EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria

Iker Badiola: «Zientzian jantzia den gizarte bat demokratikoagoa da»

Irisgarritasuna da Kultura Zientifikoko Katedrak aurrera begira duen erronka nagusia, Iker Badiolaren esanetan. Izan ere, uste du zientziak jende guztiarengana heldu beharra duela.

Iker Badiola EHUren Bizkaia aretoan, Bilbon, aurreko asteko martitzenean. OSKAR MATXIN EDESA /FOKU
Iker Badiola EHUren Bizkaia aretoan, Bilbon, joan den asteko martitzenean. OSKAR MATXIN EDESA /FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko ekainaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Dibulgatzea ez da lan erraza. Argi utzi du hori Iker Badiola EHUko irakasle, ikerlari eta Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariak (Ondarroa, 1978). «Zientzialari bat dibulgatzera doanean ikus-entzule ez-espezializatuen eta heterogeneoen aurrean, ahalegindu behar du gauzak sinplifikatzen, baina edukiz hustu barik». Bada, era berean, esker oneko jarduera bat, Badiolak azpimarratu duenez: baliotsua hala gizartearentzat nola zientzialarientzat.

Haurra zinenean medikua izan nahi zenuen. Zer jakin-min zenuen garai hartan?

Ez naiz asko gaixotu izan, baina medikuak miresten nituen, hain preziatua dugun osasuna zaintzeko eta sendatzeko duten gaitasunagatik, superbotereak izango balituzte bezala. Selektibitatean, Medikuntzan sartzeko zorian geratu nintzen, eta Biologiara jo nuen, hurrengo urtean berriro ahalegintzeko asmoz. Baina Biologian benetako bokazioa aurkitu nuen.

Zerk harrapatu zintuen?

Lehenengo mailan Ana Zubiaga izan nuen irakasle —gaur egun, katedraduna da—. Notaren gehigarri moduan, lan bat egiteko aukera genuen biologiarekin eta ikasgelan ematen genituen materialekin zerikusia zuen gai baten inguruan. Nik hiesa aukeratu nuen. Lan hori egiteko, haren laborategian biltzen ginen, eta infekzio mekanismoak ikusten lagundu zidan. Horrek txunditu ninduen: begi bistan ikusten dugunaren oinarri ezkutuak harrapatu egin ninduen, biologian edo biokimikan aurkitu dezakegun horrek.

Gibeleko minbizia ikertu duzu, bereziki. Organo horretan erraz sortzen da metastasia. Zer berezitasun ditu?

2003an hasi nintzen tesia egiten: ikertu nuen zelako eragina duten zelula jakin batzuek kolon eta ondesteko minbiziak gibelean metastasia eragiten duenean. Gibela oso odoleztatuta dago, eta, gainera, odol hodi txiki asko ditu; hodi horietatik pasatzen da gorputzeko odolik gehientsuena, iragazi-edo egiten da. Beraz, edozein minbizi primario gibelera heltzen bada, aukera handia du han harrapatuta gelditzeko.

«Minbizi zelulak seinaleak bidaltzen ditu, eta inguruan dituen zelulen jarrera aldatzen du; engainatu egiten ditu, eta minbiziaren mesedetan lanean hasten dira»

Tumoreak agertzen direnean gorputzak zer jokaera duen ere ikertu duzu. Gorputzak minbiziari garatzen laguntzen dio?

Nire lan esparrua mikroingurune tumorala da. Minbiziari dagokionez, tumore zelula da aktore printzipala, baina bigarren mailako aktore batzuek ere izugarrizko garrantzia dute. Inguruan dituen zelulen laguntzarik gabe, minbiziak gaitz egingo luke aurrera. Minbizi zelulak seinaleak bidaltzen ditu, eta inguruan dituen zelulen jarrera aldatzen du; engainatu egiten ditu, eta minbiziaren mesedetan lanean hasten dira. Prozesu horietatik ezagunena, beharbada, angiogenesia da: odol hodiak minbizirantz adarkatzen dira, tumoreak oxigeno eta elikagai gehiago behar dituelako behin tamaina bat hartzen duenean. Beraz, hori ikertzen dugu: minbiziak nola moldatzen duen ingurua bere mesedetan, eta nola eten dezakegun inguruko zelulek ematen dioten laguntza, terapietara ere jotzeko.

Beraz, tratamenduak lortzea da zuen ikerketaren helburua?

Gero eta joera handiagoa dago, baita administrazioen aldetik ere, ikerketa bi motatan bereizteko: oinarrizko ikerketa eta aplikatua. Uste dut lehenengo helburuak jakintza sortzea izan behar duela, eta horrek, beharbada, eman dezake aplikazio bat etorkizunean, edo ez.

Azken urteetan, aurrerapauso asko izan dira minbiziaren arloan; batez ere, diagnostikoan. Baikorrak zarete?

Ikertzaileak baikorrak izan ohi gara; gainera, sinesten dugu gizarteari zerbait hobea eman diezaiokegula, izan jakintza, izan aplikazioa. Argi ikusten dugu etorkizuneko erronka nagusia botika berriak topatzea dela; batez ere, garatuta dauden minbizietarako. Oraindik txikiak direnean diagnostikatzen baditugu, artean metastasia sortu gabe dagoenean, nahiko erraz kontrola ditzakegu, baina, behin garatu denean, guda galdutzat ematen dugu sarri asko.

Minbiziak bere inguruan eragiten duenak oso moldagarri izateko ahalmena ematen dio, ezta? Agian, horregatik da hain zaila garatuta dagoen minbizi batentzat botikak sortzea?

Bai. Eta badago beste arazo bat. Irudikatu dezakegu minbizia zelula masa bat dela, zelula bat hainbat aldiz zatitzearen ondorioz sortu dena. Horrela deskribaturik, pentsa dezakegu masa hori zerbait homogeneoa dela, baina zatiketa horietan akatsak pilatuz joaten dira. Zelula horiek desberdinak dira, eta bakoitzak bere mekanismoak ditu. Hortik datorkio moldagarritasuna.

«Lehenengo helburuak jakintza sortzea izan behar du, eta horrek, beharbada, eman dezake aplikazio bat etorkizunean, edo ez»

2010ean sortu zen Kultura Zientifikoko Katedra. Mugarri bat izan da euskal zientzialarientzat?

Esango nuke mugarri bat izan dela gizartearentzat. Kultura zientifikoaren beharra nabarmendu dugu, eta gizartearen erdigunean jarri, balio demokratiko moduan. Zientzian jantziagoa den gizarte bat demokratikoagoa da, berdinzaleagoa. Eta zientzialariok ere kontzientzia hartu dugu horren beharraren inguruan.

Zientzialarioi zer ekarpen egiten dizue dibulgazioak?

Kanpora irteten laguntzen digu; eta, minbizia ikertzen dugunoi, gaixoen elkarteetara hurbiltzen. Batez ere, oinarrizko zientzia egiten dudanez, minbizia ikuspegi zelular eta biokimiko batetik aztertzen dut; guk zelulak ikusten ditugu, molekulak... Baina urruti geratzen zaizkigu gaixotasunaren aurpegiak, klinikaren esparrua. Eta bata ezin da ulertu bestea barik.

Zein dira katedraren etorkizuneko erronkak?

Irisgarritasuna: edukietan, espazioetan eta formatuetan. Jakintzak gizarte guztiarengana heldu beharra dauka. Gaur erabiltzen ditugun formatuekin, ez gara jende guztiarengana heltzen. Aurrez aurreko formatua ere erabiltzen dugu, baina, batez ere, hiriburuetan zentratzen da, han baitaude azpiegitura handiak. Zailagoa da auzoetara eta herrietara ailegatzea. Herrietan hainbat elkarte sortu dira: ni ondarroarra izanik, Zientziaren Giltzak datorkit burura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.