Zergen bidez etxea eskuratzen laguntzea baina diputazioak etxerik ez sustatzea erabaki dute Batzar Nagusiek

Politika orokorreko osoko bilkuratik eratorritako ebazpenak bozkatu dituzte. Foru gobernuari eusten dioten alderdiek ebazpen bat adostu dute EH Bildurekin, eta hiru Bizkaiko Elkarrekin taldearekin.

Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkura, gaur, Gernika Lumoko Batzar Etxean. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkura, gaur, Gernika Lumoko Batzar Etxean. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Ibai Maruri Bilbao.
Gernika-Lumo
2026ko urriaren 6a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elixabete Etxanobek akordioak proposatu zituen Bizkaiko Batzar Nagusietako politika orokorreko bilkuran, eta bakarren batzuk lortu dituzte saio haren ondoren batzarkide taldeek aurkeztutako ebazpenetan. Gaur bozkatu dituzte, Gernika-Lumon egindako osoko bilkuran. Azken zerga neurriek eragindako desadostasunak gaindituta, foru gobernuko EAJk eta PSE-EEk bost ebazpen aurkeztu dituzte elkarrekin, beste hiru adostu dituzte Bizkaiko Elkarrekin taldearekin, eta bat EH Bildurekin. Hainbat bozeramailek adierazi dutenez, denbora falta izan zaie negoziatzeko, eta, besteak beste, ez dute lortu etxebizitzaren inguruko akordio zabalik. Jeltzaleen eta sozialisten ebazpenetako batean zerga politikaren bidez etxebizitza eskuratzen laguntzeko konpromisoa hartu dute, baina ez da onartu, berbarako, EH Bilduk eta Bizkaiko Elkarrekin-ek egindako eskaera: Azpiegiturak foru sozietateak etxebizitza publikoak berriro ere sustatzen hastekoa, alegia. Gobernu koalizioak zerga neurri berrien tramitazioarekin aurrera jarraitzearen alde egin du.

Bizkaiko Elkarrekin taldeko bozeramaile Eneritz Madariagaren esanetan, Azpiegiturak lan hori egin izan du aurretik, eta egoki iritzi dio berriro ere horretan hasteari. «Ez gara eskatzen ari diputazioak bereak ez dituen eskumenak har ditzala. Legeak horretan aritzea baimentzen dio», argitu du. Koalizio subiranistako Iker Casanovak gehitu du foru sozietatearen estatutuetan ere jasota dagoela etxebizitza arloan lan egiteko modua. Zehazki, EH Bilduk gura du Azpiegiturak sozietateak foru lurzoruak kudeatzea: «Aholkulari bihurtuko litzateke, eta laguntza tekniko eta ekonomikoa eskainiko luke 7.500 biztanletik beherako udalerrietako politiketarako. Gainera, lurzorua kudeatuko luke, edo hura erosiko luke eraikitze lanak aktibatu ahal izateko, beste erakunde batzuekin lankidetzan eta eskumen esparruak errespetatuz». Jesus Lekerikabeaskoa bozeramaile jeltzaleak erantzun die esperientzia ez zela ona izan aurretik egindako probetan.

Guztira, hogei ebazpen proposamen eztabaidatu dituzte: bost oposizioko talde bakoitzak, eta bost jeltzaleek eta sozialistek elkarrekin. Hiru bere horretan onartu dituzte. Horietako bi jeltzaleek eta sozialistek adostutakoak izan dira. Batean, fiskalitatea etxebizitza politiketarako erabiltzeko eskatu diote diputazioari, eta beste eskaera batzuk ere egin dizkiote: etxebizitzak eraberritzeko eta eraikinak gazte kalteberentzako zuzkidura bizitoki bihurtzeko ekimenak, gazte horiei birgaitze eta eraikuntza jasangarriko teknikak irakatsita, adibidez. «Etxebizitza, enplegua eta autonomia politikak proiektu bakarrean», adierazi du Jesus Lekerikabeaskoa bozeramaile jeltzaleak. Beste ebazpena trantsizio energetikoari eta industriaren deskarbonizazioari lotuta dago: besteak beste, erregai berriztagarriak bultzatzeko egutegia eskatu diote diputazioari, eta ikerketa bat egin dezala egoitzak eta eguneko zentroak klimatizatzeko.

Bizkaiko Elkarrekin taldeak aurkeztutako ebazpen bat ere onartu dute. Soilik PPko hiru batzarkideek bozkatu dute aurka. Bizikidetzari lotuta dago, eta diputazioari eskatzen dio arrazakeriaren, xenofobiaren eta gorroto diskurtsoen kontrako estrategia bat garatu dezala Aniztasunaren eta Gizarte Kohesioaren II. Planean. Foru gobernuak migratzaile adingabeen inguruan egiten dituen adierazpenak txarretsi ditu Eneritz Madariaga bozeramaileak. Hain zuzen, PPk adingabe horiei ematen zaien arretari tiraka aurkeztu du ebazpenetako bat. Gainontzeko guztiek kontra bozkatu dute. «Ados gaude egin duzuen diagnostikoaren parte batekin, eta egin dituzuen eskaera batzuekin ere bai. Baina ez zaigu gustatzen zer pentsamolde dagoen atzean: arrazakeria eta xenofobia sustatzen dituzue», esan dio Pablo Gomez-Guadalupe batzarkideari.

Mugikortasuna, zaintza eta gazteak

Jeltzaleek eta sozialistek mugikortasunari lotutako ebazpen bat adostu dute EH Bildurekin, eta beste bat Elkarrekin taldearekin. Koalizio subiranistarekin hitzartu dute datorren urtea bukatu orduko hainbat neurri ezarriko dituztela: tarifa sistema integratua jarriko dute martxan, eta erabilera eta egoera sozioekonomikoa ere kontuan hartuko dituzte, zonifikazioa sinplifikatuko dute, eta garraiobide aldaketa doakoa izango da. Bizkaiko Garraio Agintaritza sortzeko konpromisoa ere hartu dute, eta Bizkaibusen autobusak berrituko dituzte, deskarbonizazioa azkartzeko.

Elkarrekin taldearekin, berriz, landa inguruko mugikortasuna hobetzeko neurriak lotu dituzte. Agintaldia bukatu aurretik, diputazioak garraio zerbitzu berezia sortu beharko du Enkarterrin eta Lea-Artibain, auzoak eta gune bakartuak eskualdeetako herri nagusiekin eta zerbitzu publikoekin lotzeko.

Zaintza arloarekin lotuta dago jeltzaleek, sozialistek eta Elkarrekin taldeak adostutako beste ebazpen bat. Hitzartu dute diputazioak eskualde gehiagotara hedatuko dituela Etxetic zentroak, baina tokian tokiko baldintzetara eta adineko bakoitzaren eta haren jagoleen beharretara gehiago egokituta. Gainera, zaintza politiketan etxebizitza, enplegua eta mugikortasuna ere kontutan hartzeko konpromisoa hartu dute. Madariaga saiatu da diputazioak egoitzetako ratioak hobetu ditzan, baina ez du lortu.

Azkenik, hiru talde horiek Bizkaia Gazteak 2030 eta Udal Gaztedi planak sendotzearen aldeko apustua ere egin dute, gazteen artean «kalitatezko» enplegua bultzatzeko, etxe bat alokatzea errazteko eta egoera zaurgarrian dauden gazteen ongizate emozionalaren, inklusioaren eta gura ez dan bakardadearen prebentzioaren inguruko programak indartzeko. Madariaga poztu da gazteentzako politiketan etxebizitzaren auzia ere lantzea onartu dutelako jeltzaleek eta sozialistek.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA