Trafikoa baino arinago hazi da ekonomia

Historikoki, errepideetako trafikoak eta BPGak antzeko bilakaera izan dute, baina Bizkaiko trafikoa %1,8 areagotu zen iaz, eta ekonomia, %2,3 hazi. Foru aldundiaren ustez, garraio jasangarriaren alde hartutako neurriei esker lortu dute hori.

Arrondegiko zubia, Erandio eta Barakaldo artean, artxiboko irudian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Arrondegiko zubia, Erandio eta Barakaldo artean, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iaz, Bizkaiko foru errepide sareko kilometro bakoitzetik 4.586,2 milioi ibilgailu igaro ziren, batez beste. Horietatik 365,9 milioi ibilgailu astunak izan ziren. Ondorioz, 2023arekin alderatuz gero, %1,8 igo zen trafiko orokorra, eta %0,6 ibilgailu astunena. Bizkaiko Foru Aldundiak egindako Bizkaiko Errepideetako Trafikoaren Bilakaera 2024an txostenaren aurrerapenean daude jasota datuok. Epe berean, herrialdearen BPG barne produktu gordina %2,3 hazi zen. Historikoki, hazkunde biak elkarri lotuta egon dira —trafikoarena eta ekonomiarena—, baina orain ez doaz parean. Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuaren esanetan, orain arteko joerari eutsi izan balitzaio, trafikoak iaz %3ko hazkundea izan beharko zukeen. Alzagak uste du joera aldaketa hori «erakunde publikoetatik bultzatu diren politika egokien» ondorio dela.

Diputatuaren iritziz, mugikortasun jasangarriaren aldeko neurriek aldarazi egin dituzte herritarren garraio ohiturak. «Eguneroko joan-etorrietarako herritarrek bizikleta erabiltzeko bidegorri sarea sustatu da, eta garraio publikoa babestu». Beraz, lehen baino gutxiago erabiltzen dute autoa. Hori argi ikusi da Bilborako sarreretan: %1,4 gutxitu ziren autoak iaz, 2023arekin alderatuz gero. Eta ez da behin-behineko beherakada bat izan: hiriburura auto gutxiago sartzen dira urterik urtera. Horretan, garraio publikoaren erabileraz gain, badago joan den urtean eragin zuzena izan zuen beste faktore bat: ekainean emisio gutxiko eremua sartu zen indarrean, eta irailean isunak ipintzen hasi zen Bilboko Udala.

«Lehen, kamioiek bigarren mailako errepideetatik igaro behar izaten zuten, eta, orain, bide zuzenak dituzte, hala nola Bilbo hegoaldeko saihesbidea» 

CARLOS ALZAGABizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatua

Ibilgailu astunei dagokienez, kamioiek zeharkatu beharreko kilometroak gutxiago direla nabarmendu du Alzagak: «Lehen, bigarren mailako errepideetatik igaro behar izaten zuten, eta, orain, Bilbo hegoaldeko saihesbidea bezalako bide zuzenak dituzte». Hain zuzen, hegoaldeko saihesbidea eta AP-68a dira trafikoa gehien areagotu den errepideak; bereziki ibilgailu astunak ugaritu dira, diputazioa kamioiei kobratzen hasi baitzen herrialdeko hainbat errepide erabiltzegatik. Ondorioz, trafiko astuna berrantolatu egin da, eta aipatutako autobide horietan areagotu den neurri berean apaldu da metropoliko eraztuna delakoan —BI-10 eta BI-30 errepideetan; hau da, garai bateko Bilbo hegoaldeko A-8aren zatian eta Txorierriko lasterbidean, hurrenez hurren—.

Ibilgailu astunei bidesaria kobratzeko arkua, BI-625 errepidean, Basaurin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibilgailu astunei bidesaria kobratzeko arkua, BI-625 errepidean, Basaurin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Hain zuzen, BI-30a da Bizkaian trafiko dentsitate handieneko errepidea, Arrondegiko zubian eta inguruan. Leioa zeharkatzen duen BI-637 errepideak eta BI-30ak bat egiten duten lekutik Barakaldoko Max Center pareraino, iaz egunero 125.000 ibilgailu baino gehiago igaro ziren. Arrondegiko zubian bertan dago trafiko neurgailuetako bat, eta hark zenbatzen ditu ibilgailu gehien herrialde osoan: 2024an, 138.071, egunero.

Zubitik igaro ziren ibilgailuetatik %5,8 izan ziren astunak. Erabilera handiena duten tarteetan bigarrena —Leioa zeharkatzen duen BI-637 errepidearen zatia— 113.848 ibilgailuk erabili zuten; %3,1 izan ziren astunak. Gehien erabiltzen direnetan hirugarrena BI-10 da, Bilboko Basurtu auzotik Barakaldoko Gurutzetara arteko zatia: 111.429 ibilgailu igaro ziren iaz handik egunero; %3,6 ziren astunak.

Bizkaiko trafikoan, batez beste, joan-etorrien %7,8 izan ziren ibilgailu astunenak. Herrialdean trafiko gehien duten hiru tarteetan, non pilaketak sarri sortzen baitira, ibilgailu astunak %5,8, %3,1 eta %3,6 izan ziren, hurrenez hurren. Hau da, herrialdeko batezbestekoa baino gutxiago hiruretan. «Bizkaian ez dago arazorik ibilgailu astunen trafikoarekin», ohartarazi du Iratxe Garcia Mugikortasun Iraunkorreko eta Logistikako Euskal Erakundeko zuzendariak.

Auto pribatua

Garciak azaldu duenez, garraio arloan egiten diren gas isurien %75 errepide bidezko joan-etorriek eragindakoak dira. Horien barruan, isurien %60 bidaiarien garraioari lotuta daude. Beraz, haren esanetan, garraio iraunkorragoa lortzeko, bidaiarien joan-etorriak gutxitzea lortu behar da, ibilgailu astunena baino gehiago.

Mugikortasun Iraunkorreko eta Logistikako Euskal Erakundeko zuzendariak azaldu duenez, joera aldaketa arrakastatsua izateko, orekatuta egon beharko lirateke errepideetako auto kopuruaren jaitsiera eta garraio publikoko erabiltzaileen igoera. Bizkaiko Garraio Partzuergoak emandako kopuruek lagun dezakete ikusten ibilgailu pribatuetatik garraio publikorako jauzia agerikoa izan dela: Bilboko Metroak 2023an baino %8,6 bidaiari gehiago izan zituen iaz; Bilboko tranbiak, %15,7 gehiago; Euskotrenek, %12,2 gehiago; Bizkaibusek, %15,3 gehiago; eta Bilbobusek 2008tik izan dituen emaitzarik onenak lortu zituen.

1.241,4

Bizkaiako Foru Aldundiak herrialdeko 1.241,4 kilometrotako trafikoa neurtu du. Horietatik 215,6 kilometro gaitasun handiko errepideetakoak izan dira. 520 neurketa estazio erabili ditu neurtzeko.

%19

Bizkaiko kilometroen artean, %19 baino ez dira lehentasunezko bideak. Hala ere, lehentasunezko bide horietatik igarotzen da Bizkaiko trafikoaren %59.

Bilboko Metroa nabarmendu gura izan du Garciak; metropoliaren ardatza dela esan du. Horrek badu beste ondorio bat: metropoliaren ingurua Bilboko aparkaleku bihurtu da bizkaitar askorentzat. «Herritik, etxetik, metro geltokietara autoz joaten dira, eta, gero, metroz Bilbora». Garciaren esanetan, ez da erraza hori saihestea, beste garraio publikoek ezin baitituzte metroak eskaintzen dituen ordutegi eta maiztasunak eskaini.

Adituak adierazi du Bizkaian garraio publikoko sare «ona» dagoela, eta hori lagungarria dela auto pribatuak errepideetatik kentzeko. Dena den, uste du herritarrak hezi egin behar direla oraindik, batez ere garraio mota bat baino gehiago hartu behar badute: «Garraiobide batetik bestera pasatu behar badute, gurago dute autoz joan. Alde horretatik, pedagogia lana egin behar da».

Emisio gutxiko eremurako sarreran jarritako seinalea, Bilboko Errekalde Zumarkalean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Emisio gutxiko eremurako sarreran jarritako seinalea, Bilboko Errekalde zumarkalean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Enpresa pribatuek ere hartzen dituzte neurriak. Garciak kontatu du badirela langileentzako autobus zerbitzua eskaintzen dutenak, baina «oso gutxi» erabiltzen direla. «Nor joango da ordu laurden bat lehenago autobusez, autoz joan eta erraz aparkatuko badu?». Enpresa batzuetan aparkalekuak gutxitzea erabaki dutela esan du, beharginak autobusa hartzera animatzeko, baina ohartarazi du erabaki horiek gatazkatsuak izan daitezkeela.

Garraio iraunkorragoa

Mugikortasun Iraunkorreko eta Logistikako Euskal Erakundeko zuzendaria ez da ausartu ibilgailu astunen beherakadari buruzko iritzia ematen. «Jakin beharko litzateke zer joan-etorri mota diren, zeintzuek egin duten behera: herrialde barrukoek edo ibilbide luzeagoen barruan Bizkaitik pasatzen direnek. Bigarren horiek balira, ez luke izango eraginik gure ekonomian; ostera, herrialde barrukoak balira, agian kezkatzekoa litzateke».

Iruditzen zaio Bizkaiko ekonomia eraldatu egin dela. «Gaur egun garraiatu behar diren zenbat produktu ekoizten dira hemen?», egin du gogoeta. Diputazioak emandako datuen arabera, iazko hazkunde ekonomikoa bereziki zerbitzuen eta eraikuntzaren sektoreek bultzatu zuten. Batik bat, zerbitzuen alorrean sortu zen enplegua. Ostera, industrian ez zen hazkunde positiborik izan lau hiruhilekoetatik hirutan. 

«Garraiobide batetik bestera pasatu behar badute, gurago dute autoz joan. Alde horretatik, pedagogia lana egin behar da»

IRATXE GARCIAMugikortasun Iraunkorreko eta Logistikako Euskal Erakundeko zuzendaria

Garciaren iritziz, «idealena» litzateke trafiko astunak Bizkaiko joan-etorrietan duen pisua handitzea, horrek herrialdeko ekonomiaren «osasun ona» adieraziko lukeelako; batez ere, industriarena. Baina, aldi berean, trafiko astun hori jasangarriagoa izan beharko litzateke, eta gas isuri gutxiago eragin. Izan ere, asko dago hobetzeko, haren esanetan. «Kamioien batez besteko adina 15 urtetik 17,5 urtera pasatu da urtebetean. Garraiolariek ezin dute kamioi elektrikorik erosi; teknologia ez dago behar bezain garatuta. Asko beste herrialde batzuetara joaten dira bigarren eskuko ibilgailuak erostera. Ez dakite zer pasatuko den, zer erosi beharko duten, zelan lan egin beharko duten gerora».

Bizkaiako salgaien garraioan berebiziko garrantzia du Bilboko Portuak. Eta badu berezitasun bat ere: portutik irteten den garraioaren %20 trenez joaten da. «Sekulako arrakasta da hori». Udan, Bilbo hegoaldeko tren saihesbidea eraikitzen hasiko dira erakundeak. Portua eta Bilbo lotuko ditu. Azpiegitura horren helburuetako bat da tren bidezko salgaien trafikoa are gehiago handitzea. Era berean, salgai arriskutsuen garraioa Ezkerraldeko herriguneetatik aterako da, eta, bide batez, pertsonen tren bidezko garraioa ere hobetuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.