Bizkaiko lau kideko familiek, batez beste, 9,6 euro gehiago ordainduko dituzte uraren fakturan 2026an. Izan ere, beste urte batez, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak gaurkotu egin du bere zerbitzuen kostua Europako Uraren Esparru Zuzentaraua beteta. Legedi horren arabera, uraren ziklo integralaren kostua osorik ordaindu behar dute bezeroek tarifan, eta igoera honekin %82 inguru ordainduko da. Beraz, hurrengo urteetan ere faktura garestitzen jarraituko du ur partzuergoak. Hobariak mantentzea ere onartu du partzuergoak: bonu sozial elektrikoa eta termikoa jasotzen duten familiek eta diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen dutenek eskatu ahal izango dute. Datorren urtean eskatzeko prozesua «sinpleagoa» izango da, urteko edozein unetan eskatu ahal izango da, eta, behin onartuta, lau fakturatan egongo da indarrean.Â
Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak urteko batzar nagusia egin du, eta, tarifak gaurkotzeaz gain, datorren urterako aurrekontua ere onartu du. Inoizko handiena izango da: 262 milioi euro; aurten baino 21,2 milioi gehiago. Igoera horren bidez, partzuergoak modua izango du aurre egiteko ustiapen eta mantentze kostuen igoerari eta obretako materialen garestitzeari.Â
Hornidurari dagokionez, zenbait lanekin hasiko dira edo jarraituko dute. Busturialdea Zadorraren sistemarekin lotzen duen obrarako hamalau milioi euroko zakua gorde dute. Enkarterrin, Abellaneda eta Cadagua ibaien arteko zatia eraikitzeko hamar miloi euro inbertituko dituzte. Eskualde berean, Bilbatoko (Zalla) eta Ametzagako (Gueñes) deposituak zaharberritzeko eta lehen mailako sarean konektatzeko lanek 3,5 milioi euroko aurrekontua izango dute. Ezkerraldean, Ballonti-Las Carreras eroanbidea bikoizteko, lau miloi euro erabiliko dira. Lea-Artibain, Berriatuko eta Ondarroako hornidura bateratzeko, 2,5 milioi euro. Saneamendu sarean, obra nagusiak Galindon (Sestao) egingo dituzte: ekaitz tankean eta araztegian. Araztegian, tratamendu biologikorako hiru putzu zaharberrituko dituzte, harea kentzeko gaitasuna handitu eta hobetuko dute, eta lehen mailako tratamendua berritu eta hobetuko dute.Â
Azkenik, ur partzuergoaren batzar nagusiak ontzat eman du datorren urterako Udalerrientzako Laguntza Plana, tokian tokiko hornidura sareak berritzeko. 2026an 350.000 euro bideratuko dira horretara: Abadiñoko, Barakaldoko, Basauriko, Berriatuko, Bilboko, Durangoko, Getxoko, Portugaleteko eta Zamudioko udalek jasoko dituzte.