Urte bukaeran hasiko dira Ermuko mendebaldeko saihesbidearen lehen fasea eraikitzen

Hiru urte iraungo dute lanek. Lehen fasea bukatzerako bigarreneko proiektua prest izan gura du foru aldundiak.

Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Kohesiorako diputatua, gaur, Bilbon. BERRIA
Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Kohesiorako diputatua, gaur, Bilbon. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko urtarrilaren 26a
17:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Foru Aldundiak egueneko gobernu kontseiluan onartuko du Ermuko mendebaldeko saihesbideko lehen fasearen aurreproiektua, ondoren alegazio fasea zabaltzeko. Carlos Alzaga Azpiegitura eta Lurralde Kohesiorako diputatuaren esanetan, urte bukaeran hasiko dira eraikitzen, eta hiru urte beharko dituzte bukatzeko. 20,8 milioi euroren inbertsioa egingo dute. Ermutik Areitiorako errepidea eta Mallabira doana lotuko ditu. Hartara, Ermuko hegoaldeko saihesbidetik Mallabira edo Urtiako industrialdera doazen ibilgailuek ez dute Ermua erdigunean dagoen Kaltxangoko biribilgunetik pasatu beharko.

Urtiako zubibidea izango da lehen fase horren oinarria, errepide biak lotuko dituena. Horrez gain, hiru biribilgune izango ditu. Urtiakoa da lehenengoa, BI-3302 errepide zaharrean: Mallabitik Ermura joateko bidea eta Urtiako industrialderako sarbidea berrantolatuko ditu. Handik Ermurako sarbide berria abiatuko da, eta baita  hurrengo saihesbideko hurrengo biribilgunerako errepide zatia ere. Izarrakoa da bigarren biribilgune hori, eta Ermuko Udalaren izen bereko eraikinaren ondoan egongo da. Mallabitik eta Urtiako industrialdetik datozen ibilgailuei AP-8ra eta N-634ra joateko modua emango die Ermutik pasatu barik. Gainera, bigarren biribilgune horretan prest utziko dute mendebaldeko saihesbideko bigarren faserako konexioa.

Hirugarren biribilgunea Zearrekoa da, BI-3344 errepidean, eta hari esker joan ahal izango dira ibilgailuak N-634ra eta AP-8ra; izan ere, hegoaldeko saihesbideko tuneletako irteeratik gertu egongo da. Izarrako eta Zearretako biribilguneak lotzeko egingo dute Urtiako zubibidea, Mallabitik Ermuko erdigunera doan BI-3302 errepidea eta Zubitegi erreka zeharkatuko ditu.

Lehen fasearen helburu nagusia zera da, Artioko industrialdera doazen kamioiak herri erdigunetik ateratzea. Batez beste 250 kamioik zeharkatzen dute gaur egun Ermua erdigunea egunero, handik datozela edo hara doazela. Bigarren fasea Mallumendikoa izango da, eta lehen fasea eta Trabakuarantz doan BI-2301 errepidea lotuko ditu tunel baten bidez. Horri esker, Goitondoko industrialdeko kamioiek ez dute Ermua erdigunetik pasatu beharrik izango. Hala ere, bigarren fase horretarako proiektua lantzen ari da oraindik diputazioa, Alzagak esan duenez.

Nabarmendu du lehen fasekoa baino konplikatuagoa izango dela, teknikoki zailagoa delako eta baimen gehiago beharko direlako. Esan duenez, lehen fasea bukatu eta jarraian ekin nahi diote bigarrenari, baina ezin dute ziurtatu proiektua prest izango dutela ordurako. Era berean, lehen faseak bukatuta egon behar du bigarrenari ekiteko, bestela bigarreneko tunela egitean aterako duten lurra herriaren erditik garraiatu beharko lukete kamioietan.

Aspaldiko eskaera

Urteak daramatzate ermuarrek kamioiak herrigunetik ateratzeko eskatzen. 2018an, hegoaldeko saihesbidea inauguratu zuen diputazioak. Hari esker N-634 errepideko trafikoa kanporatu zuten, batez ere, Eibartik (Gipuzkoa) zetozen kamioiak. Baina oraindik ere herria inguratzen duten industrialdeetako kamioiek Kaltxangoko biribilgunetik pasatu behar dute AP-8ra joateko. Hori konpontzeko gura dute mendebaldeko saihesbidea. Ermuarren ustez, «berandu» dator. Azken urteetan hainbat mobilizazio egin dituzte, eta aspaldion udalaren babesa ere badute protestek. Iraileko osoko bilkuran diputazioaren atzerapenak salatzen zituen mozio bat onartu zuten aho batez. Salatu zutenez, erdigunetik egunero igarotzen diren kamioiek eragin zuzena dute bide segurtasunean, herritarren osasunean, atsedenean eta bizi kalitatean. Foru aldundiari eskatu zioten lanak ahalik eta azkarren hasteko. Bien bitartean, ibilgailu astunei herrigunetik igarotzea debekatu diete.

Beatriz Gamiz alkateak (PSE-EE) bilkuran salatu zuenez, foru aldundiak ez ditu konpromisoak bete. Alzagaren aurretik karguan egondakoek hitzemandakoa gogoratu zuen. Esaterako, 2023ko urtarrilean, oraindik Azpiegituretarako diputatu zela, Imanol Pradalesek iragarri zuen 2025eko urtarrilean edo otsailean lizitatuko zutela obra, eta baita lanean hasi ere. 2023ko apirilean, Bizkaiko Foru Aldundiak ohar bidez jakinarazi zuen 2025eko udaberrirako prest izango zutela eraikuntza proiektua, eta joan den abenduan hasiko zirela beharrean.

Alzagak esan du ulertzen duela egunero etxe paretik kamioiak pasatzen zaizkien herritarren haserrea, eta «bidezkoa» iruditzen zaio ermuarren «ezinegona». Hala ere, ohartarazi du «askotan» herritarren nahiak eta obrek ezin izaten dutela bat egin denboran. «Arazoak berehala konpontzea nahi izaten dugu, baina obrak egiteko denbora behar izaten da». Adierazi duenez, gero eta baldintza gehiago bete behar izaten dituzte proiektuetan, eta horrek luzatu egiten du lanean hasteko denbora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.