Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Naturklima klima aldaketaren aurkako fundazioak Batera Labs sortu dute, «herritarrekin batera klima aldaketaren erronkei heltzeko foroa». Proiektua martxoan abiatuko dute, Bidasoa eskualdean, eta pixkanaka hedatuko dute beste eskualde batzuetara —Donostialdea, Oiartzualdea, Buruntzaldea, Tolosaldea, Goierri, Urola Garaia, Urola Erdialdea, Urola Kosta, Debabarrena eta Debagoiena—. Helburua da «ekintza klimatikoa prozesu kolektibo, hurbil eta parte hartzaile» bihurtzea, «herritarrak klima aldaketaren ondorioei tokian tokikotik aurre egiteko irtenbideen definizioaren erdigunean kokatuz».
Atzo egin zuten egitasmoa aurkezteko agerraldia, eta bertan izan zen Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun Departamentuko foru diputatua, bai eta Gipuzkoako 88 udalerrietako hainbat alkate eta ordezkari eta eskualdeko 11 garapen agentzietako ordezkariak ere. Diputatuak azaldu zuen Batera Labs «klimaren aldeko herritarren partaidetzarako benetako foroa» dela, «topaketarako, deliberaziorako eta ikaskuntza partekaturako» gune bat, «lurraldeko udalekin, eskualdeko garapen agentziekin, eragile ekonomikoekin eta herritarrekin elkarlanean» landu nahi dutena. «Trantsizio ekologikoak arrakasta izan dezan, ezinbestekoa da guztion artean eraikitzea, tokian tokikotik, herritarrei entzunez eta askotariko errealitateei erantzunez». Asensiok dio Gipuzkoa «lurralde plurala» dela, eta eskualde bakoitzak bere erronkak dituela. «Batera Labsi esker, irtenbide egokituak, bidezkoak eta eraginkorrak defini ditzakegu, pertsonak erdigunean jarriz eta klima aldaketari begira erantzukidetasuna indartuz».
Diputatuaren hitzetan, proiektua «funtsezko premisa batetik» abiatu dute: klima aldaketaren inpaktuek ez diotela modu berean eragiten lurralde osoari. «Gipuzkoako orografia, gizarte eta ekonomia aniztasunak tokiko errealitate bakoitzera egokitutako erantzun desberdinak eskatzen ditu». Uholdeek, bero boladek, itsasertzeko abisu meteorologikoek edo osasunaren, ekosistemen eta ekoizpen sektoreen gaineko inpaktuek, kasu baterako, eskualde bakoitzerako «berariazko konponbideak» eskatzen dituzte. Hain zuzen ere, tokian tokiko arazo zehatzak identifikatuko ditu Batera Labsek, «jarduketak lehenesteko» eta «ingurune bakoitzera egokitutako proposamenak egiteko».
Lan prozesua
Bi saio izango ditu lan prozesuak: diagnostiko parte-hartzailea egingo dute aurrena, eta prozesua abiaraziko dute hala. Eta bigarren saioan, eztabaida kolektiboa, proposamenen formulazioa eta ekintza jakin batzuen lehenespena landuko dituzte. Are, «postontzi fisiko ibiltari bat» ere prestatuko dute, «material birziklatu eta jasangarriekin» egindakoa. «Hainbat udalerritan zehar ibiliko da postontzia, herritarren parte hartze zuzena errazteko», esan du Asensiok. Lan prozesuak plataforma digital bat ere izango du, lanen jarraipen irekia egiteko eta online ekarpenak jasotzeko, eta, hala, «parte hartzeko aukerak zabaltzeko».