Bizkaiko lau kideko familiek, batez beste, bederatzi euro gehiago ordainduko dituzte uraren fakturan 2027an. Izan ere, beste urte batez, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak gaurkotu egin du bere zerbitzuen kostua, Europako Uraren Esparru Zuzentaraua beteta. Legedi horren arabera, uraren ziklo integralaren kostua osorik ordaindu behar dute bezeroek tarifan. Eguneraketa horrek ahalbidetuko dio partzuergoari inbertsioak mantentzea, azpiegitura hidraulikoak indartzeko eta berritzeko.
Atzo arratsean egindako osoko bilkuran, 2027 eta 2030 urteen arteko aldirako aurrekontua onartu zuen partzuergoak: 400 milioi euroko inbertsioak egingo ditu hornidura eta saneamendu sareetan. «Diru hori azpiegitura berrietara bideratuko da, uraren hornidura kalitate eta kantitate egokikoa dela bermatzeko eta ur masen egoera ekologikoa hobetzeko. Modu horretan, ur masetara isuritako kutsadura murriztuko da», azaldu du partzuergoak.
Hornidura sarean partzuergoaren kezketako bat Busturialdean dago. 2023ra bitartean 57,7 milioi euro erabiliko dituzte eskualdea Zadorrako sistemari lotzeko. Izan ere, partzuergoaren esanetan, Busturialdeak baliabide hidrikoen defizita du eta eskariari erantzuteko arazoak izaten ditu agorraldietan. Konexio obrak hiru sortatan banatuta egongo dira, datorren hilean lizitatuko dituzte, eta datorren urtean hasiko. Espero dute urte bi eta erdian bukatzea. Bien bitartean, behin-behineko neurriak hartu dituzte Solluben egindako ur hargune berriekin. Joan den udarako prest egon dira, eta, partzuergoaren esanetan, haiei esker ez da ur faltarik egon Busturialdean.
Datorren urtean hasiko dituzte, baita ere, Ballonti eta Las Carreras artean edukiera handiagoko hodia jartzeko lanak. 32 milioi erabiliko dituzte horretarako. Partzuergoaren esanetan, obra hori ezinbestekoa da Enkarterriko eta Ezkerraldeko hornidura bermatzeko, Zadorrako eta Ordunteko sistemetatik, hurrenez hurren.
Saneamenduari dagokionez, diru gehien Galindoko ekaitz andela amaitzeko erabiliko dute: 24 milioi euro. Obrak azken txanpan daude, eta partzuergoak espero du 2028rako bukatuko dituztela. Lurpeko ur biltegi handi bat da, eta haren helburua izango da euri jasa handiak dauden momentuetan hodi biltzaileetatik gainezka egingo lukeen uraren zati handi bat biltzea, itsasadarrera zuzenean isuri behar ez izateko. Han gorde ondoren, araztegira joango dira ur horiek, garbitzeko.