Mugarik gabeko inklusioa lelopean, Aspace Eguna egingo dute larunbatean Donostian, garun paralisia dutenen eta haien familien errealitatea ikusarazteko. Egitarau zabala antolatu dute, «sentsibilizazioa, kultura, musika eta kirola» uztartuko dituena. 11:00etan hasiko dute egitaraua, Zuloaga plazan, eta bazkari bat egingo dute ondotik, 14:00etan, Goienetxe zentroan. Bostehun lagun baino gehiago biltzea espero dute.
Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak esan du Aspace Eguna «ospakizun huts bat baino gehiago» dela. «Gizarte gisa bizi nahi dugun etorkizun horretara begiratzeko modu bat ere bada». Jakinarazi du estua dela foru aldundiak Aspacerekin duen harremana. «Zaintza eredu gizatiarrago baten alde egin dugu elkarrekin, baina oraindik baditugu erronkak: sentsibilizazioa indartzea, oztopoak haustea eta pertsona orok bizitza proiektua aukera berdintasunez garatu ahal izatea». Hortaz, herritar guztiak egitarauan parte hartzera deitu ditu Peñak. «Keinu eta parte hartze bakoitzak Gipuzkoa inklusiboago, solidarioago eta pluralago batera eramango gaitu».
'Aspalagun' aitortza
Rosa Iglesias Aspaceko lehendakariaren hitzetan, Aspace Eguna, ospatzeko egun bat baino gehiago, «aldarrikatzeko egun bat» da, baita lagun izan dituzten erakundeei aitortza egitekoa ere. Aurten, Aspacek hiru erakunderi erakutsiko die esker ona: Donostiako Orfeoiari, Musikeneri eta Euskadiko Orkestrari. Aspalagun izeneko aitortza emango diete, elkartearentzat egin duten lana eskertzeko asmoz. 11:30ean izango da hori.