Arrain ugari hil dira Urola ibaian, Urretxuko igerilekuan izandako kloro isurketa baten ondorioz

Udaleko teknikariak URA Uraren Euskal Agentziarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainekin aritu dira elkarlanean, isuriak ibaiko ekosisteman duen eragina aztertzeko. Igerilekua zabalik dago.

Urretxuko udal igerilekua. URRETXUKO UDALA
Urretxuko udal igerilekua. URRETXUKO UDALA
Miren Mujika Telleria.
2026ko ekainaren 30a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekainaren 26an arrain ugari agertu ziren hilda Urola ibaian. Urretxuko Udalak jakinarazi du kloroa isuri zela ibaira, udal igerilekuko instalazioetan dagoen ur depositu bat puskatu zelako, eta hargatik hil zirela horrenbeste arrain. Jazotakoaren berri izan bezain laster, udalak zegokion protokoloa aktibatu zuen, bai eta larrialdi zerbitzuei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari abisu eman ere, gertaeraren nondik norakoak aztertu eta beharrezko neurriak hartu zitzaten.

Harrezkeroztik, udaleko teknikariak URA Uraren Euskal Agentziarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainekin aritu dira elkarlanean, isuriak ibaiko ekosisteman duen eragina aztertzeko eta egin beharreko lanak zehazteko.

Urretxuko Udalak jakinarazi du igerilekuko instalazioak aztertzen ari direla egunotan, ur depositua apurtu izanaren arrazoiak argitzeko eta horrelakorik berriro ez gertatzeko. Nolanahi ere, igerilekua zabalik dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA