastizainek akordura ekarri gura dute, datozen belaunaldiek ere ezagut dezaten.