Zirkulazio istripuak eta zauritu kopurua gutxitu egin ziren iaz Bilbon

Udaltzaingoak emandako datuen arabera, 1.503 ezbehar gertatu ziren hiriburuko kaleetan. Guztira, 538 biktima izan ziren; berrogei izan ziren larri zauritutakoak, eta pertsona bat hil zen.

Bilboko udaltzainen kontrola, artxiboko irudi batean. BERRIA
Bilboko udaltzainen kontrola, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko otsailaren 19a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

COVID-19aren pandemiak estatistikak zoratu ditu, eta hori gertatu da trafiko istripuekin ere: 2020ko salbuespena aipatu behar izan du Amaia Agirre Bilboko Segurtasun zinegotziak balantzea egin duenean. Urte hartan itxialdirik eta mugikortasun mugarik egon izan ez balitz, iazkoa izango zatekeen azken hamarkadako urterik onena. 1.503 ezbehar gertatu ziren 2025ean hiriburuko kale eta errepideetan, eta hamar istriputik zazpitan ez zen zauriturik egon. Hori ere hamarkadako daturik onena da, izurritearen urtekoak kenduta. Guztira, 538 biktima izan ziren; berrogei izan ziren larri zauritutakoak, eta pertsona bat hil zen. Miguel Angel zuen izena. 44 urte zituen. Irailean zendu zen, Buia auzoan haren autoa errepidetik irten zenean.

Hamar ezbeharretik zortzi baino gehiago ibilgailuen arteko istripuak izaten dira. Gehienak astelehenetan gertatzen dira, eta domekak dira egunik lasaienak. Ordu tarteei dagokienez, 09:00etatik 11:00etarakoa eta 17:00etatik 19:00etarakoa dira arriskutsuenak, trafiko handienekoak ere badirelako.

Faktore askok izan zuten zerikusia kalte materialak eragin zituzten istripuetan, baina erdiak baino gehiago maniobra desegokien eta arreta galtzeen ondorio izan ziren, Udaltzaingoaren datuen arabera. Gainera, bi heren bide zuzenetan gertatu ziren. Beraz, zinegotziak azpimarratu duenez, gidarien jokabidea izaten da kausa nagusia. Sentsibilizazio kanpainak gorabehera alkoholaren eta drogen kontsumoak oraindik ere eragin handia duela nabarmendu du Agirrek. Bereziki, istripu larrienei lotuta egoten dira. Haren arabera, kontsumoari lotutako delituetan beherakada egon zen 2025ean, baina arlo horretan lanean jarraitzeko beharra azpimarratu du. Esan du arreta berezia ipiniko dutela 26 eta 40 urte artekoengan.

Patineteak eta antzekoak

Mugikortasun pertsonalerako ibilgailuak —hau da, patineteak eta antzekoak— gero eta ugariagoak dira kaleetan, eta nabarmenagoa da haien eragina trafikoan. Esaterako, halako ibilgailuen erabiltzaileei ipintzen dizkieten isunak hazten ari dira urtez urte. Iaz, adibidez, 23 txirrindulariri ipini zieten isuna, eta mugikortasun pertsonalerako ibilgailuren baten 43 erabiltzaileri.

Arregik gogoratu du urtarrilean moldatu egin zela mugikortasun pertsonalerako ibilgailuen Espainiako araudia, eta orain ibilgailuak erregistratzeko obligazioa dutela erabiltzaileek. Ondorioz, matrikula moduko bat izango dute, eta asegurua kontratatu beharko dute jabeek. Aurten, ibilgailua erosi ahala bete beharko dute hori jabeek; ibilgailua lehendik zutenek 2027ra arteko epea izango dute hura erregistratzeko eta asegurua kontratatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.