Jose Luis Mondragon eta Roque Mendez 1974ko maiatzaren 20an hil zituzten, Hondarribiko Asturiaga hondartzan. Hendaiatik (Lapurdi) Hondarribira zihoazen, itsasontziz, eta, lehorreratzen ari zirela, poliziek tiroz hil zituzten. 51 urte geroago, Hondarribiko Udalaren enkarguz, Aranzadi Zientzia Elkarteak gertatutakoaren ikerketa bat egin du, eta Hondarribian aurkeztu, Javi Buces historialariarekin eta Eneko Etxeberria EHUko irakaslearekin batera. Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren txostenak dio «bi aldeen arteko borroka bat» izan zela gertaera hura, eta, hortaz, poliziek tiro egin behar izan zuela. Baina biktimen familientzat bertsio hori ez da inoiz sinesgarria izan. Aranzadi elkarteak esan du bere ikerketak frogatu duela Mondragon eta Mendezen heriotza «hilketa» izan zela. «50 urte pasatu dira, eta hau zen hura ikertzeko garaia, oraindik bizirik daudenen testigantzak jaso ahal izan ditugulako».
Buces historialariak azaldu du ikerketak bi zati dituela: historikoa eta juridikoa. «Dokumentazio historikoaren bidez lortu dugu jakitea zer gertatu zen. Gainera, zati juridikoa giza eskubideen urraketetan oinarritu dugu. Kontua ez da soilik hilketan zer eskubide urratu ziren, baizik eta familiak orain arte zer tratu jaso duen». Orain urte batzuk, Mendez sendiak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion eskubideen urraketen biktima gisa aitor zezala Roque Mendez. Lortu zuen, eta Jaurlaritzak biktimatzat du Mendez, baina Espainiako Gobernuak, ez. «Ikerketaren harira, Mondragon familiak ere bere sendia biktimatzat hartzeko tramiteak hasi ditu».
«Frankismo garaian, biktimak terroristak zirela baieztatzeko egiten ziren normalki txosten polizialak, eta ez gertatutakoa argitzeko, eta are gutxiago kondenak ezartzeko»
JAVI BUCESHistorialaria
Bertsio ofizialean, Poliziak azaldu zuen Mendez eta Mondragon «terroristak» zirela, eta Ipar Euskal Herritik Hondarribira «bahiketa bat» egitera iritsi zirela. «Badakigu bi biktimak ordurako ez zirela ETAko militanteak, baina zehazki ez dakigu Ipar Euskal Herrian zertan ari ziren», esan du Bucesek. «Dena dela, frankismo garaian Poliziari komeni zitzaion esatea hil zituztenak etakideak zirela».
Etxeberriak ere uste du ikerketak egiaztatu duela hilketak izan direla. «Duela bi urte, Mendezen gorputza desobiratu egin zuten, eta han ikusi zuten tiroa distantzia hurbiletik egin zela. Bere garaian ez zen autopsiarik egin; tiroak kontatu baino ez zuten egin».
Beste pertsona bat
Lapurditik Hondarribirako itsasontzian Mendez eta Mondragon ez zeuden bakarrik, «beste pertsona bat» baitzen haiekin, Etxeberriak adierazi duenez. «Poliziak esan zuen beste terrorista batek ihes egin zuela, menditik. Baina gero jakin zen beste hura infiltratu bat zela, iparraldean jarduten zuen infiltratu bat». Jose Luis Arrondo Cocoliso zen kide hura, Erandion (Bizkaia) jaiotako eskuin muturreko militantea. «Segada bat izan zen, beraz; prestatutako zerbait».
Historialariari iruditzen zaio frankismo garaian Guardia Zibilak «inpunitate osoz» jokatzen zuela. «Kontraesan asko izan ziren poliziek egindako deklarazioetan. Ikerketa txiki bat egin zuten, eta hala, kasua itxi. Frankismo garaian, biktimak terroristak zirela baieztatzeko egiten ziren normalki txosten polizialak, eta ez gertatutakoa argitzeko, eta are gutxiago kondenak ezartzeko». Mendez eta Mondragon hil zituzten poliziei ez zieten zigorrik ezarri.

Bucesek dio ez dela batere erraza izaten sasoi hartako kasuen ikerketak egitea eta dokumentazioa lortzea. «Guardia Zibila kasuan inplikatuta badago, kasua militarra izaten da, eta hori oztopo bat da. Gaur egun ere trabak jartzen dizkigute. Askotan, errazagoa izaten da gerraosteko kasuak ikertzea, frankismokoak baino». Bi ikertzaileak biktimen senideekin eta lagunekin bildu ziren, elkarrizketak egin eta txostena osatzeko.
Hondarribiko Udalak artxiboan gorde du ikerketa. «Udalak azterketaren kopia bat bidali die biktimen senideei, baita Arrasateko eta Santurtziko [Bizkaia] udalei ere, hangoak baitziren Mondragon eta Mendez, hurrenez hurren».
Bucesek jakinarazi du mahai gainean dutela ikerketaren harira liburuxka bat argitaratzeko ideia. «Frankismo garaiko ikerketek polemika sor dezakete. Terrorista hitza agertzen denean, zenbait alderdi politiko ez dira gure ikerketarekin ados egoten, nahiz eta diktadura garaiko ikerketak izan. Beraz, ez dakit zer etorkizun izango duen guk egindakoak».
Pasaiako sarraskia
Antzeko zerbait gertatu zen Pasaian 1984ko martxoaren 22an. Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen badian: Dionisio Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas. Bucesek adierazi du Pasaiako gertakaria ezagunagoa dela Asturiagakoa baino, eta uste du haien familiek egindako lanagatik dela hala. «Pasaiako kasuan familia ugari mugitu izan dira, eta asko zabaldu dute jazotakoa. Gainera, aldi hartan torturak ere izan ziren, eta demokrazia garaian izan zen».

Bucesek dio «egia lortzea» dela garrantzitsuena. «Asturiagan gertatutakoa baieztatu diegu orain familiei, eta hori oso garrantzitsua da guretzat. Uste dut Aranzadin egia lortzea dela helburu garrantzitsuena, eta horrek ase egiten gaitu».