Solluben eta Jatan ez dute ipiniko aerosorgailurik

Sollube Gane eta Jata Gane proiektuen sustatzailea den enpresak uko egin dio aurrera egiteari.

Jata eta Sollube mendiak, Gatikako futbol zelaitik ikusita, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jata eta Sollube mendiak, Gatikako futbol zelaitik ikusita, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko azaroaren 26a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sollube Gane eta Jata Gane parke eolikoen bultzatzaileak, Arena Power enpresak, uko egin die proiektu biei, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Enpresak jakinarazi dio ez duela baimena lortzeko prozedurekin jarraitu gura. Eta ez da halakorik gertatzen den lehen aldia: aurretik ere beste enpresa batek izan zuen Solluben eta Jatan aerosorgailuak ipintzeko proiektua.

Arena Power enpresak 31 milioi euroren inbertsioa egiteko asmoa zuen Jata mendian, bost aerosorgailu jartzeko. Ondoren, Jatabe, Mungia, Gatika eta Derio zeharkatuta, Zamudioko parke teknologikora eroan nahi zuten argindarra. Leku berera eroan nahi zuten Solluben sortutako argindarra ere. Sollube Gane proiektuan, sei aerosorgailu ipintzea zen asmoa, Bermeo, Meñaka eta Arrietako lurretan, eta kasu horretan 37 milioi euroko inbertsioa egin beharra zegoen. Proiektu horren ebakuazio linea Mungia, Fruiz eta Gamiz-Fika zeharkatzekoa zen parke teknologikora ailegatu aurretik.

Eskualdean ezinegona sortu zuten proiektu biek, eta Uribeko Mendiak Jagon plataformak eta inguruko herrietako udal eta alderdi politikoek milaka alegazio aurkeztu zizkieten. «Energia berriztagarrien alde gaude, baina tokian-tokian sortutakoa eta kontsumitutakoa bada, energia kooperatibei lotutakoa. Ez zaigu gustatzen megaproiektuen eredu hau», adierazi du plataformako kide Joseba Sarasolak. Izan ere, Uribeko Mendiak Jagon taldeko kideek uste dute proiektu guztiek parke eoliko erraldoi bakar bat osatzen zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.