Portugaleteko Sastraka gaztetxea husteko arriskuan dago. Hala salatu dute bertako gazteek. Apirilaren 1ean egingo dute jabeek eraikina husteko asmoz jarritako salaketari dagokion epaiketa. Horri aurre egiteko, Sastrakakoek manifestaziora deitu dute domeka honetarako, gaztetxea defendatzeko. «Haien asmo espekulatiboen aurka, Portugaleterako gure alternatiba kultural eta politikoa proposatuko dugu», adierazi dute. 13:15ean abiatuko dira, Carlos VII.aren kaletik, metrorako sarrera paretik.
Duela sei urte sortu zuten Sastraka, Karmengo Ama ikastetxe zaharra okupatu zutenean. 2020ko egun hartan Ertzaintzak bederatzi lagun identifikatu zituen, eta haien kontrako epaiketa penala 2024an egin zuten. Gazteen defentsak eta fiskalak esan zuten ustezko okupazio delitua preskribatuta zegoela, eta epaileak absolbitu egin zituen.
Gaztetxekoek nabarmendu dute eraikina zaintzen eta mantentzen dutela. Okupatu eta hilabetera, sute «arraro» bat piztu zen, eta, diotenez, orduan ere ez zuten interesik agertu jabeek. Orain, hustea gura dute; gazteen esanetan, eraitsi eta etxebizitzak egin gura dituzte. «Ez dakigu zein den haien estrategia, baina gu eraikina eta haren ondare historikoa defendatzen ari gara», adierazi dute.