Proposamena: Hernaniko Emakumeentzako Jabetze Eskolaren 20. urteurrena

Ahalduntzea ospatzeko plaza bat

Hogei urte bete ditu Hernaniko Emakumeentzako Jabetze Eskolak. Aitzindarietakoa izan zen. Urteurren festa egingo dute gaur, Kulturarteko Plaza Feministan.

Hainbat emakume, Hernaniko Emakumeentzako Jabetze Eskolaren 20. urteurren festa iragartzen, maiatzaren 22an, herriko Kulturarteko Plaza Feministan. HERNANIKO JABETZE ESKOLA
Hainbat emakume, Hernaniko Emakumeentzako Jabetze Eskolaren 20. urteurren festa iragartzen, maiatzaren 22an, Kulturarteko Plaza Feministan. HERNANIKO JABETZE ESKOLA
Miren Mujika Telleria.
Hernani
2025eko ekainaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aldaketa pertsonal eta kolektiboa gauzatzeko prozesua da jabetzea, bai eta «sistemak emakumeengan duen eraginaz konturatzea» ere. Hernaniko Emakumeentzako Jabetze Eskolak uste du horretarako nahitaezkoa dela hainbat faktore elkartzea, hala nola «emakumeei maila pertsonalean gertatzen zaiena ulertzea, eskubideak ezagutzea, informazioa eta baliabideak eskura izatea, nork bere ahalmenak lantzea eta autonomia, kontzientzia eta ahalmen kritikoa izatea». Jabetzea prozesu pertsonal bat dela esan du Itsaso Lekuona Berdintasun zinegotziak, inork ezin duela beste inor jabetu, baina aldi berean, ahalduntzeak kolektiboa izan behar duela dio. «Jabetzeak gure bizitzan autonomia izatea dakar, bizitzari aurre egiteko indarra eta konfiantza izatea eta eraldaketa sozialean parte hartzea». Uste du erakundeek emakumeen eta emakume taldeen jabetze prozesuak susta ditzaketela, eta, hain zuzen ere, horixe da Hernaniko Emakumeentzako Jabetze Eskolaren asmoa. 20. urteurrena bete du aurten, eta gaur arratsaldean ospatuko dute efemeridea, Kulturarteko Plaza Feministan.

«Sistemak eremu pribatuetara, erreproduktibora eta zaintzara bideratu gaitu emakumeok, eta Jabetze Eskolaren asmoa beti izan da, besteak beste, eremu maskulinoak ere geure egitea», esan du Lekuonak. Horretarako, eskolak askotariko jarduerak eta ikastaroak eskaini ditu sorreratik hona —irrintzi tailerrak, literatur ekintzak, askotariko dantza saioak, mendi orientazio ikastaroak...—, eta helburu bera izan du beti: emakumeak ahalduntzea, haien arteko sareak ehuntzea eta kontzientzia feminista sustatzea. Eskolak jasota dauzkan erregistroen arabera, hogei urtean 2.000 emakumek baino gehiagok parte hartu dute jardueretan.

Udalak abiatua

Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailak abiatu zuen Jabetze Eskola, 2005ean. Gipuzkoan gisa horretako proiektuen artean aitzindarietako bat da Hernanikoa, orduan ez baitzegoen halakorik herrialdean. Lekuonak dio proiektua asko hazi dela ordutik hona, eta bereziki azken urteetan. Izan ere, 2021ean, Kulturarteko Plaza Feminista ireki zuten herrian, Florida auzoko 28. zenbakian, eta, harrezkeroztik, hango eskaintzaren parte da Jabetze Eskola. «Urtez urte joan da izaera hartuz, baina azken urteotan proiektua zabaltzea lortu dugu, Kulturarteko Plaza Feministak egitura sendotu duelako», esan du Berdintasun zinegotziak. «Espazio hau dugunetik, eskaintza handitu egin da, eta emakumeen parte hartzea areagotu».

Kulturarteko Plaza Feminista irekita dagoenetik, gutxienez berrehun andrek eman dute izena urtero. Kasu baterako, 2023-2024ko ikasturtean 693 emakumek parte hartu zuten hango ikastaro eta tailerretan.

Gaur, kantu eta dantza

20. urteurrena ospatuko dute gaur, 17:30ean. Berdintasun zinegotziak uste du «ospakizun eder» bat merezi duela Jabetze Eskolak. Prest dituzte horretarako beharrezkoak diren osagaiak. Irrintziek, zaghareetek eta ezgariek —beste herrialde batzuetan egiten diren irrintziaren antzeko oihuak— zabalduko dute egitaraua. Ondotik, dantza saio gidatua izango da, Jenny Perlazarekin. «Asmoa da taldean gorputzak mugitzea eta askatzea», esan du Lekuonak. Karaoke bat ere prestatu dute, eta horretarako, parte hartzaileek gustuko duten kantua aukeratu ahal izango dute, aurretik bete beharreko galdetegi baten bitartez. Mokadu batekin amaituko dute ospakizuna.

Gaurkoa «festa irekia» izatea nahi dute antolatzaileek, bai eta Kulturarteko Plaza Feminista hogei urtean Jabetze Eskolan parte hartu duten emakumeen «topaleku» bihurtzea ere. «Urteurren festarekin indarrak batu nahi ditugu datorren urtean jarduera gehiago egiteko», esan du Berdintasun zinegotziak. «Urte hauek guztiek emandakoaz arituko gara eta elkarrekin ospatzeko eta gozatzeko gunea izango da».

Etorkizunera begira, lanean jarraitu nahi du Hernaniko Emakumeentzako Jabetze Eskolak. Ikuspegi feminista duten ikastaroak programatzen jarraituko dute, bi asmo nagusirekin: aniztasuna hauspotzea eta neska gazteak erakartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.