Segurtasun falta eta etxebizitza, barakaldarren arazo nagusiak

Barakaldoko Udalak egindako inkestaren arabera, herritarrek 7,46ko nota ipini diote hiriko bizi kalitateari.

Barakaldoko ikuspegia, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Barakaldoko ikuspegia, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko urtarrilaren 23a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Barakaldarrak «oso ondo» bizi dira, eta 7,46ko nota ipini diote hiriko bizi kalitateari, udalak egindako inkestaren arabera. Iazkoaren parekoa da: 7,47 ipini zioten orduan. Abenduan egin zituzten elkarrizketak, eta gaur egin dituzte publiko emaitzak. «Udalerriaren egoerari buruzko pertzepzio positiboa erakusten du, eta, hain zuzen ere, ia ez dago balorazio txarra jaso duen arlorik», esan du Inguralde gizarte zerbitzuen udal erakundeko presidente David Sollak. Dena den, barakaldarren kezka nagusiak segurtasun falta eta etxebizitza dira.

Abenduan egindako inkestan, %32,5ek aipatu zuten segurtasun falta Barakaldoko arazo nagusi modura. Sollak nabarmendu du azken azterlanetan lehen postuan egon den arren, gero eta gutxiago direla kezka hori dutenak. Izan ere, urtebete lehenago egindako inkestan, %36,2k adierazi zuten hori zela arazorik larriena. Hala ere, oro har baleko balorazioa egiten dute segurtasunaz, batez beste 5,82ko nota ipini diote eta. %78,3k ontzat jo du kalean segurtasun kamerak jarri izana. Hamar barakaldarretik lauk uste dute hirian txarto argiztatutako leku asko daudela. Herritarren erdiek uste dute segurtasun falta berdintsua dela Barakaldon eta inguruko beste udalerrietan.

EAJ-k 11 zinegotzi izaten jarraituko luke 

Barakaldoko Udalak egindako inkestaren arabera, udal hauteskundeak orain eginez gero, EAJk irabaziko lituzte. Gaur egun bezala, 11 zinegotzi eskuratuko lituzte. Bigarren lekuan PSE-EEk jarraituko luke, zazpi zinegotzirekin; orain baino bat gehiago. EH Bilduk eskuratuko luke sozialistek galdutakoa, eta sei lortuko lituzke. Elkarrekin Podemosek eta PPk bina eskuratuko lituzkete, gaur egun bezala. 

Ostera, indartu egin da etxebizitzari buruzko kezka Barakaldon: 2024ko inkestan %14,9k aipatu zuten, eta iazko abenduan egindakoan, %18,4k. Barakaldarrek aparkaleku faltaz ere ohartarazi diote udalari. Udal zerbitzu guztiek gainditu egin dute azterketa, aparkalekuek izan ezik: 3,47ko nota jaso dute. Jaitsi egin da udalerriko ekonomiarekiko ardura, eta ia 6ko nota ipini diote; enpleguari, 5,67koa.

Barakaldarren %71 «gustura» bizi dira udalerrian, eta ez lirateke beste herri batera joango bizitzera. Aurreko inkestan %67k esan zuten hori. San Bizenteko eta Ibarreta-Zuloko bizilagunek dute gogobetetze mailarik altuena: zazpitik gorako nota ipini diote Barakaldori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.