Gaurtik ostiralera bitartean, Espainiako, Frantziako eta Latinoamerikako hainbat adituk «1936ko gerrako errefuxiatuen eta egungo nazioarteko gatazken biktimen arteko paralelismoak» aztertuko dituzte Donostian eta Gasteizen, euskal erbesteari buruzko nazioarteko XIX. kongresuan. Hamaika Bide elkarteak eta EHUren Donostiako campusak antolatzen dute zikloa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren, Donostiako Udalaren eta Euskal Herria, Europa eta Amerika Mintegiaren laguntzarekin.Â
Bi eszenatoki izango dituzte jardunaldiek: Donostiako Carlos Santamaria liburutegia eta Gasteizko EHUko Letren Fakultatea. Gaur eta ostiralean, Carlos Santamaria liburutegian egingo dituzte solasaldiak, eta bihar EHUko Letren Fakultatean. Gaur arratsaldean egingo dute irekiera ekitaldia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren areto nagusian. Hainbat adituk hartuko dute parte, eta 1936tik 1939ra bitarteko euskal erbestealdiaren eta «gatazka garaikideek eragindako lekualdatze behartuen arteko paralelismoei buruzko hausnarketa» egingo dute.Â
Ihes egiteko moduez arituko dira, babes eta harrera sareez, bai eta etxea utzi behar dutenek dituzten erronka komunez ere. Hamaika Bide elkartearen arabera, orduko esperientzia askok badute antzekotasunik gaur egungo errealitatearekin.