Txikiteroen Festaren antolatzaileek «gazteak erakartzeko egitarau bat» prestatu dute

Txerokiak, Eingo, Kilometro Kantu, Perejil eta Kittu taldeen kalejirak antolatu dituzte datozen egunetarako.

Urteko lehen muztioa egiten, 2022ko Txikiteroen Egunean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Urteko lehen muztioa egiten, 2022ko Txikiteroen Egunean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko urriaren 2a
07:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oro har, adinekoak ibiltzen dira txikiteoan, eta, ondorioz, adinekoak izaten dira Txikiteroen Festa ospatzen duten gehienak ere. 63. aldian ahalegin berezia egingo dute «gazteak erakartzeko»: Txerokiak, Eingo, Kilometro Kantu, Perejil eta Kittu taldeen kalejirak antolatu dituzte datozen egunetarako.

Urtero bezala, urriaren 11n izango da Txikiteroen Festa, haien eta Bizkaiko zaindari Begoñako Amaren egunean. Baina aurretik hasiko dira ospatzen Bilboko Zazpikaleetan eta Bilbo Zaharrean. Esaterako, domeka honetan, Bilbo Zaharreko herri krosaren aitzakian, Txerokiak taldea auzo hartako kaleetan ibiliko da eguerdiko txikiteo edo poteoa girotzen. Urriaren 9an, berriro arituko dira Bakioko musika taldekoak, baina oraingoan, 18:30etik aurrera, Zazpikaleetan eta Kilometro Kantu taldekoek lagunduta. Urriaren 10ean, jaiaren bezperan, Eingok goizez ipiniko ditu kantuan eta dantzan hiriburuko alde zaharrean ibiliko direnak, eta Perejil taldeak, berriz, arratsaldez.

Bilboko jai zinegotzia, ohorezko erromesa

Begoñako Anaidiak antolatuta, urriaren 10ean egingo dute urteroko Begoñarako erromeria. 19:30ean abiatuko dira Arriaga plazatik Begoñako basilikara bidean, trikitilariek, txistulariek eta dantzariek lagunduta. Aurtengo Itziar Urtasun Bilboko Jai zinegotzia joango da denen buruan, hura izendatu baitute ohorezko erromes. 21:00etako meza hasieran berbaldia egingo du Urtasunek. Biharamunean, Begoñako Amaren egunean, egun osoan izango da jai giroa basilikaren inguruan: Bilboko Udal Musika Bandaren kontzertua, Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldearen emanaldia, prozesioa, trikitilariak, kalejirak eta umeentzako puzgarriak izango dira, besteak beste.

 

Txikiteoari lotutako kantu tradizionalagoek ere ez dute huts egingo egunotan. Adibidez, urriaren 9an Matsorriak, Deustoarrak eta Bilbao Argia abesbatzek kontzertua emango dute Atxuriko Gizakundearen elizan. Biharamunean, Txipli Txapla otxotea ibiliko da Zazpikaleetan tabernaz taberna. Aurtengo Ohorezko Txikitoak urriaren 6an banatuko dituzte, La Bolsa eraikinean. Doctor Deseoko Francis Diez eta Euskal Museoa izango dira omenduak.

Ama Birjinaren egunean, ohiko ekitaldiei eutsiko diete. 11:30ean txakolinaren kalejira abiatuko da, Euskal Museotik. Bizkaiko Txakolina sor-markako ekoizleek aurten bildutako mahats mardoak eroango dituzte saskietan, La Bolsa eraikineko kanpoko aldean dagoen Begoñako Amari lehen muztioa eskaintzeko. Bien bitartean, Santiago katedralaren aurreko aldean egingo dute geldialdia, mahai gainekoa dantzatzeko. 12:00etan, lore eskaintza ere egingo diote Ama Birjinari, eta sorta trukean Begoña tarta zatiak banatuko ditu Bizkaiko Gozogileen Elkarteak. 20:00etan bukatuko da egitaraua, Salbea abesten dutenean. Baina jai giroak tabernetan jarraituko du, txikiteroen eskutik.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA