Trafikoaren kutsadura murrizten duten panel batzuk probatzen hasi dira Ermuan

Euria Tech enpresak sortu ditu, eta Kaltxango biribilgunean ipini dituzte. Trafikoak isurtzen dituen gas kutsatzaileen %30 neutralizatu ditzakete.

Panelak Ermuko Zearkalen, Kaltxango biribilgunean, gaur. BERRIA
Panelak Ermuko Zearkalen, Kaltxango biribilgunean, gaur. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko azaroaren 4a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Trafikoak airera isurtzen duen kutsadura gutxitzeko metodo bat probatzen hasi dira Ermuan. Kaltxango biribilgunearen bueltan dauden barandetan kutsadura gutxitzeko panel berezi batzuk ipini dituzte udalak eta Izarra fundazioak. Panelek material nanoegituratuak dituzte, eta hirian dauden gas kutsatzaileen kontzentrazioa etengabe murrizten laguntzen dute. Birziklatutako plastikoz eginda daude oso-osorik, eta, eguzki erradiazioaren bidez, airean dauden hainbat gas kutsatzaile gutxitzen dituzte; esaterako, nitrogeno oxidoa eta konposatu organiko hegakorrak.

Euria Tech enpresak garatu du panelek egiten duten prozesu fotokatalitikoa. Eguzki argiarekin aktibatzen da, eta trafikoak isurtzen dituen gas kutsatzaileen %30 neutralizatu ditzakete. Panelek ez dute argindarrik behar, ezta mantentze lanik ere. Udalak jakinarazi duenez, luzaroan iraun dezakete, hezetasuna eta erradiazio ultramorea jasateko prestatuta daudelako.

Kaltxango biribilgunea leku garrantzitsua da Ermuko trafikoari dagokionez, herriko bide nagusiak batzen diren lekua baita. Han probatuko dituzte panelak, eta lortutako emaitzen arabera, baliteke hiriko beste leku batzuetan ere panelak jartzea erabakitzea udalak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.