Ekainaren 5ean eta 6an egitekoak ziren Eztanda jaialdia Urdulizen. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, azken orduko arazo teknikoak eta administratiboak izan dituzte, eta festibala bertan behera utzi behar izan dute. Udalarekin lanean ari dira, uda ondoren egin ahal izateko, «hasierako espiritua eta kartela» mantenduta.
Ekainerako erositako sarrerek ordurako balioko dute, baina gurago dutenek dirua berreskuratzeko aukera ere izango dute, online edo aurrez aurreko salmenta lekuetan. Data berriak eta behin betiko kartel eguneratua iragartzen dituztenean ere, beste epe bat zabalduko dute sarrerak itzultzeko, egun horretan Urdulizera joan ezin dutenentzat.
Kontatu dutenez, produkzio guztia prest zuten, kontratazioak eginda eta azpiegiturak atonduta, baina jaialdia bertan behera utzi behar izan dute azkenean: «Beharrezko lanak garaiz eta berme guztiekin amaitzeko ziurtasunik ez izateak erabaki zail hau hartzera behartu gaitu», esan dute sare sozialen bidez zabaldu duten oharrean.
«Arimadun jaialdia»
Aurten lehen aldiz prestatu dute Eztanda jaialdia ekainerako. Makrofestibalak alde batera utzita, punk-rockaren eta rockaren zaleen topagune alternatibo izan zedila gura zuten antolatzaileek. Urdulizen egingo zutela iragarri zuten antolatzaileek, baina Bizkai osoko jendea zegoen gonbidatuta. «Arimadun jaialdien esentzia berreskuratu gura dugu, masifikazioa saihestuta eta herrian kultur esperientzia bat eskainiz», esan zuten antolatzaileek aurkezpenean.
Erresuma Batuko Cockney Rejects punk-rock talde historikoa da karteleko izarretako bat. Anestesia, Chuleria Joder, Disaster Jacks, Kaleko Urdangak, Arene 6, Ezta Ilen, Hell Beer Boys eta Ilberri ere oholtzatik igarotzekoak ziren, beste batzuen artean. Antolatzaileek gura lukete zerrendan agertzen diren gehienak uda ondoren Urdulizen egotea.