Ohartarazi dute Urdaibaiko hondartza eta paduretan txakurrak aske ibiltzeak arriskuan jartzen dituela hegazti migratzaileak

Urdaibai Bird Centerrek gogoratu du EAEko Ondare Naturala Babesteko Legeak debekatu egiten duela.

Txakur bat hondartzan lasterka, hegazti talde baten atzetik, artxiboko irudi batean. BERRIA
Txakur bat hondartzan lasterka, hegazti talde baten atzetik, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko urtarrilaren 15a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Busturialdean, Laida, San Antonio eta Kanala hondartzetan eta San Kristobalgo dunetan sarri ibiltzen dira txakurrak hegaztien atzetik korrika, Urdaibai Bird Center interpretazio zentroak salatu duenez. Askotan txakurrentzat olgeta baino ez diren lasterkaldi horiek ikaratu egiten dituzte hegaztiak, eta uxatu. Ondorioz, egokiagoak ez diren lekuetara joaten dira babes bila, edo, zuzenean, alde egiten dute Urdaibaiko paduretatik. Horregatik, txakurrak aske ibiltzeak eragin ditzakeen arriskuez ohartarazi du zentroak, eta gogoratu du EAEko Ondare Naturala Babesteko Legeak debekatu egiten duela.

Araudi horrek debekatu egiten du txakurrak aske ibiltzea 2000 Natura sareko espazioetan. Urdaibaiko biosfera erreserba hegaztien migrazio gunea da. Urte osoan hirurehun espezie baino gehiago pasatzen dira handik. Debekua ez errespetatzeak 200 eta 3.000 euro arteko isuna ekar lezakeela gogoratu du Urdaibi Bird Centerrek. Gainera, debekua bete ez eta aske ibili den txakurrak kaltea eragiten badie beste animalia batzuei, 3.000 eta 200.000 euro artekoa izan daiteke isuna.

Zentroak azaldu duenez, Afrikatik Europa iparralderako bidean, milaka kilometro egiten dituzte hegaztiek. «Urdaibaiko padurak atsedenleku eta elikatzeko leku dira hegazti hauentzat. Neka-neka eginda ailegatzen dira gurera, eta egoera horretan txakur batek jarraitzeak falta duten energia ere gastatzea dakar, eta sarritan hil egiten dira hegaztiak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.