Urriaren 17tik 26ra egingo dute Loraldia Plaza, Arrigorriagan eta Zaratamon

Jaialdiaren laugarren aldirako zazpi ekitaldi aukeratu dituzte, hainbat diziplinatakoak. 'Marea gora' lelopean, euskal kulturaren ekosistema gorantz doala aldarrikatuko dute.

Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatea, Amaia Ocerin Loraldiko komunikazio arduraduna eta Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea, gaur, Arrigorriagan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatea, Amaia Ocerin Loraldiko komunikazio arduraduna eta Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea, gaur, Arrigorriagan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Arrigorriaga
2025eko irailaren 17a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal kultura garaikideari plaza bat emateko, sortzailea erdigunean jartzeko eta euskarazko sormena etorkizuneko lengoaietan pentsatu eta aurkezteko sortu zen Loraldia, jaialdiaren komunikazio arduradun Amaia Ocerinen esanetan. «Amets hori ez zen bakarrik Bilbora mugatu. Loraldia Plazak aukera ematen du proposamen horiek beste herri batzuetara ere zabaltzeko». Laugarrenez, Arrigorriagara eta Zaratamora (Bizkaia) joango da Loraldia. Urriaren 17tik 26ra izango da. Asteburu bitan zazpi jarduera eskainiko dituzte, hainbat diziplinatakoak. Gaur ipini dituzte sarrerak salgai jaialdiaren webgunean. 

Marea gora da aurten aukeratu duten goiburua. Ocerinen arabera, ez da lelo soil bat. «Gure eguneroko lanaren adierazpena da: euskal kulturaren ekosistema bizirik dagoela adierazten du; indartsu dagoela, gorantz doala. Tradizioa errespetatzen dugu, baina ez da museo bat». Transmisio kateari eustearekin batera, euskarazko imajinario garaikide bat aberastu gura du Loraldiak. Horregatik, urrirako prestatu duten egitarauak aspaldi egonkortutako sortzaileak eta Loraldiaren sormen beka digitalaren irabazleak uztartzen ditu, adibidez. Juan Carlos Perez, Roper Ordorika, Meñakoz dantza taldea, La Pulga,Tartean antzerki konpainiakoak eta beste hainbat igaroko dira oholtzatik.

Lehen asteburuan, Zaratamon izango dira ekitaldiak. Alberto Ugarriza alkateak nabarmendu du kultura garaikidez gozatu ahal izango dutela herrian. «Loraldia Plaza ekinaldiak aukera ematen digu gurearen moduko herri txiki bat Euskal Herriko kultur programazioan eta zirkuituan sartzeko», adierazi du. Iazko jaialdian bi saio egin zituzten udalerrian. Arkotxan ere ekitaldi bat egitea probatu gura izan zuten, eta auzoko elizan kontzertu bat egin zuten. Arrakastatsua izan zenez, aurten gauza bera egitea pentsatu dute. Hain zuzen, Ruper Ordorikak Bakarka II lana aurkeztuko du han urriaren 18an. Bezperan, Itoiz udako sesioak dokumentala ikusteko aukera izango dute. Ugarrizak azpimarratu du Ordorikak, Juan Carlos Perezek eta Jose Garate Foisis-ek harremana dutela Zaratamorekin, eta horregatik ilusio berezia egiten dietela bi ekitaldi horiek.

Formatu txikikoak

Oceminek nabarmendu du Arkotxan urte osoan izango den kultur eskaintza bakarrenetakoa izango dela Ordorikaren kontzertua, eta horri ere garrantzia eman dio. «Tamaina edo formatu txikiko proposamenak eskaintzen ditugu, eta oso beharrezkoak ditugu horiek ere. Makrokontzertuen garai honetan, balio handiagoa eman behar diegu horrelako proposamenei, herri txikietako jendeari aukera ematen diotelako herrian bertan kulturaz gozatzeko», esan du Loraldiaren komunikazio arduradunak.

Loraldia Plaza ekinaldiak «komunitatea indartzen eta identitatea sendotzen» laguntzen die, Arrigorriagako alkate Maite Ibarraren esanetan. Elkarlana nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkie jaialdia posible egiten dutenei, bereziki ikusleei: «Zuek zarete jaialdi honen benetako bihotza eta arima». Arrigorriagarako, bost jarduera antolatu dituzte. Berritzaileak dira haietako bi.

Urriaren 25ean ekitaldi berezi batean parte hartzeko aukera izango du publikoak: Piszifaktoria Idien Laborategiak eta Fikzio Fabrikak ibilbide bat proposatu dute Arrigorriagako kaleetan barrena. Gura dutenek sakelakoaren bidez istorio bat entzungo dute paseoan ibili bitartean. Ondoren plazan elkartuko dira, irudipenen berri emateko elkarri.

Loraldia Plaza bukatzeko, ardo dastatzea eta musika uztartzen dituen ekitaldia egingo dute urriaren 26an: publikoak Arabako El Mozo upategiko ardoa edaten duen bitartean, Morau eta Beñardo Goienetxe kantugileek gorazarre egingo diote ardoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.