Albaolak azaroaren 7an itsasoratuko du 'San Juan' baleontzia

Lurrean egin beharreko lanak amaituta, itsasoko lanei ekingo diete. Itsasontzia museo izango da datozen hilabeteetan, eta bisitatu ahal izango da

Eider Mendoza diputatu nagusia eta Xabier Agote Albaolako lehendakaria, gaur, Albaolan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Eider Mendoza diputatu nagusia eta Xabier Agote Albaolako lehendakaria, gaur, Albaolan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Pasaia
2025eko urriaren 16a
17:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Albaola itsas kultur faktoria eraikitzen ari den San Juan baleontziak badu itsasoratzeko data: azaroaren 7a. Egun horretan amaituko dituzte lurrean egin beharreko lanak, eta itsasoko lanei ekingo diete. Xabier Agote Albaolaren sortzaile eta lehendakariak esan du ontzia itsasoratzeak «mugarri bat» markatuko duela Albaolaren ibilbidean. «Azken fasea gelditzen zaigu orain: baleontziaren ekipamendu integrala osatzea, ontzia nabigagarri bihurtzea eta itsasora itzultzea». Pasaiako badian egingo dute azken fase osoa, eta falta diren piezak —lau kilometroko soka, belak, aingurak, barrikak, balea txalupak...— sortu eta erantsiko dizkiote orain arte egindakoari. 

Ontzia 17:30ak aldera uretaratuko dute, baina 16:00etan aurkeztuko diete erakundeei. Han izango dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Pasaiako Udaleko, Unescoko eta Espainiako eta Kanadako gobernuetako ordezkariak. Agotek hasieratik proiektuaren eraikuntza lanak ikusi dituztenei gomendatu die ontzia itsasoratu baino lehentxeago joateko, lurretik uretarako bidea ikus dezaten. 

Agotek aurreratu du San Juan itsasontzia museo izango dela datozen hilabeteetan eta bisitatu ahal izango dela. «XVI. mendeko itsas teknologia eta orduko nabigatzaileen bizitza xehetasunez ezagutzeko espazio bat izango da».

«Erronka ikaragarria»

San Juan XVI. mendeko baleontzi bat izan zen, Ternuako ur hotzetara joaten zena, baleak ehizatzera. 1565. urtean hondoratu zen, ekaitz baten ondorioz, Red Bayn (Kanada). 1978. urtean aurkitu zituzten itsasontzi haren hondakinak eta alboan zuen baleak harrapatzeko erabilitako txalupa; izan ere, ez zituzten baleontzitik bertatik harrapatzen, txalupa txikiago batetik baizik. Piezek laurehun urte baino gehiago eman zituzten ur azpian, baina nahiko egoera onean mantendu ziren. Sei urte inguru iraun zuten aurkitutako aztarnen indusketa lanek, eta, ikerketa luzeen ostean lortutako informazioarekin, Albaolan ontzi horren erreplika bat egitea otu zitzaien, orduko materiala landuz eta orduko teknikak erabilita. «Erronka ikaragarria izan da», esan du Agotek. «Ahaztuta zegoen jakintza bat berreskuratu dugu. Hunkitu egiten nau pentsatzeak zenbat jendek eta erakundek erakutsi duten proiektuarekiko konfiantza». 

Eider Mendoza diputatu nagusiak uste du azaroaren 7koa «nazioarte mailako gertakizuna» izango dela. «Gure lurraldearentzat eta gure herriarentzat lehen mailakoa izango den ekitaldi batez ari gara. Talde lanaren, jakintza zientifikoaren, konpromisoaren eta ofizio tradizionalen emaitza paregabea da San Juan ontziaren erreplika». Bat dator Mendozarekin Teo Alberro Pasaiako alkatea. Dioenez, baleontziaren itsasoratzea ez da itsasontzi historiko baten historia berpiztea soilik. «Komunitate oso baten ahalegina da. Egitasmo honen bidez, Pasaiak berriro erakusten du herri txiki bat mundu osora irits daitekeela herritarren indarrari esker».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.