Aurtengo Joxe Mari Auzmendi beka eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak

Hernaniko Udalak eta Hik Hasik antolatzen dute, eta azaldu dute aurkeztutako lanek ez dituztela behar beste islatzen bekaren oinarrietan aipatzen diren helburuak.

Joxe Mari Auzmendi bekaren aurkezpena, urriaren 20an, Hernanin. HIK HASI
Joxe Mari Auzmendi bekaren aurkezpena, urriaren 20an, Hernanin. HIK HASI
Miren Mujika Telleria.
Hernani
2026ko urtarrilaren 28a
12:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hernaniko Udalak eta Hik Hasik antolatzen duten Joxe Mari Auzmendi beka eman gabe uztea erabaki du aurten epaimahaiak, aurkeztutako lanek ez dituztelako behar beste islatzen bekaren oinarrietan aipatzen diren helburuak eta balioak. Hortaz, antolatzaileek jakinarazi dute 2027ko urtarrilean egingo dutela hurrengo deialdia. 12.000 euroko beka bat da.

Hernaniko Udalak eta Hik Hasik urrian aurkeztu zuten bekaren hirugarren aldia, Hernanin (Gipuzkoa), eta azaldu zuten programak hobekuntza pedagogikoari eta ikerketari erreparatu asmo diela. Izan ere, nahi dute aurkezten diren proiektuak lagungarri izatea ikastetxeetan hobekuntzak eta eraldaketa pedagogikoak egiteko. «Horretarako, ikerketa bat egitea eta horren ostean materialen bat eskaintzea hobetsiko da», esan zuten. Euskal Herrian «hezkuntza hobekuntzan» dabiltzan ikerlarientzat, ikerketa taldeentzat, pedagogoentzat, hezitzaile taldeentzat eta unibertsitateentzat da beka.

Iazkoa praktika filosofikoen Jakinmin elkarteak jaso zuen, Elkarrizketa argudiatu kooperatiboa: hezkuntza komunitatean hausnarketa, bizikidetza eta erabaki prozesu parte-hartzaileak sustatzeko metodologia proiektuari esker, eta amaitu berri dute. Ikasleengan eragin nahi dute lan horren bitartez: ikasleen hausnarketarako gaitasuna, elkarbizitza eta erabaki prozesuetako parte hartzea sustatzea da asmoa. Irakasleengan ere eragin asmo dute, halaber: hausnarketa pedagogikoak eta kalitatezko erabakitze prozesu parte hartzaileak sustatzea lortu nahi dute. Udazkenean Euskal Herriko ikastetxe guztien eskura jarriko diren lau gida praktikoren bidez mamitu dute lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.