Abian dira Lasarte-Oria eta Urnieta lotuko dituen bidegorriaren lanak

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 1,5 milioi euro jarriko ditu bidegorri hori egiteko. 1,2 kilometro luze izango da, eta aurreikusten dute uda amaieran amaituta egongo dela.

Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru diputatua, Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkatea eta Jorge Segurado Urnietako alkatea, gaur, Urnieta eta Lasarte-Oria artean egiten ari diren bidegorrian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru diputatua, Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkatea eta Jorge Segurado Urnietako alkatea, gaur, Urnieta eta Lasarte-Oria artean egiten ari diren bidegorrian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Miren Mujika Telleria.
2025eko abenduaren 18a
15:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak abiatu berri ditu Urnieta eta Lasarte-Oria lotuko dituen 1,2 kilometroko bidegorria egiteko lanak. Aldundiak 1,5 milioi euro jarri ditu bidegorri hori egiteko, eta aurreikusten dute uda amaierarako erabilgarri egongo dela. Han izan dira gaur goizean Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru diputatua, Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkatea, Jorge Segurado Urnietako alkatea eta Herme Gonzalez Urnietako Jasangarritasun Energetikoaren Arloko zinegotzia. 

Asensiok esan du proiektu horrek ondo islatzen duela aldundia lantzen ari den lurralde eredua. «Mugikortasun aktiboaren aldeko apustua egiten du gure lurraldeak, emisioak murriztearen eta pertsonak erdigunean jartzearen aldekoa. Bidegorri berri honekin, beste urrats bat egingo dugu udalerrien arteko konexio seguruago eta irisgarriagoetan, eta balio handiko tokiak berreskuratuko ditugu, herritarrek egunero erabil ditzaten». Hortaz, diputatuaren hitzetan, «aurrerapauso nabarmena» da bidegorri hori egiten hasi izana. «Mugikortasun garbiago eta irisgarriago baten alde egingo dugu hala. Ibilbide seguru bat da, erosoa eta jendeari ingurunean erabat integratua egoteko modua emango diona, emisioak murrizten lagunduko baitu».

Urnietako alkate Jorge Seguradok esplikatu du bidegorri berriak «mugikortasun jasangarria» sustatuko duela. «Bizikletaren erabilera bultzatuko du, bai eta oinezkoen joan-etorriak ere, eta horrek naturara hurbiltzeko eta ingurune pribilegiatu horretaz gozatzeko balioko du». 

Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkateari iruditzen zaio proiektu hori bi udalek nahi duten gobernantza ereduaren adibide dela: «Erakundeok helburu komun batekin elkarrekin lan egiten dugunean, mugikortasun alternatiba seguruak eta erosoak eta ingurumena errespetatzen dutenak eskaintzeko gai gara. Bidegorri berriak Lasarte-Oria eta Urnieta arteko lotura indartuko du, eta Buruntzaldeko bide sareari bultzada bat emango dio, pertsonak gure erabakien erdigunean jarriz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.