Atzo goizaldean Donostian erretako eraikina «agian» osorik eraitsi beharko dutela esan du Insaustik

Sutearen ondorioz bederatzi lagun etxetik atera zituzten, eta haietako bat ospitalera eraman zuten, kea arnasteagatik. Donostiako alkateak adierazi du «ia ezinezkoa» izango dela pertsona haiek etxera itzultzea.

Sutea izandako eraikinaren argazkia. GORKA RUBIO / FOKU
Sutea izandako eraikinaren argazkia. GORKA RUBIO / FOKU
2026ko urriaren 13a
17:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo goizaldean, Donostiako San Markos kaleko lehenengo zenbakiko eraikin batean, sute bat piztu zen eta eraikinaren zati bat kiskali zuen. Sutearen ondorioz, bederatzi lagun etxetik atera zituzten, eta haietako bat ospitalera eraman behar izan zuten, kea arnastu zuela-eta. Gaur goizean egindako prentsaurreko batean, Donostiako alkate Jon Insaustik, besteak beste, eraikinaren egoeraren inguruan hitz egin du; izan ere, informatu du «agian» osorik eraitsi beharko dutela erretako eraikina, eta aurreikusten dutela «ia ezinezkoa» izango dela kaltetutako pertsonak etxera itzultzea. Insaustik esan du udaleko arkitektuek etxebizitzaren egoera azertuko dutela. 

Insaustiren arabera, suteak kaltetutako bederatzi pertsonak Donostiako Olarain egoitzan daude. «Alternatiba bat eskaintzen zaien heinean» bertan egongo direla esan du alkateak, eta Olarainen dauden familiekin «etengabeko harremana» izan duela Donostiako Udalak. «Hasieratik baliabideak eta alternatibak eskaini dizkiegu familia guztiei», adierazi du. Insaustik dio banan-banan hitz egingo dutela kaltetutakoekin, pertsona bakoitzaren errealitatea «desberdina» delako. 

Donostiako eraikinean piztutako sutea «disgustu handia» izan dela nabarmendu du alkateak. Oraindik ez dakite zerk eragin zuen sutea, baina hori ikertzen ari dira. Asteburuan beste sute bat izan zen Donostian; zehazki, Ategorrieta auzoko etxebizitza batean. Sute horren kasuan argitu dute korrika egiteko zinta batek eragin zuela sua. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA